Biodibertsitatea ikasgelatik kanpo aztertu eta ikastea
Herpetologia / Dibulgazioa eta formakuntza
Astelehena, 2022eko martxoaren 28a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Aranzadi Zientzia Elkarteak Eskoletako Urmaelen Sarea proiektua martxan jarri duela baliatuz, Garapen Jasangarriko Arloak Puianako ekobaratzeen hiri parkearen ondoan bi urmael eraikitzea erabaki du. Izan ere, parkea sortzeko jatorrizko proiektuak ere planteatzen zuen bertan urmael bat sortzea eta ingurua urbanizatu aurreko habitata lehengoratzea.
“Oso leku egokia da, ekobaratzeen parkea baitago bertan. Azken batean, parkeak oso antzeko helburuak ditu, naturari, gure biodibertsitateari eta lehen sektoreari buruz gehiago jakin eta ikasteko ohitura osasungarriak sustatzearekin lotutakoak. Gainera, proiektua oso interesgarria iruditzen zaigu ikastetxeentzat, horrelako gaiei buruzko edukiak bertatik bertara sakondu ahal izango baitituzte, eta, horrela, errazago ulertu”, azaldu du Borja Olazabalek.
Bestalde, aukeratutako kokalekuari esker, baratze parkearen erabiltzaileek urmaeletako habitata ezagutu ahalko dute, eta urmaelak baratzezaintzaren osagarri bihurtu ahalko dira: ez diete inongo kalterik eragingo baratzeei, eta, are gehiago, on ere egin ahalko diete; besteak beste, intsektu polinizatzaile gehiago ibiliko direlako eta horren ondorioz baratzeen produktibitatea optimizatuko delako. Alderantziz, heziketa jardueretarako baliabide hau erabiltzen duten eskolek baratze parkea eta bertako jarduna ezagutzeko aukera izango dute.
Behin urmaelak eraikita, heziketarako baliabide gisa erabiltzeko eskaini zaizkie Irungo ikastetxeei. Bada, Txingudi Bigarren Hezkuntzako institutuak eskaintza onartu du, eta, gaur egun, baliabide hori curriculumean nola sartu planifikatzen ari da, Eskoletako Urmaelen Sareak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatuz.
Plaiaundi Bigarren Hezkuntzako institutua, berriz, Sareko kide da, 2018tik, eta hiru urmael ditu bere barrutian. Azkenik, Toki Alai Haur eta Bigarren Hezkuntzako institutuak ere interesa adierazi du, eta, hori dela-eta, Siutzeko urmaela egokitu da harentzat.
Eskoletako Urmaelen Sarea
Eskoletako Urmaelen Sarea eskola inguruan urmael edo putzuak dituzten eta berauek helburu didaktikoetarako erabiltzen dituzten Euskal Herriko ikastetxeen sarea da, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sustatu du, eskola horien arteko lotura sustatzeko eta esperientziak partekatzeko aukera emateko nagusiki.
Aranzadi Zientzia Elkartearen esanetan, eskolen inguruan sortzen diren urmaelek hainbat etekin dakartzate berekin:
- Eskoletan landu beharreko eduki asko in situ behatu eta aztertzeko aukera ematen dute.
- Informazio biltegi izan daitekeen eremu berri bat eratzen dute, Euskal Herri mailako datu base bat sortzeko aukera ematen duena.
- Gizakiak azken hamarkadetan desagerrarazi dituen habitatak lehengoratzeko aukera ematen dute, eta inguruneak zein bertan bizi diren izakiek beharrezkoak dituzten baldintzak bermatzen dituzte.