C/2021 A1 Leonard

Astronomia

Asteartea, 2021eko azaroaren 30a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

2021eko urtarrilaren 3an, Canes Venaticiko konstelazioan kometa bat aurkitu zuten Arizonan, AEBn, 19 magnitudeko distirarekin (Lurretik ikusitako zeruko gorputz baten distira). C/2021 A1 (Leonard) izena jarri zioten kometari. Egindako behaketei esker, nahiko orbita zehatza kalkulatu ahal izan zuten eta, horri esker, Eguzki Sistemaren barrualdera egindako bere aurreko gerturatzea duela 80.000 urte inguru, hau da, Erdi Paleolitoan, izan zela jakin dugu. Lezetxikin bizi zirenek kometa hori gaur egun baino askoz ere hobeto behatu ahal izango zuten, ez baitzegoen argiaren kutsadurarik.

Hurrengo perihelioa (Eguzkitik izango duen distantzia txikiena) 2022ko urtarrilaren 3an izango da, eta 0,62 unitate astronomikoko distantziara igaroko da (Lurraren eta Eguzkiaren arteko batez besteko distantzia, 150.000.000 km, Merkurioren eta Artizarraren orbitetatik igarota); baina, aurrez, abenduaren 12an, Lurrarengandik distantzia txikienera egongo da, 0,23 UAra bakarrik igaroko baita (Lurraren eta Ilargiaren arteko distantzia 91 aldiz). Eta, bestalde, azpimarratu beharrekoa da abenduaren 18an Artizarra planetatik 0,0284 UAra bakarrik igaroko dela (4 milioi kilometrora bakarrik).

Urte hasieran, 4 magnitudeko gehieneko distira zuen argi-kurba iragarri zuten eta orduantxe aurresan zuten begiratu hutsez ikusteko modukoa izango zela. Gerora egindako behaketek egiaztatu zuten esperotakoa baino txikiagoa zen distira-handipena zuela eta, horrenbestez, baztertu egin zuten prismatikorik edo teleskopiorik gabe ikusi ahal izango zela. Uztaila eta abuztua bitartean, kometa ezin izan zen ikusi, Lurretik begiratuta Eguzkitik oso gertu baitzegoen. Ondorioz, ezinezkoa izan zen haren bilakaeraren inguruko jarraipena egitea. Eta, irailetik aurrera, Leonard kometa berriro behatzeko moduan jarri zen eta haren adatsa eta distira nabarmen handitu eta 12 magnitudera iritsi zela egiaztatu ahal izan genuen. Oraintxe bertan, kometak 3 magnitudeko gehieneko distira lortuko duela aurrez ikusi da. Ondorioz, begiratu hutsarekin behatzeko aukera izango dugu.

Noiz behatu:

Azaroaren amaieran, kometa 6 magnitudera iritsiko dela aurrez ikusi dute. Ondorioz, egunsentian E HEra begiratuta, Arturoren eta Sugearen buruaren artean, prismatikoen laguntzarekin ikusi ahal izango dugu. Hilaren 8tik aurrera, 4 magnitudera iritsiko dela eta begiratu hutsez sugearen buruaren gainean ikusi ahal izango dela aurrez ikusi dute. Horretarako, ordea, argiaren kutsadurarik gabeko zerua beharko dugu. Hilaren 12an, Lurrarekiko distantzia txikiena duenean, lortuko du 3 magnitudea Ophiuchusen konstelazioan, eta E horizontearen gainean ikusi ahal izango dugu egunsentian. Hilaren 13tik aurrera, kometa ilunsentian ikusten hasiko gara eta oso bizkor mugituko da HM noranzkoan Sugearen isatsa, Scutum, Sagittarius eta Capricornus gurutzatuz. Abenduaren amaieran,

Microscopium konstelazioan sartuko da eta Piscis Austrinuserantz igaroko da. Ondorioz, ez da gure latitudetik ikusteko moduan izango.

Edonola ere, kontuan izan behar da kometaren jarduera aldakorra izan daitekeela eta, Eguzkiarekiko distantzia txikienean dagoenean, kometaren tenperatura bizkor igotzen dela eta ezagutzen ez ditugun kometako beste parametro batzuk sartzen direla tartean: izotz kantitatea, osaera, hauts kantitatea eta abar. Parametro horiek guztiak direla eta, ia ezinezkoa da periodikoa ez den kometa batek azkenean izango duen portaera iragartzea, nukleoan zatiketak, leherketak edo jarduera-geldialdiak gerta baitaitezke. Horren guztiaren ondorioz, distiraren aurreikuspenak magnitudeetan aldaketak izan ditzake gorantz edo beherantz.