Artikulu tematikoa

Ba al dago orkidearik Euskal Herrian?

Botanikaren mundutik at bizi den edonorentzat, Euskal Herrian orkideak topatzea dagoenik ere pentsaezina izan daiteke.

Orkidea gehienak, eta sarrien ikusi ditugunak tropikoetan jatorria duten arren, gure lurraldean ere makina bat espezie dugu. Maiz, tamaina txikiko loreak dira eta oharkabean pasatzen dira. Hala ere, adi egonez gero beraien edertasunaz goza dezakegu. Oso familia anitza osatzen dute, bizi-ziklo konplexu eta forma eta eraldaketa askotariko loreekin. Hori dela eta, artikulu honetan orkideen berezitasun batzuk aletuko ditugu.

Orokortasunak

Orchidaceae familiak 20.000 espezie eta 750 genero inguru barneratzen ditu mundu osoan, eta hauetako 22 Euskal Herrian daude. Gure lurraldean topatuko ditugun espezie guztiak lurrean hazten dira eta tuberkuluak garatzen dituzte. Gehienak geofitoak dira, hau da, urteko garai luze bat igarotzen dute lurrazpian eta loraketa garaian baino ezin dira ikusi. Orkidea izena, grekerazko “orkhis” hitzetik dator, “barrabila” esan nahi du, eta espezie batzuen tuberkulo parearen eta arren genitalen arteko antzari egiten dio erreferentzia.

Orchis ustulata espeziearen ilustrazioa. Iturria: Wikimedia commons

Loreen morfologia eta atal nagusiak

Euskal Herriko orkideak tropikoetakoekin alderatuta itxura xumea duten arren, konplexutasun handiko loreak garatu dituzte. Orkideen loreak hermafroditak dira, hau da, lore berean organo sexual ar eta emeak aurkitzen dira.

Lore horien periantoa edo lore-bilgarria sei atalez osatuta dago, eta horiek ezagutzea oso garrantzitsua da genero eta espezieak identifikatzeko. Sei atal hauek 3 sepalo (kanpo egiturak) eta 3 petaloetan (barne egiturak) bereizten dira. Sepaloek, elkarren artean antza izaten dute. Batzuetan petaloekin batera kasko bat eratuz elkartzen dira.

Orchis generoko lore baten eskema egitura nagusiekin: sepaloak, labeloa, obulutegia eta ezproia

Petaloen kasuan, aldiz, bat beste biekiko oso bestelakoa da. Petalo berezi honek, labelo izena jasotzen du eta beste bien erdian kokatzen. Oro har, labeloa espezie bakoitzaren karakteristikoa da, beste atalek baino tamaina handiagoa izaten du eta batzuetan lobuluetan zatitzen da. Labeloak hamaika kolore eta formako apaingarriak izan ditzake: ileak, kilak, orbanak… Talde batzuetan gainera, nektarra biltzen duen egitura zilindriko batean amaitzen da, ezproi deiturikoa.

Ophrys generoko lore baten eskema egitura nagusiekin: sepaloak, petaloak, labeloa, obulutegia.

Espezie bakoitzak bere loraketa garaia du, baina Euskal Herrian oro har, apiriletik uztailera egoten dira ikusgai.

Orkideen bizi-zikloa

Polinizazioa

Orkideak orokorrean, intsektu bidez polinizatzen dira hauek loreen gainean pausatzen direnean. Ohikoenak, himenopteroak dira (erleak, liztorrak, erlasterra….), baina badira lepidoptero (tximeletak), koleoptero (kakalardoak) edo dipteroen (euliak) bidez polinizatzen diren loreak ere. Intsektuaren tamainak, ezaugarri anatomikoak eta jokaerak eragin handia izango du polinizazioaren arrakastan. Izan ere, arrakasta handitze aldera loreek moldapen ugari jasan dituzte: usaina izatea, nektarra jariatzea, labeloaren morfologia bereziak garatzea…

Beharbada, Euskal Herriko orkideen artean, Ophrys generoak garatu ditu eboluzio mekanismo konplexuenak. Izan ere, bere labeloak intsektuen itxura hartzen du, koloreen patroien, ileen eta bestelako konkorren konbinazioen bitartez. Gainera, talde honetako loreek feromonak askatzen dituztela behatu da, zehazki, intsektu emeek arrak erakartzeko erabiltzen dituztenak. Hori dela eta, intsektu arrak loreetan pausatzen dira, ez nutrizio helburuekin, baizik eta itxurazko eme bat ernaltzeko helburuarekin. Behin labeloan pausatuta, mugimendu kopulatzaileak egiten ditu eta ondorioz, polena itsasten zaio buruan edo toraxean. Modu honetan, espezie bereko beste lore bat bisitatzean, polena estigmarekin kontaktuan egongo da eta lorearen ernalketa gertatuko da.

Ophrys speculum espeziearen argazkia. Argazkia: Ana Garcia

Hala ere, badaude bestelako erakarpen mekanismoen eredu batzuk. Adibidez, Serapias generoaren sepaloek barrunbe bat osatzen dute, eta intsektuentzako babesleku bihurtzen da egun euritsuetan. Bisitari horiei esker loreak polinizatzen dira. Horiez gain, badaude polinizazioa burutzeko intsektuen beharrik ez duten orkideak ere, espezie autogamoak, hain zuzen ere. Hala ere, kontuan izan behar da mekanismo honek dibertsitate genetikoa mugatzen duela eta populazioen kontserbaziorako hainbat aleen arteko gurutzatzea ematea faboragarria dela.

Hazien hozidura eta landarearen garapena

Ernalketaren ostean, lore bakoitzak fruitu bat garatzen du milaka hazi txikiekin. Haziek, hain txikiak izanik, ez dute enbrioia garatzeko beharrezko elikagai-ehun nahikorik. Hori dela eta, haziak hozitzeko onddoen presentzia behar dute. Onddo horiek ez dira udazkenean basoan aurkitu eta jaten ditugunak, onddo mikroskopikoak baizik. Sortzen dituzten mikorrizak endotrofoak dira, hau da, onddoa tuberkuloen zeluletan barneratzen da, bertan haziko da eta orkidea onddoa digerituz elikatuko da.

Hori dela eta, onddoarekiko menpekotasuna ez da berdina izango orkidearen bizi-ziklo osoan. Erabat beharrezkoa izango da hozidura fasean, eta orkidea lurpean dagoenean, mantenugaiak lortzeko onddoaren beharra duelako (fase heterotrofoa). Aldiz, zati aereoa garatu eta fotosintesia burutzean, orkidea materia organikoa sintetizatzeko gia izango da, eta onddoen ekarpena asko murrizten da (fase autotrofoa). Loraketa eta fruktifikazioaren ostean, zati aereoa zimeltzen da, baina orkideak bizirik iraungo du lurpean erreserba organoen (tuberkulu, errizoma…) bitartez.

Hainbat urte behar dira mantenugaiak lortu eta orkideak lehenengo kimuak garatzeko. Lehenengo fase hauek oso motelak izaten dira eta espeziearen arabera oso aldakorrak, adibidez, orkidea batzuk loratzeko 10-15 urte inguru behar izaten dituzte.

Bestalde, kasu batzuetan onddoaren hazkuntza gehiegizkoa izaten da eta orkidea hil dezake. Baina orkideek badituzte mekanismoak hazkuntza horri aurre egiteko, zehazki, onddoaren garapena mugatzeko substantzia fungizidak. Espezieen arteko elkarrekintza hau sinbiosi bezala definitzea zaila da. Izan ere, orkideak bizi-ziklo guztian zehar onurak jasoko ditu, baina onddoak oso une mugatuetan eskuratuko ditu.

Ugalketa sexualaz gain (hazien garapena), orkideek beste landare askok bezala, badute ugaltzeko beste mekanismo bat, ugalketa begetatiboa. Tuberkuloak bikoizteko gai dira, eta horietatik ale berriak garatuko dira. Ale berriak, jatorrizkoaren klonak izan dira, genetikoki berdin-berdinak.

Orkideen bizi-zikloaren eskema: ezkerrean, landarearen atal nagusiak; erdian, ugalketa sexuala; eta, eskuinean, ugalketa asexuala. Iturria: “Guía de Orquídeas de Extremadura”. Proyecto Orquídea. Junta de Extremadura

Habitatak

Euskal Herriko eskualde klimatiko anitzei esker, oso eremu txikian orkidea espezie ugari topa ditzakegu. Espezie bakoitzak bere ingurumen-baldintza faboragarriak dituen arren, hauek dira orohar orkideak agertzen diren habitat nagusiak:

  • Orkidea nemoralak edo basoko orkideak: basoa habitat optimotzat duten orkideak gutxiengoa dira gure lurraldean. Gainera, hauetatik gehiengoa arraro edo oso arraro bezala sailkatzen da.
  • Komunitate belarkaretako orkideak: belardiak eta larreak, landu gabeko lurrak, sastrakadi edo baso soilguneak… Talderik ugariena osatzen dute, gure orkidea gehienak eremu irekietan hazten baitira. Esan beharra dago, halaber, substratua eta lurzoruaren ezaugarriak faktore garrantzitsuak direla.
  • Beti heze edo urpetutako lurretako orkideak: zohikaztegi, larre heze… edo antzerako habitatetan agertzen diren orkideak dira. Gaur egun, ez dira oso ohikoak, izan ere, habitat hauek degradazio edo/eta suntsipena pairatu dute azken urteetan. Behar bezala garatzeko habitat aproposik gabe, zohikaztegietako orkideoen ugaritasuna eta dibertsitatea murriztu egin da.
  • Mendietako orkideak: talde honetan aurretik aipatutako habitatak biltzen dira baina kasu honetan altitudearen faktorea gehitzen da. Goi-mendietako larre edo gune hezeetan aurkituko ditugun orkideak taldekatzen dira hemen.

Talde Nagusiak

Aurretik aipatu bezala, Euskal Herriko orkideak Orchidaceae familiaren barruan sailkatzen dira eta 22 generotan taldekatzen dira. Guztien xehetasunetan barneratzea ezinezkoa zaigunez, talde ohikoen ezaugarri batzuk aipatuko ditugu: Orchis, Ophrys, Dactylorhiza, Anacamptis eta Serapias

  • Orchis generoan, morfologia askotariko loreak aurkitzen dira. Oro har, labelo etzana dute eta trilobulatua (hiru zatitan egina). Loreek ezproia dute eta sepaloak nahiko bilduak izaten dira, kasko baten moduko egitura osatzen dute.

Orchis generoko lore baten eskema egitura nagusiekin: kaskoa, labeloa, obulutegia eta ezproia. / Orchis purpurea espeziearen argazkia. Argazkia: Mikel Etxeberria.

  • Dactylorhiza Loreak hainbat koloretakoak izan daitezke baina orokorrean motodunak izaten dira. Espezie batzuen hostoek ere orbanak dituzte. Loreek ezproia dute eta sepaloak irekiak izaten dira.

Dactylorhiza generoko lore baten eskema egitura nagusiekin: sepaloak, petaloak, labeloa, obulutegia eta ezproia. / Dactylorhiza sambucina espeziearen argazkia. Argazkia: Ana Garcia

  • Anacamptis generoak espezie bakarra du Euskal Herrian, Anacamptis pyramidalis hain zuzen ere. Bere izenak dioen bezala, infloreszentzia osoak piramide edo kono itxura du. Arrosa biziko loreak ditu, ezproia dute eta hauen labeloa ere trilobulatua da.

Anacampis pyramidalis espeziearen lore baten eskema egitura nagusiekin: sepaloak, petaloak, labeloa, obulutegia eta ezproia / Anacamptis pyramidalis espeziearen argazkia. Argazkia: Ramin Nakisa

  • Ophrys generoak espezie ugari biltzen ditu. Ale bakoitzak aurreko taldeek baino lore gutxiago eta handiagoak izaten ditu. Behera begira dagoen labelo mamitsua dute eta ez dute ezproirik. Sepaloak elkarren antza dute eta irekiak izaten dira. Genero honen ezaugarri nagusia, polinizazioa faboratzeko intsektuen antza duten loreak garatu dituztela da (ikus Polinizazioa atala).

Ophrys generoko lore baten eskema egitura nagusiekin: sepaloak, petaloak, labeloa, obulutegia eta ezproia / Ophrys lutea espeziearen argazkia. Argazkia: Ana Garcia

  • Serapias generoaren loreak erraz bereizten dira aurreko taldeetatik. Genero honen loreen labeloak mingain itxura du eta trilobulatua da. Labeloa “txapel” batek estaltzen du. Oro har, kolore gorri-granatea dute.

Serapias generoko lore baten eskema egitura nagusiekin: kaskoa, labeloa, obulutegia eta ezproia. / Serapias lingua espeziearen argazkia. Argazkia: Thomas Krucker

Gomendaturiko bibliografia

Lizaur, X. (2001). Orquídeas de Euskal Herria. Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco.

#Orkideabila kanpaina

Aranzadiko Botanika Sailak orkideen banaketaren inguruko informazioa eskuratzeko proiektua jarri du martxan. Parte hartzeko egitekoak oso errazak dira:

  1. Orkidea bat ikustean 2 argazki atera: landarea osotasunean eta lorea gertutik.
  2. Lekuaren koordenatu geografikoak gorde
  3. Twitter bidez argazkiak eta kokapena partekatu #orkideabila traola erabiliz.

Adi! Lorategietako aipuek ez dute balio, ikerketa honen jomuga landare basatiak baitira.

Kontuz! ez hartu orkidearik, oso landare zaurgarriak baitira, probestu landareez eta mendiaz gozatzeko.