Artikulu tematikoa
Garunak landareak ezkutatzen dizkigu
Zergatik idatzi zuen Homerok itsasoa “ardoaren koloreko”-a zela? Badirudi ez zuela ardoaren eta itsasoaren kolorerik bereizten, beraz, bere begietara kolore bera zuten. “Nola liteke?” galde dezake irakurleak, eta egia da harrigarri gerta daitekeela. Baina, begiratu argazki honi, zer dago bertan?
Gehienek erlasterra (Bombus generoa) ikusiko dute, polinizaziorako beharrezko, edonoren beldur eragile, Bates mimetismoaren adibide... Baina inork kasu egin al dio erlearen gaineko loreari? Jabetu al da norbait txilar burusoila (Erica vagans) dela erlasterraren jomuga? Aipagarria da argazkian azalera bertsua okupatzen dutela biek. Odisean gaudelako izan daiteke, ardo koloreko itsasoari begira kolore urdina ikusi ezin da.
Begiratze hutsak, beraz, ez du ikusi esan nahi, gai ezezagunekin batez ere. Nola jakin orduan ezkutukoa denik ere? Hori gertatzen da askotan landareekin, ezezagunak direnez, ez dira hautematen; eta ikusten ez direnez, ez dira ezagutzen. Sorgin gurpilean gira eta bira gabiltza. Egoeraz jabetu eta Elisabeth Schussler eta James Wandersee botanikariek gabezia hori izendatu egin zuten: landare itsutasuna. Izendatzea baita ikusten hasteko lehen pausoa, izena badu izango baita.
Landareen itsutasuna, beraz, landareak baztertzeko joera da, izenaren adierarik zabalenean. Besteak beste, ondorio du gertuko ingurumenean landareak ez hautematea, landareen garrantziaz ez jabetzea, landareak animaliak baina gutxiago direla uste izatea edota landareen ezaugarri bereziez ez ohartzea.
Bi arrazoi proposatu izan dira ezintasun hori pairatzeko: giza izaera eta kultura. Giza izaerari helduta, ikusi da garunak ezin duela eraginkortasunez prozesatu begietara iritsitako informazio guztia, beraz, ikerketek iradokitzen dute lehentasuna ematen zaiela kolore aldakorrei, mugimenduari eta objektu ezagunei. Horrela, mehatxuak edo balizko elikagai iturriak eraginkortasun handiagoz antzeman daitezkeelako. Landareak askotan ez dira irizpide horietara egokitzen, eta zientzialari askok uste du giza garunak ez dituela erabat prozesatzen.
Halaber, frogatu da kulturak eragin nabarmena duela gizarte batean landareen itsutasuna ezartzeko. Ikusi baita komunitate indigena eta indiar batzuek itsutasun hagitz txikiagoa zutela, landareak asko baloratzen baitituzte erlijioan, medikuntzan eta mitologian.
Euskal Herrira etorrita itsututa gaudela esan daiteke. 2018an Arritokieta Ortuzar eta bere taldekideek ikerketa bat egin zuten eta emaitzak Argia kazetan argitaratu zituzten “Aurrean ditugun arren ez ditugu ikusten” artikuluan. Honatx artikuluko daturik aipagarrienetako bat: “Ikasleen %76ak soilik animaliekiko hautua egin zuen eta %16ak animaliak eta landareak, biak zituen gustuko. Soilik landareak aukeratu zituztenak %3a baino ez ziren izan.”.
Gomendatutako irakurketa
Preventing plant blindness)
Artikulu honetan lehen aldiz agerian jartzen da hainbat ikerketak erakutsi dutela gero eta ezjakintasun eta interes falta handiagoa zegoela Ameriketako Estatu Batuetako gazteen artean florarekiko eta animalien mundua ezagutzeko lehentasunarekiko.
Ikerketaren arabera, bederen, landareek ez dute animaliek adinako grinik sortzen. Horrek, noski hainbat eragin izan ditzake, tartean landareen kontserbazioarena. Mundu mailan mehatxatutako bizidunen %57 landareak dira, baina finantziazioaren %4 eskas bideratzen da floraren kontserbaziora. Baina landareak ez dira kontserbatu beharreko altxor ezkutu bat soilik. Habitat ia guztien oinarri eta egituratzaile dira; lurzoruaren, oxigenoaren eta egurraren sortzaile; baita ur arazle, klima erregulatzaile eta biodibertsitate gordailu ere badira. Funtsean, Lur planetaren funtzionamendu egokirako ezinbesteko elementu dira.
Gaiaren garrantziarekin jabeturik Aranzaditik eginahalak eta bi egiten jarraituko dugu landareen mundua gizarteratu eta behar besteko balioa emateko, horrek zuzenean eragingo diolako, besteak beste, gure floraren kontserbazioari eta neurri berean gizartearen osasunari.