Errotarriko harrobien munduko bilgunerik garrantzitsuena dago Zuian

Etnografia

Osteguna, 2017eko uztailaren 20a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Ezezagunak diren altxorrez beteta dago Gorbeialdea. Gutxik jakingo dute, esaterako, Zuia dela munduko errotarri bilgunerik garrantzitsuena; ezjakitasun horri buelta emateko, berbaldia eskainiko du ostiralean Aranzadi zientzia elkarteko kide Javier Castro etnografoak. Herriko liburutegian izango da hitzaldia, 19:30ean.

Arabako errotarriei buruzko lehen aipuak IX. mendekoak badira ere, XVII. mendean izandako artogintzarekin zabaldu ziren horiek. Gorbeiako parke naturalean hedatu ziren bereziki; bertako erreketako uren indarrari esker, herritar askoren ogibide bilakatu ziren. Errotarriei lotuta, harginak ere sortu ziren; hain justu ere, errotentzako gurpilak egin ahal izateko hareharri handiak lantzen zituzten langileak.

Gorbeiatik barreiatuta zeuden harrobietako hareharrietatik xerrak ateratzen zituzten, eta horiek zizelkatzen zituzten 900 kiloko pisua zuten errotarriak lortu arte. Haranetan zeuden errotetan saltzen zituzten jarraian harginek; errotarri horietan ogia egin ahal izateko garia ehotzen zuten.

Errotarri Gorbeia izeneko proiektuaren bidez, oroimenean galdutako ogibide hori ezagutarazteko ahalegin berezia egiten ari da 2007. urtetik Javier Castro gipuzkoarra. Hareharriak ateratzen ziren harrobiak topatzea da etnografoaren lana.

400 errotarri inguru

Pozik daude egindako aurkikuntzekin, aurreikuspen guztiak gainditu dituztelako eta agerian utzi dutelako Zuia dela munduko errotarri bilgunerik garrantzitsuena. Bost urte eman dituzte parke naturalean gora eta behera aztarnak bilatzen. Modu horretan, mendizaleek erabiltzen dituzten bideetatik urrun dauden 400 errotarri inguru topatu dituzte.

Castrok eskainitako datuen arabera, guztira, 92 harrobi topatu eta katalogatu dituzte; Zuiako udalerrian daude horietako 40. Gainerakoak, Zigoitian eta Orozkon agertu dira. "Zuia da mundu osoan horrelako harrobi gehien dituen udalerria; Zigoitia eta Orozko datoz jarraian", jakinarazi du etnografo donostiarrak.

Proiektu honi esker, harrobi bakoitzari lotutako toponimia ere berreskuratu ahal izan dela nabarmendu du Errotarri Gorbeiako zuzendariak.

Zeregin honetan ez da bakarrik egon, 40 lagunetik gora izan baititu Castrok laguntzaile eta informatzaile lanak egiten. Horien laguntza goraipatzearekin batera, egitasmo honetan teknologia berriek izandako garrantzia ere azpimarratu nahi izan du; horien bidez mendian galduta zeuden hainbat errotarri eta harrobi aurkitzea ahalbideratu dute.

Aurkitutakoaren berri emango du ostiralean Javier Castrok, Murgian. Ez da harginen ogibidea azaleratzeko asmoz egingo duten ekimen bakarra. Gorbeiako hainbat errotarrietara bisitak antolatzeko asmotan ere badabiltza.