Bilboko Udalak gehitu egin du ‘Begoñako Argia’ izeneko proiektua bururatzeko diru-hornidura (Aranzadi Zientzia Elkarteak darama proiektua), beste 570.000 euroko dirulaguntza batekin
Antropologia, Arkeologia / Auzitegiko antropologia, Hileta arkeologia
Ostirala, 2022eko maiatzaren 27a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 7 minutu
- Proiektuaren lehen fasea 2021eko urrian abiatu zen, eta 2.926 pertsonaren gorpuzkiak berreskuraturik amaitzen da. Hilabete hauetan zehar, gainera, karlistaden garaiko hobi komun bat aurkitu da, eta beste bat Gerra Zibilekoa, Euskadin inoiz aurkitu den handiena, 46 pertsona zeuzkana hobiratuta, gehienak gudariak eta milizianoak.
- Lurpetik atera beharreko hezurduren eta hezur hondakinen kopurua ustekabean areagoturik, bigarren fasea abiatzen da orain, azkena, Begoñako antzinako hilerriko zientzia-, ikerketa- eta zabalkunde-proiektuaren garapena osatzeko, zeina Aranzadi Zientzia Elkarteak sustatu baitu eta Bilboko Udalak lagundu diruz.
- Proiektuaren zabalkunde-asmo herritarrendako irekiak berriz ere izango du leku nabarmena, hilerrian zeharreko bisita gidatuen programa ostera ere abian jarrita.
Bilboko Udalbatzak atzo onetsi zuen, maiatzeko ohiko bilkuran, izendun dirulaguntza bat ematea Aranzadi Zientzia Elkarteari, 570.000 eurokoa, ‘Begoñako Argia’ proiekturako.
Udalak irailean onetsitako hasierako zenbatekoa (325.000 euro) handitzen da horrela, eta, beraz, Begoñako hilerrian proiektua bururatu ahal izango da eta gorpuzkiak lurretik ateratzeko lanak amaitu ahal izango dira.
Horrenbestez, proiektuaren mugarri bat ezartzen da, lehen fasea amaitzen baita, eta bigarrena abiatzen, azkena izango dena. Hori dela eta, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak eta Anartz Ormaza Aranzadi elkarteko kide eta Begoñako Argia proiektuaren koordinatzaileak balantzea egin dute, eta hurrengo egin beharreko urratsak iragarri.
HASIERAKO AURREIKUSPENAK, AURKIKUNTZAK ETA LANEN KRONOLOGIA
‘Begoñako Argia’ proiektua hasi zenetik, Aranzadi zientzia elkarteko taldeak eta Begoñako Hilerrian ezarritako praktiken campusean parte hartzen duten ikasleek 2.926 pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte lurretik, lursailaren erdia baino gehixeago den eremuan.
Izan ere, hilabete hauetan tokian bertan egin diren lanen gaineko ezagutzan eta esperientzian oinarriturik, Aranzadi Zientzia Elkarteak uste du oraindik ere lurpetik ateratzeko daudela 2.100 pertsonaren gorpuzkiak edo hezur-hondakinak, gutxi gorabehera. Hori pentsaezina zen, kontuan hartuta aurretik geneukan informazioa, zeina hilerriko erregistroan oinarritzen baitzen, eta, halaber, hainbat urte dela egindako gorpuzkien leku-aldatzeak, zeintzuk jakinaren gainean eta dokumentatuta egin baitziren. Izan ere, hasierako aurreikuspena zen 1.000 inguru izango zirela lurretik atera beharreko pertsonen gorpuzkiak.
Lanak joan den urrian hasi ziren, San Juan eremuan. Han, hilerriko erregistroaren arabera, baziren bai umeen hobiak, bai helduenak.
Lehen mailan induskatu eta aurkitutako gorpuzkiak lurretik atera ostean, beste hobiratze maila bat agertu zen. Eta hori bera gertatu da, eta areago gainera, San Juan inguru guztian; izan ere, gune batean izan edo bestean izan, gorpuzkiak bi, hiru, lau eta are bost hobiratze-mailatan ere agertzen dira. Lehenago egindako hobiratzeak dira, eta ez dago jasota haien berri hilerriko erregistroan, eta, beraz, ez zeuden aurreikusita hasierako kalkuluetan.
Lurpetik atera beharreko hezur hondarren kopurua hain ustekabean gehituta ere, sakonera desberdinetan induskatu behar izanak (puntu batzuetan 2,4 metro baino barrenago) ere zailago bihurtu du induskatzearen logistika, lurren mugimenduak ere areagoturik, eta ezinezko bihurturik induskatzeak ondoko guneetara mailakatzea...eta, hala, lanen erritmoa geldiagoturik.
Halaber eragiten dio zuzenean lan-erritmoari azaroan euria atergabe egin izanak, aire zabalean egiten den induskatzea izanik.
Hala ere, 2021eko abenduaren 31n, guztira 1.040 hezur hondar atera ziren lurpetik.
Otsailean eta maiatzean, Santa Teresa deritzon inguruan, lau hobi komun agertu ziren gorpuzkiak lurpetik ateratzeko ohiko lanetan:
- Hobi komun bat karlistaden garaikoa (1836), Bizkaian gaur arte aurkitutako bigarren hobi karlista.
- Hobi komun bat, seguruenik izurrite baten ondoriozkoa, XIX. mendearen amaierakoa.
- Hobi komun bat Gerra Zibilekoa (1937), Euskadin inoiz aurkitu den handiena, 46 pertsona zeuzkana hobiratuta, gehienak gudariak eta milizianoak.
- Beste laugarren hobi komun bat, 60 pertsona baino gehiagokoa, seguruenik XIX. mendearen hasierakoa. Ikertzen ari dira materiala, nondik norakoak jakitearren, baina seguruenik hilerria inauguratu aurrekoa da.
Esan behar da, gainera, ezen, maila teknikoan, hobi komunetan, gorpuzkiak ateratzeko prozeduran metodologia erabatekoagoak behar izaten direla, eta lan gehiago egin behar izaten dela, ezen ez banakako hobietan.
Gainera, Santa Teresako inguruan induskatzeak egiteko prozesuan, hobien pean harresi- eta zimendu-egituren hondarrak aurkitu dira, eta hilerriaren hasierako itxiturei dagozkie (ondoren, hainbat obra eta hedapen egin ziren), eta, orobat, gotortze eraikinen hondakinak izan litezkeenak (oraindik zehazteke).
2022ko maiatzaren 24an, 2.926 pertsonaren hezur-hondarrak atera dira lurpetik.
GIZA TALDEA
Aranzadi Zientzia Elkarteak badu talde bat, hilerri arkeologian eta osteologian adituak diren hiru pertsonak zuzentzen dutena, 14 eta 17 langile artekoa (doitu egiten da beharrizanen eta baliagarritasunaren arabera), Begoñako hilerrian gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanez arduratzen dena.
Arkeologo, antropologo eta kriminologo gazteak dira, eta haietako batzuek badute lehendik ere esperientzia Aranzadirekin: hala ere, askok lehen lan-esperientzia dute hau.
Talde finkoaz gain, Aranzadik hitzarmenak sinatu izan ditu hainbat unibertsitaterekin, eta haiei esker, errazagoa izan da Estatuko fakultate bateko eta besteko ikasleak etortzea gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanetan praktikak egitera. Gaur arte, hona zeintzuek parte hartu izan duten:
- Euskal Herriko Unibertsitatea: Kriminologia gradua (Zuzenbidea) eta Kultur Ondasunak Kontserbatu eta Zaharberritzea Gradua (Arte Ederrak).
- UNED: Memoria Soziala eta Giza Eskubideak masterra.
- Granadako Unibertsitatea: Antropologia Fisikoa eta Forentsea unibertsitate-masterra.
- Santiago de Compostelako Unibersitatea: Kriminologia gradua eta ikasturte zubia.
- Miguel Hernández Unibertsitatea (Elx): Kriminologiako eta Biktimologiako Esku Hartzea masterra.
- Madrilgo Unibertsitate Complutensea: Arkeologiako Ikerketak masterra.
Guztira, 60 ikasle aritu dira praktikak egiten, direla borondatezkoak, astebeteko egonaldiak eginez, direla curriculum praktika nahitaezkoak, hiru hilabete artekoak.
IKERKETA, SOZIALIZAZIOA ETA ZABALKUNDEA
Zientziaren arloan, "Begoñako Argia" proiektuaren barruan, hainbat gai landu dira. Hala:
- Begoñako Hilerriaren hiru dimentsioko erregistro bat egin da.
- Hainbat iturritatik (Bilboko Udal Agiritegia, Bizkaiko Foru Agiritegia, Elizbarrutiko Agiritegia,...) bildu da hilerriaren gaineko dokumentazio idatzizko eta grafikoa, uste gabeko aurkikuntzei buruzko gertakarien ingurukoa, nahiz hilerriko osagai batzuen eta besteen gainekoa.
- Inbentario bat egin da hilerriko elementu guztiei buruz, dokumentazio historikoa eta arkeologikoa bildu da hilobietatik eta panteoietatik, eta ondare arloko balorazio bat egin da haiei buruz.
- Gainera, memoria historikoaren arloan, dokumentazioa eta erregistroa eroateko, senideen lekukotzen gaineko ikus-entzunezko bat ari dira egiten, direla ohiko hobiratzeen gaineko lekukotzak, edo Gerra Zibilarekin zerikusia dutenak.
Zabalkunde eta sozializazio jardueren barruan, hainbat jarduera gauzatu dira herritarren zientziarekin eta proiektuari gizarteari irekitzearekin zerikusia dutenak, aurreikusita zegoen bezala. Alde horretatik, bada:
- Hilerriko sarreraren ondoan aldi baterako erakusketa baterako azpiegitura prestatu zen, eta etengabe dago irekita.
- Esku hartze artistikorako tailer bat ari da gauzatzen Arte Ederren Fakultateko ikasleekin, eta proiektua amaitutakoan emango ditu emaitzak.
- Lanean ari dira hobien eta panteoien petrologia ikertzeko, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko eta Paisaiaren Masterreko geologoekin.
- Begoñako hilerria, 2022ko maiatzaren 8an, "Geolodia 2022" delakoaren egoitza izan zen; Estatu osotik izan ziren parte hartzaileak, eta Estatu osoan izan zuen eragina jarduera horrek, Espainiako Geologia Elkarteak eta Lurraren Zientzien gaineko Irakaskuntzarako Espainiako Elkarteak antolatuta.
- Zazpi hitzaldi izan dira orain arte Bidebarrietako Liburutegian, jendearentzako irekiak, ospe handiko ikertzaileen, arkeologoen eta zientzialarien eskutik. Guztira, jotzen da ezen, hitzaldietara, aurrez aurre, bostehun bat pertsona etorri direla, eta online zuzenean ikusi eta entzun dituztenak gehitu behar zaizkie horiei, eta are Bidebarrieta Kulturgunearen Youtube kanalaren bidez ondoren egin diren ikuskatzeak.
- Ikustaldi gidatuak egin izan dira prozesu osoan zehar, bai herritarrendako irekiak, bai proiektuaren alderako interesa erakutsi izan duten entitate eta/edo erakundeentzat prestatuak. Guztira, ikustaldi gidatuen bidez, zazpiehun bat pertsona izan dira hilerria ikusten, eta, horrekin, astean hogeita hamar pertsona dira batez beste, lanak hasi zirenetik.
INDUSKETAK ETA BISITA GIDATUAK AURRERANTZEAN ERE
Datozen hilabeteetan ere, Aranzadi Zientzia Elkartea, oraindik ere, Begoñako hilerrian dauden gainerako gorpuzkiak lurpetik ateratzen jardungo da.
Horretarako, analisi xehe-xeheak eginik, heldu da hilerria inguratzen duten zuhaitzek, kanpoko espezieetakoak eta laster hazten direnetakoak baitira, ez dutela ziurtatua, gehienen kasuan, epe ertainean bizirik irautea, induskatutako lekuetatik gertu daudenez gero.
Zuhaitz gazte eta berriki landatuak dira, 90eko hamarkadaren erdialdera, eta, beraz, lehenagoko hamarkadetan egindako lurperatzeen gainean daude landatuta. Gainera, leku gutxi dute hazteko eta garatzeko.
Ezinezkoa baitzen zuhaitzek bizirik irauteko behar ziren neurriak ezartzea eta aldi berean gorpuzkiak lurpetik ateratzea lurpean egindako hobiratzeen guneetan; hartara, gainera, hezur hondar guztien zati txiki bat baino ezingo zatekeen lurpetik atera.
Hori dela eta, erabaki zen zuhaitz horiek kentzea eta gero espezie autoktonoekin eta egokiagoekin ordeztea, haiek epe luzean bizi ahal izatea bermatzeko eran.
Induskapenekin batera, aurrerantzean ere, bisita gidatuak antolatuko dira.
Ikusirik zer interes eragin duen proiektuak herritarren artean eta zer arrakasta bildu duten lehen fasean ikustaldi irekiek, ekainean eta uztailean ostera ere antolatuko dira, herritarrek lanak zertan diren jakiteko aukera izan dezaten, eta ahalik eta pertsonarik gehienengana iristearren.