Aranzadik ustezko gudari baten gorputza aurkitu du Mendatan

Antropologia

Osteguna, 2015eko abuztuaren 27a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Aranzadi Zientzia Elkartea Mendatako Marmiz auzoan Gerra Zibilean hildako gudarien gorpuzkiak lurretik ateratzeko prospekzioa egiten ari da. Testuinguru honetan, Paco Etxeberriak zuzendutako lantaldeak pertsona baten aztarnak aurkitu ditu, seguruenikke Otxandioko batailoian aritu zen Zornotzako Pedro Uriguen Perearenak hain zuzen ere.

goizeko lehen orduan abiarazi zituzten atzo indusketa-lanak, hainbat hezur atera zituztelarik, hala nola garezurra eta femur bat. Uriguenen senideen eta inguruko baserrietako bizilagunen testigantzen arabera, 1936an hildako gudari horrenak izan daitezke. Gaur bertan aterako dituzte gorpuzkin horiek Urigueren familiakoen aurrean, baina azterketaren ostean jakingo dute zehazki gorpu honen identitatea.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando hezurrak aurkitu zituzten bezain pronto bertaratu zen hara. «Emozio handiko momentua da, inguru honetan eta beste batzuetan egiten ari diren lanen helburua familiei garai batean kendu zizkieten eskubideen zati bat itzultzea baita» zioen.

Memoria eta giza eskubideak defendatzen duen proiektu integrala

Duela zenbait hilabetetik, Karraderan taldea eta Larrabetzuko Udala, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin elkarlanean, Gerra Zibilean desagertu ziren gudarien gorpuzkiak aurkitzeko lanetan ari da. Azken egunetan, hainbat hilobi aurkitu dituzte Burdinazko Gerrikoko defentsa-egiturekin lotuta.

Larrabetzu Burdinazko Gerrikoko defentsa-egitura horien balioa nabarmentzeko proiektua gauzatzen ari da, horiek garbitu eta bisitatzeko ibilbideak prestatuz. Lan horien ondorioz gerra zibileko gorpuzkiak dituzten bi ehorzketa-toki agerian utzi dituzte, eta laster aztertuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren protokoloari jarraiki horiek lurpetik atera ondoren.

Aipatutako proiektuak, halaber, ahozko lekukotzak bildu ez ezik, dokumentazio historikoa ere bilatuko du oroimen zabala osatu eta, horri esker, XX. mendeko historiaren zati garrantzitsua diren ondare-balioko egitura horiek nabarmendu ahal izateko.

IKUSI BIDEOA (gaztelaniaz)

Iturria: Irekia