Axtrokiko Ontzien errepliken erakusketa bere 50. urteurrenean
Historiaurrea / Arkeologia indusketa
Asteartea, 2022eko ekainaren 28a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Axtrokiko Ontziak urrearen erabileraren testigantzarik apartekoenak dira Euskal Herrian.
Bi kopia zehatz daude, bata Aranzadi Zientzia Elkarteak zaintzen du, eta bestea Madrilgo Arkeologia Museo Nazionalaren eskumenekoa da.
Gaur arratsaldean “Axtroki. Urrearen Magia / La Magia del Oro” behin behineko erakusketa inauguratu da. Axtroki Ontzien bi kopia zehatz daude, eta erakusketan, Aranzadi Zientzia Elkarteak gordetakoa ikus daiteke. Eskoriatzan, aurkikuntzaren herrian, Ibarraundi museoan ikusi ahal izango diren lehen aldia da. Erakusketa hau San Pedro Jaietan inauguratuko da, aurten, bitxi honen aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatzen den honetan. Aurkezpenean izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia, Jose Ramon Zubizarreta herriko alkatea eta Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia, erakusketaren komisarioa.
Axtrokiko Ontziak urrearen erabileraren testigantzarik apartekoenak dira Euskal Herrian. Azken Brontze Aroaren eta Lehen Burdin Aroaren bitartean datatu izan dira, K.a. 800-500 inguruan. 1972ko abuztuaren 17an aurkitu ziren Axtrokiko haitzaren magalean, Eskoriatzako Eraña eta Bolibar auzoetatik gertu. Inongo testuinguru arkeologikorik gabe aurkitu zirela eta, hauen jatorria, dekorazioen esanahia eta funtzioa interpretazio eta hipotesi askoren abiapuntu izan dira. Dena dela, 1973. urtetik Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalaren eskumenean daude. Eskoriatzako Udalak kudeaketa ofizialak egin ditu Axtrokiko Ontziak berreskuratzeko eta Euskal Herrian erakutsi ahal izateko.
Horien aurkikuntzatik 50 urte bete diren honetan, Eskoriatzako Udalak Aranzadi Zientzia Elkarteak gordetzen dituen kalitate handiko erreplika batzuk erakutsiko ditu erakusketa honetan. Ekainaren 28tik uztailaren 1era, 18:00etan euskaraz eta 19:00etan gaztelaniaz izango dira. Uztaileko asteartetan ere ordu berdinetan egingo dira. Erakusketaren antolatzaileak Ibarraundi Museoa eta Eskoriatzako Udala dira, Aranzadi Zientzia Elkartearen komisariotzarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailen babesa jaso du erakusketak.
Aurkikuntza
Teodoro Martinez Ansorena auzokide eskoriatzarrak aurkitu zituen 1972ko abuztuaren 17an kasualitatez, Axtrokiko haitzaren magalean. Lur-jausi handi baten ondorioz metaturiko lurra erretiratzeko lanetan, ontziak bata bestearen barnean sartuta aurkitu ziren, inongo testuinguru arkeologikorik gabe.
Bolibar-Ugazuako parrokoa aurkikuntzaren garrantziaz ohartu zen eta Materiala purutasun handiko urrea zela egiaztatu ondoren, Irunera eraman zituen, bertako Xantalen ermitan indusketa arkeologikoak egiten ari zirela eta. Bertan zeuden Jaime Rodríguez Salís, Fermin Leizaola eta Ignacio Barandiaran ikertzaileen aurrean, egunkari paperean eta zapata kaxa batean bilduta zeramatzan piezak erakutsi zituen. Ikertzaileen harridura aho batekoa izan zen, eta haien garrantzia baieztatu zuten.
Jatorria
Tradizionalki, Axtrokiko Ontziak luxuzko baxera baten parte liratekeen ontzi edo edukiontzitzat jo izan dira; hipotesi honetatik datorkie deitura. Ondorengo ikerketetan, ordea, erritu ezezagunen batean erabilitako kasko edo burukoak izango liratekeela proposatu da.
Nolanahi ere, uste da ontzi horiek Europa erdialdekoak direla eta handik ekarri ahal izan zirela. Pieza hauekin antzekotasunak elkarbanatzen dituzten objektu arkeologiko ugari aurkitu dira. Hauetako bat, Avantoneko Urrezko Konoa (Vienne, Frantzia) dugu. Iberiar Penintsulan, haien forma, dekorazio eta kronologia dela eta, Rianxon aurkituriko Leiroko Kaskoarekin (Galizia) edota Villenako ontziekin (Alacant) alderatu izan dira.
Ontzien deskribapena
Esferaerdi itxuran eta urre laminatu nahiko puruz (%88) egindako piezak dira, barnealdetik mailukatutako bozeldura faltsu bidezko dekorazioa izanik. Apaindura hauek motibo geometrikoz osaturiko zerrenda horizontal eta zentrokideez osatuta daude: zirkuluez nahiz “C” edota “S” alderantzikatu itxurako ikurrez, esaterako. Ontziek grabatuta dituzten dekorazio geometriko hauek ikur gisa hartu izan dira, eguzkiaren, ilargiaren, izarren edota hegaztien irudikapenekin alderatuz. Dekorazioen kalitatea eta zehaztasuna ikusita, urregintza lantegi espezializatu batean eginiko piezak direla pentsa genezake, artisauak apaindurak modu antolatuan grabatzeko gaitasun handia zuela ondorioztatuz.