Euskadi abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoaz gozatzeko prestatzen hasia da
Astronomia / Behaketa astronomikoa
Astelehena, 2026eko martxoaren 30a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 4 minutu
Aurkezpen honetan, Astronomia saileko Virginia Garcíak eklipseetarako betaurreko homologatuak erabili behar direla eta leku egokiak aukeratu behar direla azpimarratu du
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, gaur goizean Gasteizko Ataria zentroan, aurkeztu ditu abuztuaren12an Euskadin ikusgai izango den eguzki-eklipse osoa dela eta Euko Jaurlaritza garatzen ari den jarduera-ildo nagusiak.
Bere hitzaldian, sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza fenomeno berezi hau bizitzeko prestatzen ari dela, ez bakarrik antolaketaren ikuspegitik, baizik eta zientzia —bereziki astronomia— herritar guztiei hurbiltzeko aukera paregabe gisa ere.
Testuinguru horretan, sailburuak honako hau adierazi du: “Eguzki-eklipse oso bat ikusteko aukera izan dutenek fenomeno hunkigarria eta zirraragarria dela esaten dute. Datorren abuztuaren 12an halako une bat bizitzeko aukera aparta izango dugu”.
Halaber, gogorarazi du “duela mende batzuk eguzki-eklipse oso batek izua eta atsekabea eragiten zituela, eta ondorio suntsitzaileak egozten zitzaizkiola. Gaur egun, Eguzki Sistemari buruzko ezagutza zientifikoari esker, hunkidura hori sentitzeaz gain, fenomenoa ulertuta, modu osoagoan gozatu ahal izango dugu. Emozioari uko egin gabe, mitos-ak logos-ari egingo dio lekua”.
Aurkezpen-ekitaldian, sailburuarekin batera bi aditu izan dira: Naiara Barrado Izagirre, EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzailea, eta Virginia García Pena, Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia taldeko kidea.
Naiara Barrado ikertzaikeak fenomenoaren izaera berezia azpimarratu du, Ilargiak Eguzkia erabat estaltzeko behar diren baldintza eta lerrokatze zehatzak azalduz. Halaber, gogorarazi du mota honetako gertakariek zientziaren aurrerapenean izan duten garrantzi historikoa, eta erreferentzia egin dio Eddingtonek 1919an egindako esperimentuari, Einsteinen erlatibitatearen teoria baieztatzea ahalbidetu zuena.
Bestalde, Virginia Garcíak behaketaren alde praktikoan jarri du arreta, eta azpimarratu du beharrezkoa dela eklipseetarako homologatutako betaurrekoak erabiltzea, baita leku egokiak aukeratzea ere. Era berean, fenomenoak gutxi gorabehera bi orduko iraupena izango duela eta denbora horretan zer ikusi eta zer sentitu daitekeen azaldu du.
Sailen arteko koordinazioa
Pérez Iglesiasek azaldu duenez, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren koordinaziopean, Eusko Jaurlaritzako inplikatutako sailak dagoeneko elkarlanean ari dira, foru aldundiekin eta udalekin batera. Ildo horretan, eklipseaz ahalik eta baldintza onenetan gozatu ahal izateko garatzen ari diren lan-ildo nagusiak nabarmendu ditu, besteak beste, Euskadin lehentasunezko behaketa-puntuak identifikatzea eta logistika- eta segurtasun-neurriak hartzea ere.
Web ofiziala: eklipsea.euskadi.eus
Dispositibo honen inguruan sortzen den informazio guztia herritarren eskura jarriko da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sortutako eklipsea.euskadi.eus webgune ofizialaren bidez.
Webguneak informazio praktikoa eskainiko du. Horrela, udalerri bakoitzean eklipsea nola ikusiko den jakiteko aukera emango du, fenomenoaren ordutegiak eta faseak zehaztuko ditu, eta modu seguruan gozatzeko gomendioak jasoko ditu.
Gainera, dibulgaziorako atal berezi bat izango du, baliabide multimediak, fenomenoan sakontzeko intereseko estekak eta aste honetan bertan abiatuko den dibulgazio-programari lotutako jardueren agenda ere izango ditu.
“Bi ilunabarreko eguna” erakusketa ibiltaria
Datorren apirilaren 1ean, asteazkenean, sailburuak Zarautzen inauguratuko du “Bi ilunabarreko eguna” erakusketa, fenomeno astronomiko hau modu didaktiko eta erakargarrian herritar guztiei hurbiltzeko diseinatutako erakusketa.
Erakusketa dibulgazio-jardueren programa ibiltari baten parte da, eta EAEko hainbat udalerritan egongo da ikusgai, eklipseen zientzia herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin. Aurreikusitako ekimenen artean, nabarmentzekoa da ekainaren 20an Gasteizen egingo den jai-ekitaldia.
Ekimen honek Jakindari, kultura zientifikoaren aldeko aliantzako kide diren 20 erakunde baino gehiagoren lankidetza du.