Aranzadi Zientzia Elkarteak Karlistaden garaiko hobi komun bat topatu du Begoñako hilerrian
Antropologia / Hileta arkeologia, desobiratzeak
Ostirala, 2022eko otsailaren 18a — CEST
Irakurketa: 5 minutu
‘Begoñako Argia’ proiektua, Aranzadi Zientzia Elkarteak darama, Bilboko Udalak diruz lagunduta, eta iragan urrian jarri zen abian. Harrezkeroztik, Aranzadi elkartearen taldeak eta Begoñako hilerrian finkatutako praktikaldietako campusean parte hartzen ari diren ikasle gazteek 1.500 pertsona baino gehiagoren gorpuzkiak desobiratu dituzte.
Joan den astean, ‘Santa Teresa A’ izeneko gunean desobiratze lanetan ari zirela (gune horretan, 1935eko eta 1937ko hezurdurak ari ziren ateratzen lurpetik), lehenengo ehorzte-mailaren petik, bigarren ehorzte-maila bat aurkitu dute, lehenagoko garai batekoa. Zehazki, orpoz gorako jarreran agertu den gizabanako baten gorpuzkiak aurkitu dituzte (hau da, ahuspez), gainerako gorpuzki guztien kontrako noranzkoan, eta ondorioztatu dute ez dagokiola ohiko ehorzketa bati.
Gainera, hezurdura horretan, botoi batzuk aurkitu dira, Karlistadetako armada liberal edo gobernuzalearenak izan daitezkeenak. Haietako batean, ‘Chinchilla’ idazkuna irakur daiteke, eta koroaren eta lirio lorearen irudiak dauzka.
Indusketa-lanetan aurrera eginda, lehenengo gorpu horretatik hurbil, beste gizabanako batzuen gorpuzkiak agertu dira, osteko ehorzketa batzuek etenda, eta multzoan ehortzirik, ez banaka, eta jarrera desberdinetan, eta seinalea izan liteke hobi komun bat dela.
Horrez gain, botoi gehiago ere aurkitu dira –– haietako bik infanteriako 17. zenbakia daramate, eta beste batzuek irakurri ezin diren idazkunak dauzkate–, eta baita txanponak ere, egoera txarrean.
Hobia nola desobiratzen den ikuskatzeko, Paco Etxebarria eta Lourdes Herrasti osteoarkeologoa izan dira gaur goizean Begoñako Hilerrian. Haiekin batera izan dira Juantxo Agirre, Aranzadi elkartearen idazkari nagusia, eta Anartz Ormaza eta Carmen Coch, ‘Begoñako Argia’ proiektuaren arduradunak, eta baita ere Asier Abaunza, Bilboko Udalaren Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzia.
KARLISTADAK BILBON ETA BEGOÑAN
Bilbo garrantzi handiko gunea izan zen Karlistadetan, eta baita Begoña ere, uriak pairatu zituen setiamendu eta oldarraldietan leku estrategiko batean zegoelako.
Lehenengo Karlistadan, eta abantaila estrategiko hori zela eta, Begoña hautatu zuen Zumalakarregik artilleria-bateria bat kokatzeko Bilboko setioaldian, eta lehentasunezko xede bihurtu zen horregatik. Orduz geroztik, karlistek eta liberalek okupatu izan zuten Begoña hurrenez hurren, eta santutegia gotorleku bihurtu, eta, hori zela kausa, bonbardatze etengabeen xede bilakatu zen.
Are lau alditan ere inguratua izan zen uria, 1835etik 1874ra bitartean, gerra horietan. Azken setiamenduak 125 egun iraun zuen, 1873aren amaieratik 1874ko maiatzera–, eta Begoñak berebiziko garrantzia izan zuen.
GARAI HARTAKO LURPERATZEAK, ARTXIBOEN ETA KRONOLOGIEN ARABERA
Jasota dago agirietan nola Begoñako hilerrian lehenengo karlistadatik izan ziren lurperatzeak. 1836an, esate baterako, badakigu 168 pertsona lurperatu zituztela, guztiak batailoi karlistakoak.
Artxiboetan, halaber, kolera izurrite baten ondoriozko hobia aipatzen da, 1894koa, eta 43 lagun lurperatu zituztela han.
Egungo hilerriaren lursailak 1862an erosi ziren, baina salerosketa-agirietan aipatzen da "baratze santu" batekin egiten zutela muga. Litekeena da horrek esan nahi izatea lehenago ere egiten zirela ehorzketak han inguruan, nahiz eta ez egon hilerri ofizial moduan eratuta.
Geroago, hilerria hainbat aldiz handitu izan zen, banan banako ehorzketak egiteko, ehorzketen eskaria zela-eta. Eta, badakigu 1924an lursail batzuk bedeinkatu zirela ehorzketak egiteko.
Joan den astean induskatutako hobia dagoen lekua, ondorioz, hilerria geroago handitu zeneko gune batean dago, eta, beraz, litekeena da garai hartan harresietatik kanpora egotea, hilerriaren jatorrizko harresiaz beste aldera (baina harresitik oso gertu).
Une honetan, induskatze lanak ari dira egiten leku horretan, eta espero izatekoa da froga gehiago aurkitzea. Oraingoz, beraz, ikerketa aurrera doa, bai lekuan bertan, bai artxiboetan, eta hipotesiak itxi gabe daude oraindik.
Aurkitutako materialak eta gorpuzkiak, analizatutakoan, Bizkaiko Arkeologia Museoan gordeko dira (Bilbon), Zazpi Kaleetan , Begoñako hilerritik bertatik gertu.
‘BEGOÑAKO ARGIA’
‘Begoñako Argia’ memoria historikoaren arloko ikerkuntzako, zabalkuntzako eta formazio zientifikoko proiektu bat da, Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatua eta Bilboko Udalak diruz lagundua.
Haren barruan, unibertsitate-praktiketako campus bat antolatu da, historiaren, ondarearen eta antropologiaren arloko ikerketaren ingurukoa; proiektuan, zenbait unibertsitate-zentro eta entitate zientifiko integratu dira, batez ere Bilbon eta inguruetan kokatutako unibertsitateak (besteak beste Euskal Herriko Unibertsitatea, UNED...), eta baita Estatuko beste leku batzuetakoak ere (Granadako Unibertsitatea, Madrilgo Complutense Unibertsitatea, Santiago de Compostelako Unibertsitatea....).
Indusketa/desobiratze prozesuan sartzen dira:
- Indusketa mekanikoa edo eskuzkoa eta hezur-hondarren dokumentazio arkeologikoa (aire zabalean).
- Hondakin materialak garbitzea, analizatzea, sailkatzea eta tratatzea.
Eta, hori guztia, berreskuratzeko, ikertzeko eta zabalkunde zientifikoa egiteko prozesu baten barruan, betiere leku horri eta Bilboko memoria historikoari zor zaien sentsibilitate sozialarekiko begirunez.
Dibulgazio-bokazio argia duen proiektua da. Hori dela eta, bisita gidatu horiez gain, Bidebarrietako Liburutegian hitzaldi sail bat egiten ari dira, ospe handiko ikertzaile, arkeologo eta auzitegi-medikuen eskutik, jendeari irekita (memoria eta giza eskubideak, genero-ikuspegia errepresioan…), prozesuan hain beharrezkoa den dibulgazio zientifikoa ziurtatuz.