Donostiako anfibioak eta narrastiak ezagutzeko tailerra eta irteerak

Herpetologia

Asteartea, 2015eko apirilaren 7a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Cristina Enea Fundazioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia sailak elkarlanean antolatutako tailer honetan anfibioak eta narrastiak hobeto ezagutzeko oinarri teorikoak emango dira, bai eta bi irteera egin ere, animalia horiek euren habitatetan behatzeko. Donostia eta inguruetan aurki ditzakegun anfibio eta narrastien aniztasuna ezagutzera emateko helburua duen ikastaroa da honakoa, bai eta beren portaera hirian bertan nolakoa den ikusteko ere.

Sarri ez dira ikusten errazak eta gehienetan oharkabean pasatzen dira arreta jartzen ez duen jendearen aurrean. Beren protagonismoa gutxietsia egoten da, beste animalia mota batzuen aurrean, hegaztiekin alderatuz, esaterako. Hala ere, ikuslea txundituta gera daiteke bi taldeen originaltasunaz ohartzean, beren formari edota koloreari dagokionez.

Ikastaro honi esker, batetik jendeak aktiboki parte hartu ahal izango du animalia horien kontserbazioan, eta bestetik naturguneez eta hiriguneaz modu osotuago batean gozatzeko aukera izango dute, burua pixkat makurtu eta lurrera begiratzearekin mundu berri bat ezagutzeko aukera izango baitugu.

Metodologia



Ikastaroak teoria eta praktika uztartuko ditu, bi egunetan.

Azalpen teorikoak (gutxi gora beherako iraupena 4 ordu) maitzaren 30ean Cristina Eneako instalazioetan:

16:00-17:30. Narrastien biologia, identifikazioa eta portaera, horrez gain sugeen beldur ez izateko (eta beraz ez hiltzeko) hitzaldi espezifiko bat emango da bizidun hauen ingurukoa.

17:30-17:45. Atsedenaldia

17:45-18:45. Anfibioen biologia, identifikazioa eta portaera. Donostiako zein txokotan ikusi daitezke anfibioak?

18:45-19:30. Anfibio eta narrastien mehatxuak eta kontserbazioa.

19:30-20:00. AZEko bildumako animalia bizien behaketa.

20:00. Afaria

Anfibioak euren habitatean behatzea izango da bigarren partearen funtsa, eta egun berean maiatzaren 30ean afal ostean burutuko da. Horretarako hiriko hainbat puntuetara gauez ibilaldiak egingo dira. Puntu batetik bestera joateko bizikletak erabiliko dira. Parte hartzaileen artean norbaitek bizikletarik edukiko ez balu izen ematean adierazi beharko luke.

Gaueko txangoa:

21:30. Donostiako portuan.

21:30-23:30. Urgull (non arrabioak ikusteko aukera izango dugun) – Zubimuxu (non txantxiku arrunta, ur-igel arrunta eta apo arrunta bizi dira) –Errotatxoko putzua Igarako poligonoan dagoena (non hegoaldeko zuhaitz igela, uhandre marmolairea eta uhandre palmatua bizi dira). Hiru eremu hauek bisitatuz, hirigunean dauden zazpi anfibio espezieak behatzeko aukera izango da.

Eguneko txangoa:

Hirugarren partea, hurrengo goizean gauzatuko da, maiatzaren 31an, eta hiriko narrastiak behatzea izango du helburu. 3-4 orduko ibilaldia egunez gauzatuko da. Elkargunea Cristina Enean goizeko 10:30tan izango da eta bertan horma sugandila ikusteaz gain espezie arrotz inbaditzaileek sortzen duten arazoaren inguruan hitz egingo da, Cristina Enearen kasuan Floridako apoarmatuaz. Bertatik Urgullera joan eta bertan ezaugarri uhartetarrak dituen sugandila arrearen populazioa behatu ahal izango da, era berean balear uharteetan jatorria duen sugandila arrotz inbaditzailea ikusteko aukera izango da.

Guztira ekintzak gutxi gora behera 10 orduko iraupena izango du bi egunetan banatuta, pertsonako kostua 35€koa izango da. Gehienez jota 30 lagunentzako ikastaroa da.

Izena emateko Aranzadi (943466142 / idazkaritza@aranzadi.eus). Izena emateko epea maiatzak 20.

Behin lekua daukazula baieztatzean diru sarrera egin beharko da.