Erakusketa antolatu dute Zaratetxean Jesús Elosegiren omenez

Etnografia

Osteguna, 2017eko abuztuaren 24a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Tolosan jaioa, industria ingeniaritza ikasketak bertan behera utzi eta 1932tik aurrera argazkilari profesional modura hasi zen lanean. Kirol eta kultur gaiak eta batez ere natur zientzietako hainbat alderdi landu zituen.

Aranzadiko fundatzaile, idazkari eta lehen zuzendaritza-batzordeko kidea izan zen. Jose Miguel de Barandiaranen lan zientifikoari estu-estu lotua eta hainbat trikuharri eta harrespilen aurkitzailea ere izan zen. Hainbat lan egin zituen Iztuetari buruz eta Aralarko kobre-mehatzeei buruz. Carlos Menayarekin batera, Cumbres (Tontorrak) izeneko lana argitaratu zuen Ganboa mendian oinarrituta (mendi hau Aralarko mendigunerik interesgarrienaren erdian dago eta, egileen iritziz, leku paregabea da artzain-mendi horiek behatzeko). Tartean, El Día, Argia eta Pyrenaica aldizkarietan, besteak beste, kolaborazio ugari egin zituen.

1972ko urtarrilean, 25 urteren buruan, Aranzadiko idazkari nagusiaren postuan errelebua eskatu zuen, bere atzean lan isil, eraginkor eta iraunkorra utzita. 1979an, Munibek ale berezia eskaini zion elkartearen fundatzaile eta animatzaile nagusia izandakoaren omenez eta oroitzapenez.

Bere bizitzako azken urteetan artxiboko ikerketa-lanak eta euskarari buruzko gaiak landu zituen gehienbat, eta Kardaberaz eta Euskarazaintza taldeetako kide izan zen.