Aranzadik Irulegiko indusketa arkeologikoa martxan jarri du

Arkeologia / Arkeologia indusketa

Astelehena, 2023eko ekainaren 19a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Irulegiko (Aranguren, Nafarroa) Burdin Aroko herrixkako indusketa arkeologikoak, Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzenduak, uda osoan zehar burutuko dira. Helburu nagusia eraikin oso bat induskatu eta Irulegiren eskua agertu zen herriaren okupazio-faseen ikerketan sakontzea da.

Irulegiko Eskua aurkitzea mugarria izan zen Euskal Herriko arkeologian, eta aparteko aurkikuntza euskararen jatorriaz gehiago jakiteko. Baina Irulegiko Burdin Aroko herrixkaren garrantzi arkeologikoa haratago doa, eta hura industen jarraitzea funtsezkoa da duela 2.000 urteko baskoien gizartea hobeto ulertzeko.

Irulegiko Eskua bezalako piezak aurkitzeko eta herrixka hobeto ikertzeko helburuarekin, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo-talde bat aztarnategia industen hasi da beste urtebetez. Aranzadiko taldea irailaren 17ra arte arituko da lanean, asteazkenetik igandera, eta ia 100 boluntario arituko dira lanean, sei txandatan banatuta. Ikerketa proiektu honek Aranguren Ibarreko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza du.

“2023ko kanpaina honen helburu nagusia Irulegiko herrixkaren okupazio-faseak hobeto ezagutzea da; izan ere, badakigu Burdin Aroan gutxienez kronologia desberdinetako hiru herri gainjarriak daudela” esan du Mattin Aiestaranek, ikerketa zuzentzen duen Aranzadiko arkeologoak. Aiestaranen taldeak hirugarren etxebizitza irekiko du aurten, aurreko kanpainetan hondeatutako beste bien frentean dagoena.

“Aztarnategiaren eremu horretan jarraitzeaz gain, aztarnategiak hartzen dituen 14 hektareetan hainbat puntutan ere egingo ditugu laginketak edo zundaketa arkeologikoak. Zundaketa horiek egingo ditugu, besteak beste, 1. eta 2. guneen artean egon daitezkeen lubaki edo etxebizitza aterrazatuetan; 2. gunean daude erretako eraikin isolatuetan; eta 3. gunean laginketa egiten jarraituko dugu, non zeramikazko ezohiko biltegi bat atera den.

Udalak Irulegi mendiko aparkaleku eta ibilbide seinaleztatuak sortu ditu

Turismo jasangarria sustatzeko eta Irulegi mendiaren ondarea errespetuz gozatzeko, Aranguren Ibarreko Udala zenbait jarduketa egiten ari da bidexkak eta mendiko sarbideak egokitzeko. Alde batetik, Ilundainen 200 kotxe sartzeko lekua duen aparkaleku baten obra amaitzen ari da, bisitak era ordenatuan egin ahal izateko. Bestetik, Irulegi mendiaren oinezko ibilbideak berritzeko lanak egiten ari dira. Toki horretako ondareari buruzko gezi eta informazio-panelen bidez behar bezala seinaleztatuko dira. Lan horiek guztiak uztailean zehar amaituko dira.

“Arangurengo Udalak badaki Irulegik sortzen duen interesa handia dela; beraz beharrezkoa da bisitari-kopurua modu ordenatuan eta jasangarrian kudeatzea, Ibarreko ingurumena eta kultura-ondarea aintzat hartuta”, dio Manolo Romero Arangurengo alkateak. “Gogora dezagun apirilean Nafarroako Gobernuak Irulegi Multzoa Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuela, eta Udalak bere gain hartzen du aparteko ondare hau babestu eta zaintzeko konpromisoa” azpimarratu du Romerok.

Gainera, Arangurengo Udala hainbat gela birmoldatu eta egokitzeko lanak egiten ari da Gongorako Zarra jauregian, udalerriko kultur eta natur ondarea interpretatzeko zentro bihurtzeko. Udaran zehar, jauregiak Aranzadiko arkeologo-taldea hartuko du, eta indusketa arkeologikoko materialak prozesatzeko laborategi gisa erabiliko du, besteak beste.

Aranzadik mezenasgo kanpaina martxan jarri du bere arkeologo gazteak babesteko

Aranzadi Zientzia Elkarteak mikromezenasgo kanpaina jarri du abian, baliabide ekonomiko gehiago lortzeko eta ikertzaile gazteek Antzinaroko arkeologian egiten duten lana bultzatzeko. Gaur egun, profesional horiek udan bakarrik aktiba ditzakete beraien indusketak Zaldua, Irulegi, Artzi edo Donazaharreko aztarnategietan. Baina baliabide berriekin, arkeologo gazteen lantaldeak handitu litezke, gure Antzinaroko ikerketa-lanetan aurrera egin dezaten.

Ekarpen ekonomiko baten truke, Aranzadik bisita gidatuak eskainiko ditu bere arkeologia-taldearen eskutik, bai Irulegi mendira, bai ondare-interesa duten beste aztarnategi batzuetara. Horretarako, web orri bat prestatu du Elkartea babestu nahi duten pertsona guztientzat: https://www.aranzadi.eus/eu/arkeologia-babestu . Ekarpen horiek Antzinaroa ikertzen diharduten arkeologo gazteak laguntzeko erabiliko dira oso-osorik.