Areceseko gudariak omendu zituzten atzo Gipuzkoako Foru Aldundian
Asteartea, 2015eko otsailaren 24a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
1937an, Arecesko batailan (Asturias), frankismoaren kontra borrokatu ziren milizianoak eta gudariak aitortzeko ekitaldia egin zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Aranzadik. "78 urte igaro dira bataila hori gertatu zenetik, baina han Euskal Herriko askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatu zirenek ez dute inolako aitortzarik jaso. Orain da momentua, haiek eta haien senideek erakundeen eta gizartearen aitortza jasotzeko", esan zuen Martin Garitano diputatu nagusiak.
Arecesko batailan borrokatu ziren milizianoen eta gudarien senideak izan ziren atzoko ekitaldiaren protagonistak. 78 urteren ondoren, erakundeen eta gizartearen aitortza jaso dute, Arecesen frankismoaren kontra borrokatu ziren miliziano eta gudari haiek.
Martin Garitano diputatu nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak parte hartu zuten ekitaldian. Horiekin batera, senideak eta milizianoen eta gudarien idealak ordezkatzen dituzten alderdi politiko eta elkarteak ere izan ziren: EAJ, PSE, CNT, EPK, Eusko Lurra eta Candido Sasetaren elkartea, besteak beste.
1937ko otsailaren 21ean hasi eta 23a arte iraun zuen Arecesko batailak. Euskal Herritik Asturiasera joan ziren Eusko Gudarosteko kide asko, Candido Saseta buru zutela, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Espainiako Errepublikako Gobernuarekin elkarlanean, frankismoaren kontra borrokatzera. Bataila horretan sarraski handia egin zuten frankistek eta, Sasetarekin batera, 200 bat gudari eta miliziano Areces herrian hil ziren.
"Gerra amaitu ondoren, frankismoaren diktaduran ez zuten inolako pausorik eman han gertatutakoa argitzeko. Ia 40 urte iraun zuen diktaduran isiltasuna izan zen nagusi eta errepublikarren, galtzaileen, historia erabat estali zuten ofizialki. Ondoren etorri zen trantsizioan ere, Gobernuek ez dute aurrerapauso handirik eman", gogorarazi zuen Marina Bidasoro Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren foru zuzendariak.
Ez zegoen garbi gorpuzkin horiekin zer egin zuten. Batzuk Gernikako eta Derioko kanposantuetara eraman zituzten, baina Arecesen bertan 80 eta 100 arteko gorpuzkin egon zitezkeen hipotesiak ere zabaldu ziren.
2008an, Arecesko biztanleen testigantzak lagunduta, Candido Sasetaren gorpuzkinak aurkitu zituzten. Beste milizianoenak eta gudarienak ere han zeuden argitzeko ikerketa bat abiatu zuten Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012an. "Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu genuen eta Aranzadiren esku utzi genuen Arecesko bataila ikertzea eta dokumentatzea, borrokan hil ziren milizianoekin eta gudariekin zer gertatu zen argitzeko", azaldu zuen Bidasorok.
Bi urteko lanen eta zonaldean indusketak egin ondoren, ez da hobi komunik aurkitu. Gertaera, ostera, dokumentatu da, testigantzak jaso dira eta orain informazio gehiago dute senideek han gertatutakoari buruz. "Ezin da amaiera izan, egia osoa ez baita azaldu, baina gaur eskaini nahi diegu senitartekoei gudari eta miliziano haien borrokaren aitortza", erantsi zuen Bidasorok.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak berretsi zuenez, "omenaldi xume honekin zor historiko bat leundu nahi dugu. Askatasuna, errepublika edota Euskal Herria defendatzeagatik bataila gogorrenetako batean bizia eman zuten miliziano eta gudariak omendu nahi ditugu".
Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu duten ikerketa horren emaitza liburu batean eta dokumental batean jaso dute eta horixe eman zieten atzo milizianoen eta gudarien senideei.