Etnografia Jardunaldiak hasi dira Fermin Leizaolaren hitzaldiarekin San Telmo Museoan
Asteazkena, 2024eko azaroaren 13a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Fermin Leizaola etnografo ezagunaren hitzaldiarekin hasi ziren atzo Etnografia Jardunaldiak, Donostiako San Telmo Museoan. Asko hurbildu ziren bertara Leizaola entzutera, Euskal kultura materialaren berezko elementuei buruzko hitzaldian.
Hitzaldi honen amaieran, etnografia saileko kideek koadro hunkigarri bat eman zioten, Fermin Leizaolari egindako lana eskertzeko eta azken 45 urteetan jardunaldiak aurrera ateratzeko ardura izan duelako.
Hitzaldiek astean zehar jarraituko dute, euskal kulturaren zaleentzat oso interesgarriak diren gaiak biltzen dituen programazioarekin. Asteazkenean Mikel Prieto Gilek "Genealogiatik etxeko dokumentuetara Gipuzkoan" hitzaldia eskainiko du. Ostegunean, "Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondareari jarraika!" hitzaldia emango dute Miren Iraetak, Sofia Marcosek eta Oihane Mendizabalek. Azkenik, ostiralean, Javi Castrok "Errotarri proiektua, errota-harrobien ikerketari buruz" aurkeztuko du. Ostiral horretan bertan inauguratuko da Gasteizen "Tradizioa soinean: argizaiolaren inguruan eginiko bitxiak" erakusketa, IDarte Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola Publikoan.
Gainera, azaroaren 16, 23 eta 30ean, larunbatetan, familia tailerrak egingo dira "Ondarea gure bitxia. Bitxigintza tailerra ", euskal bitxigintza tradizionalaren artisautza ardatz hartuta.
Fermin Leizaolaren hitzaldia ikusi dezakezu esteka honetan