"Bi ilunabarren eguna" inauguratu du, abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea ardatz duen erakusketa
Astronomia / Behaketa astronomikoa
Asteazkena, 2026eko apirilaren 1a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 4 minutu
Erakusketa Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 13 udalerritan izango da bost hilabetetan zehar. Jakindariren ̶ kultura zientifikoaren aldeko aliantza ̶ lankidetzarekin garatutako dibulgazio zientifikoko programa ibiltari baten parte da.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek “Bi ilunabarren eguna” erakusketa inauguratu du gaur goizean inauguratu du Zarauzko Ama Lur plazan. Dibulgazio-ekimen honek datorren abuztuaren 12an Euskadin ikusgai izango den eguzki-eklipse osoa du ardatz.
Erakusketa ilustrazio zientifikoek osatzen dute, eta astronomia-fenomeno hori modu didaktikoan, eskuragarrian eta erakargarrian publiko guztiei hurbiltzeko diseinatuta dago, herritarrak eklipsea ulertzera eta gozatzera gonbidatuz.
Inaugurazio-ekitaldian izan dira, halaber, Jesús Arana Gómez, Zarauzko alkate jardunekoa; Ana Belén Juaristi, ZarautzOn elkarteko presidentea; eta Virginia García, Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia taldeko kidea. Bi erakundeak Jakindariko kide dira eta dibulgazio-programan parte hartzen dute.
13 udalerritan barrena bost hilabetean
Erakusketa dibulgazio zientifikoko jarduera-programa ibiltari baten parte da, eta zientzia Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutara eramango du. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimen honek Jakindari aliantzako 20 erakunde baino gehiagoren lankidetza du; horien artean daude Donostia International Physics Center (DIPC) eta Aranzadi, erakusketaren sorkuntzan parte hartu dutenak.
Guztira 13 udalerritako plaza, parke edo kultur guneetan izango da ikusgai. Zarautzen egon ondoren, erakusketa osatzen duten lau totemak, Beasain, Zalla, Donostia, Bergara, Durangaldea, Bilbo, Barakaldo, Gasteiz, Añana, Gaubea, Bastida, Lapuebla de Labarca eta Guardian izango dira ikusgai, fenomeno astronomiko hau publiko zabalari hurbiltzeko.
Adin eta publiko guztietarako jarduerak
Programa jarduera osagarri ugarirekin osatzen da, Jakindariko erakundeen inplikazioari esker. Besteak beste, dibulgazio-hitzaldiak, haur, gazte eta helduentzako tailerrak, bisita gidatuak, behaketa astronomikoak eta ipuin-kontalari saioak antolatuko dira.
Jarduera horiei buruzko informazio guztia eklipsea.euskadi.eus webgune ofizialean dago eskuragarri. Bertan, gainera, dibulgazio-edukiak, eklipsea behatzeko aholku praktikoak, intereseko estekak eta baliabide multimediak aurki daitezke.
Ekimen hauen guztien helburua da jakin-min zientifikoa txikitatik sustatzea eta eklipseen fenomenoa, eta bereziki abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa, hobeto ulertzeko tresnak eskaintzea.
Jakinaldia 2026: eklipsearen festa
Programaren une nabarmenetako bat Jakinaldia, 2026 jaialdia, izango da ekainaren 20an, larunbata, arratsaldez Gasteizko Matxete plazan ospatuko dena. Herritar guztiei irekitako jaialdiak egitarau oparoa izango du: haurrentzako ikuskizunak, tailer zientifikoak, bakarrizketak, arte eszenikoak eta gaueko behaketa. Jakinaldia aukera bikaina izango da elkarrekin ikasi, partekatu eta azken urteetako fenomeno astronomikorik esanguratsuenetako baten aitzakian gozatzeko.
Jakindariri buruz
2025ean Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sortua, Jakindari Euskal Autonomia Erkidegoko kultura zientifikoaren aldeko erakundeen aliantza da, eta dagoeneko 70 kide baino gehiago ditu. Bere helburu nagusia da erakundeen arteko ahaleginak batzea, ezagutza zientifikoa lurralde osora zabaltzeko, jarduera bateratuak sustatuz eta jardunbide egokiak partekatuz.
2026ko dibulgazio-programan, abuztuko eguzki-eklipsean oinarrituta, Jakindariko 20 erakundek parte hartu dute: Aranzadi Zientzia Elkartea, DIPC, ZarautzOn, Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoia, Betelgeuse Enkarterrietako Astronomia Elkartea, Tabakalera, EHU, Kutxa Fundazioa, Polymat, Laboratorium Zientzia Museoa, Bixenta Mogel liburutegia, Izarra Astronomia Elkartea, Norarte, Abadiñoko Udala, Logos Elkartea, Astrobizkaia, Barakaldoko Udala, Arabako Natura Zientzien Museoa, CEA-Ingurugiro Gaietarako Ikastegia eta Arabako Astronomia Elkartea.
Horiez gain, erakusketa Arabako beste hainbat lekutara iristeko ahaleginetan beste erakunde batzuek ere parte hartu dute, hala nola Gasteizko Udaleko Herritartasun Eskolak, Añanako Gatz Haranaren Fundazioak, Lapuebla de Labarca eta Guardiako udalek eta Gaubeako turismo-bulegoak.