Arrasateko lehen biztanleen bila

Arkeologia

Osteguna, 2017eko irailaren 14a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Arrasate Zientzia Elkarteak zuzendutako ikerlan arkeologikoaren helburu nagusia Arrasateko Erdi Aroko biztanleen giza hondakinak eskuratzea da, ondoren, metodologia aurreratuen bidez aztertu eta ehorzteen inguruko testuinguruak aztertzeko.

Datozen asteetan, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta antropologo talde bat parrokiaren inguruan indusketa-lanak egiten arituko da proiektuaren ikerketan lagun dezaketen hondakinak eta datuak eskuratzeko.

Zundaketa arkeologikoaren testuingurua

Zundaketa arkeologikoa San Joan Bataiatzailearen parrokia-elizaren inguruan egingo da. 1318. urtekoa da hari buruzko lehen aipu idatzia eta hiribilduan 1448an izandako suteak ondorioak utzi zizkion. Ondoren, orain ezagutzen dugun moduan berreraiki zuten. Kokalekua 1520 eta 1540 urteen artean eraikitako kanpandorrea, orain duguna, dagoen orubean dago. Tenpluaren barnealdea zein inguruak okupatuak izan ziren eta hilerri gisa erabili zituzten zenbait mendetan, harik eta 1811n, Aldaira eraman zuten arte.

XIX. mendean, tenpluaren inguruko zoladura galtzada-harrizkoa zen eta XX. mendearen hasieran asfaltoz estali zuten. Bi zolak 1991n kendu zituzten.

1991n sakoneko eraberritzea egin zioten elizari, bai kanpotik, bai barrutik, eta hortik dator gaur egungo itxura. Aipatutako lan horietan, gainazaleko hezur-hondakin ugari atera zituzten, baina kanpandorrearen azpiko eremuan hobiratzeak azaldu ziren: harrizko hilobi bat eta ostilamendu-hondakinak.