Errenterian aurkeztu dute itsasontzi urperatuei buruzko erakusketa

Arkeologia

Ostirala, 2019eko urtarrilaren 11a — CEST

Irakurketa: 3 minutu



Ana Benito eta Javier Mazpule Aranzadi, Zientzia Elkartearen eta Arkeolur elkartearen kide direnak, adituak dira itsas gaietan eta, bereziki, naufragioetan. Urteak daramate gai hori lantzen, Iturritxiki urpeko aztarnategiko (Getariako badia) jarduketa arkeologikoetatik, ‘Naufragios en la Costa Vasca: 1976-2016’ liburua argitaratu arte.


Liburu horretan bildutako hainbat informaziok ahalbidetu du zenbait erakusketa antolatzea; hala nola, Errenterian, Donostian, Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta Castro Urdialesen.


Gaur egun, 1900 eta 1975 bitartean gertatutako itsas istripuak ikertzen ari dira eta ezerezean gelditutako nabigazio horiek gogora ekartzeko antolatu dugu orain zabaltzen duten erakusketa hau. Lau Haizetara elkartearen lankidetzari eta Errenteriako Udalaren laguntzari esker gauzatu ahal izan da.


Erakusketa honek oparo irudikatutako panelak ditu, naufragioaren kokatze mapekin batera eta, era berean, ezbeharretatik berreskuratutako objektuak nahiz itsas-bizimoduari loturiko beste elementu batzuk begi-bistan daude bitrinen barruan.


Gerra garaian Kantauri itsasoan izandako gertaeren berri ematen duten naufragioak daude ikusgai: ‘Lyndiane’ merkataritza-ontzi frantsesa, 1918an itsaspeko alemaniar batek torpedoz eraso eta hondoratu zuena. Gerra zibilaren hasieran, 1936an, Pasaiako portua erabiliezin uzteko asmotan, tropa matxinatuak iristear zeudela ikusirik, bokalean gurutzatu zuten ‘Jata Mendi’ merkataritza-ontzia. Euskadiko Itsas Gudarosteko ‘Nabarra’ bou motako ontzi ospetsua, borroka latz eta desorekatu baten ondoren, ‘Canarias’ gurutzaontziak hondoratu zuena 1937an, Matxitxako lurmuturreko bataila ezagunean. III: Reicheko ‘Hochheimer” merkantzia-ontzi enigmatikoa, itsaspeko britainiar batek torpedoz eraso zuena Matxitxako lurmuturraren parean, 1944an.


Iparraldeko gizartea hunkitu zuten ezbeharrak; hala, ‘Padosa’ belaontzi suediarra, 1907an Biarritzeko hondartzaraino herrestan eramandakoa; nola, ‘Knebworth’ baporezko ikatzontzia, bat-bateko enbata batek 1930ean txikitu zuena Biarritzeko itsasargiaren ondoan.


Ekaitzaren erasoak pairatu zituzten ‘Mamelena’ baporezko arrantza-ontzia eta ‘Ricardo’ belaontzi asturiarra, 1924an Kontxako hondartzan hondarturik amaitu zutenak.


‘Mina Mary’ merkantzia-ontzia, laino itxiaren ondorioz, hondartu eta Matxitxako lurmuturraren alboan hondoratu zena. 35 metrora urperatuta dagoen ontzi-hondakina urpekari ugarik bisitatzen du. Erakusketa iragartzeko txartelean ageri den irudia da.


Arrantza-ontziek izandako zoritxarreko ezbeharrak. Adibidez, 1949an gertatutakoa, Getariako ‘Lurdesco Ama’ eta ‘José Ignaciorena’ eta Orioko ‘Amesti Mendi’ ontzien gilak eguzkitan geratu eta arrantzale bana galdu zutenekoa. Halaber, Orioko ‘Virgen Carmeli’ ontzia, 1952an Orioko barran irauli eta tripulazio zati bat itota galdu zuena; Bermeoko portuko ‘Edison’ arrantza-ontzia 1972an itsas zabalean hondoratu zena, edo ‘Petracho’ arrantza-ontzia, 1944. urtean Pasai Donibaneko Santa Isabel gazteluaren alboan talka egin zuena.


XX. mendeko bi enbata izugarriak ere jaso dira erakusketan: 1912koa, nagusiki Bermeo suntsitu zuena eta 1961ekoa, Getariako ‘Izarra’ eta Donostiako ‘Mirentxu’ arrantza-ontziak urperatu zituena.


Erakusketa honen bitartez omendu nahi da urperatutako tripulazio eta salbamendurako baliabide guztiak. Horrez gain, gure asmoa da ontzi horiek guztiak hondotik ateratzea, berriro ere nabiga dezaten gure memorian zehar, gure itsas ondarearen elementu gisa.