Scientist Stories
Aranzadiko emakumeak: Lourdes Herrasti, gizartearekin konprometitua
Lourdes Herrasti 80ko hamarkadan hasi zen Aranzadiko historiaurreko sailak antolatzen zituen indusketetan parte hartzen. Erralla izan zen bere lehen indusketa.
Urte horietan, pertsona talde bat elkartu zen sailean, eta egiten ziren jarduerak dibertsifikatzen hasi ziren, beste indusketa eta lan-ildo batzuk irekiz. Taldetxo horretan emakumeak bazeuden ere, ilusio handiarekin denak, gutxik lortu dute arkeologo lanetan aritzea.
Antropologia fisikoaren arloan lanean jarraitu zuen, indusketa arkeologikoetan aurkitutako aztarnen azterketa antropologikoa egiten, eta antropologia fisikoko saila bultzatu zuen, hainbat lan-ildo abian jarrita.
Gaur egun, Aranzaditik kanpo gehien ezagutzen den jarduera memoria historikoaren azterketaren barruan egiten dena da. Hobi komunen desobiratze prozesuetan eta aurkitutako aztarnen azterketan esku hartu du, Memoria Historikoaren hainbat elkarteren lankidetzaz. Ez da lan erraza eta karga emozional handia du.
Lan-ildo horretan, hutsune handia dago emakumeek une hunkigarri horietan jokatutako paperari balioa emateko orduan. Horretan ere lan asko dago egiteko.
Bere jardueraren zati garrantzitsu bat dibulgazioa da: informazio-hitzaldiak, argitalpenak, eskatzen duten eskolekin lan egitea eta datu-base ireki bat sortzea desobiratze lanetan sortutako informazio guztia jasotzeko.
Koordinazio lan handia, baina zertan lan egiten duen galdetzen zaionean bere erantzuna bestelakoa da: irakaskuntza ertainetako irakaslea.