Burbunak eta Etsayak dokumentala online ikus daiteke

Herpetologia

Ostirala, 2019eko martxoaren 22a — CEST

Irakurketa: 2 minutu



Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatutako proiektua izan da ‘Burbunak eta Etsayak’, eta diruz lagundu dute Ereñotzuko Auzo Udalak eta Hernaniko Udalak. Proiektua Euskal Herriko hainbat Kultur Etxeetan erakutsi da, Durangoko Azokan aurkeztu da baita ere eta azkenik Eitbk 2 urtez emititu du.


Hemendik aurrera dokumentala online egongo da (euskaraz) eta salgai Aranzadi Zientzia Elkartean eta Dobera Euskara Elkartean 5 eurotan (euskara batua, ingelesa eta gaztelerazko azpitituluekin).


DOKUMENTALA IKUSI




Dokumentalaren sinopsia:


Ondarea da hari-mataza bat, inoiz bukatzen ez dena. Tira eta tira egingo diozu hari-muturrari, eta ez da inoiz bukatuko. Pertsonak naturan itsatsita egon denetik sekulako jakintza pilatu du, mataza bukaezina. Egin ditu sendagaiak belarrekin, eta jarraitu dio basoko piztiari, herriko azken zokoraino… Animalia eta landareen izenak, bizimodua, haiekin lotutako sineskerak, mitoak… Herritarrak gero eta hiritarrago diren Euskal Herri honetan, badira ondare hori bizi bizirik mantentzenduten herritarrak. Hernaniko kasua azaltzen du dokumental honek, ondarea gaur eguneraino dakarren hari-muturra ez baita erabat eten Hernanin. 25 protagonistek argituko dute zer diren burbunak eta etsayak.


Fitxa teknikoa:



  • Irudiak eta post-produkzioa: Joxan Ruiz (Truk HD) eta Jon Mari Beasain

  • Elkarrizketak eta gidoia: Iñaki Sanz-Azkue (Aranzadi) eta Eñaut Agirre (Dobera)

  • Bultzatzaileak: Dobera Euskara Elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea

  • Laguntzaileak: Ereñotzuko Auzo Udala eta Hernaniko Udala