Auzoko baratza parkeko putzua egokitzeko lanak gauzatu dituzte Otxarkoagan

Herpetologia

Osteguna, 2018eko maiatzaren 17a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Honen harira, martxoaren 21eko goizean Otxarkoagako baratza parkean egindako putzuaren inguruan haritu ziren lanean Otxarkoagako eskola profesionaleko ikasleak. Putzu hau aurreko urtean sortu zen, baratza parkean aurkitzen zen eremu publiko txiki batez baliatuz. Putzuaren helburu nagusiena ingurune hiritartu batetako bioaniztasuna handitzea da, eta aldi berean, baratzeetako barazkiak jan ditzaketen intsektu eta ornogabeen aurrean modu naturalean defentsa bat izatea. Beraz aldi berean inguruko bioaniztasunak zein baratzeetako jabeek jasango dituzte onurak.

Ekintzaren eragile bultzatzaileak Aranzadi Zientzia Elkartea eta Espainiako Elkarte Herpetologikoa izan dira. Eragile laguntzaileak Bilboko Udala eta Otxarkoagako Formazio Zentroa izan dira, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren babesletzarekin.

Ekintzan 30 ikasle inguruk hartu zuten parte, haien irakasleen laguntzaz. Putzu inguruan landatzeko bertako landareak aukeratu ziren eta ur-inguruan bizitzeko arazorik ez duten landareak. Ur ondoan ihiak landatu ziren eta iparraldeko aldean sahatsak. Gainerakoan, ur hertzetik aldenduago erromeroak, labandak eta erramuak. Azkenik putzuak pareta handiena zuen aldean huntzak landatu ziren, denborarekin plastikoa estaltzeko asmoarekin. Guztira 90 bat zuhaitz, zuhaixka eta belar landatu dira.

Putzua lehenik kolonizatu duen espeziea, uhandre palmatua (Foto. Egoitz Alkorta)

Etorkizun hurbil batean Otxarkoagako putzuetan uhandre palmatu (dagoeneko ikusi dituzte), txantxiku arrunt, ur-igel arrunt eta baso-igel gorria topatzea espero da. Horrela anfibio hauek babeserako eta ugalketarako hezegune egoki bat izango dute, eta aldi berean, Otxarkoaga inguruko bioaniztasunari bultzada bat emango zaio. Inguruko baratzeetako jabeek ere igarriko dituzte onurak, anfibio hauek, beraien barazkiak jaten dituzten ornogabeak kontrolatuko baitituzte.