'El Lector de Huesos' saioak jaso du Pello Sarasola Saria
Asteartea, 2017eko maiatzaren 2a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
ETB2ko 'El Lector de Huesos'ek 2016ko telebista autonomikoetako saio onenaren Pello Sarasola saria jaso zuen. FORTAk (Irrati eta Telebista Erakunde Autonomikoen Federazioa) sortutako sariaren epaimahaia erakundearen barruan dauden telebista kateetako eduki arduradunek osatu dute. Dani Alvarez kazetariak gidatutako saioak gure gizarteko hilketa entzutetsuenak ditu aztergai, Paco Etxeberria (Aranzadi Zientzia Elkarteko Lehendakaria) forense ospetsuaren laguntzarekin.
'El Lector de Huesos'
K2000 ekoiztetxeak asmatutako telebista formatua da, guztiz berritzailea. Bertan, Paco Etxeberria antropologo eta auzitegiko medikuak eta Dani Alvarez kazetariak azken urteetan gertatu diren krimen gogorrenak ikertzen dituzte. Saioaren bi zuzendariak Igor Zabala eta Teresa Diaz de Basurto dira.
Programa honek, auzitegi zientzia oinarri hartuta, gizartean zirrara sortu duten hilketak aztertzen ditu. Paco Etxeberria irakasleak auzitegi teknika guztiak erakusten dizkio Dani Alvarezi, hezurrek ematen duten informaziotik abiatuta
Besteak beste, Breton auzia, Asunta Basterraren kasua, Lasa eta Zabalaren kasua, Amaia Azkuerena eta Aintzane Garayren kasua jorratu zituen lehen denboraldian. Bigarren denboraldia estreinatzear dago eta atal sorta honetan Alcasserren hildako hiru neskatilei buruz arituko dira, besteak beste. Hain zuzen ere, saio hori grabatzen ari zirenean Alcasserren hildako hiru neskatiletako baten gorpuzkina bilatu zuten.