Gasteizen kumatzen diren hegaztien erradiografia jasoko da atlas batean

Ornitologia / Hiriko biodibertsitatea

Astelehena, 2022eko martxoaren 7a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, “Udalerriko hegazti habiagileen atlasa” egiteko. Atlas hori Gasteizko hegazti-faunaren erradiografia bat izango da, datozen 3 urteetan egingo dena. IGIko presidente Ana Oregik eta Aranzadiko idazkari nagusi Juan Agirrek sinatu dute akordioa.

IGIko presidentearen iritziz, atlas hau “aukera ezin hobea da hegaztien bidez hiri-biodibertsitatearen kontserbazio-egoera baloratzeko, horiek baitira ingurumen-egoeraren bio-adierazlerik onenak”. Era berean, Ana Oregik nabarmendu duenez, lankidetza-lan horri esker, “udalerriko hegaztiak behatzeko eta kontserbatzeko funtsezko eremuak identifikatuko dira, eta hegaztiek erakargarritasun kultural eta turistiko gisa duten balioa sendotu ahal izango da Gasteizen”. IGIko presidenteak nabarmendu nahi izan du, halaber, “herritar-zientziako proiektu sozialki estimulatzaile batean herritarrek parte hartzeak berez duen balioa; horregatik, hala nahi duten pertsonak animatzen ditut datuak biltzen lagun dezaten”.

Atlas honen helburua udalerrian hazten diren hegazti-espezie guztiak biltzea da, gero, argitalpen baten bidez, espezie horien deskribapena, banaketa eta portaera zabaldu ahal izateko “Erraz irakurtzeko liburu atsegina izango da, oso grafikoa, liburuarentzako propio egindako ilustrazioekin apaindua”, azaldu du Aranzadiko Ornitologia Saileko zuzendari Juan Arizagak. Europako hiri handiak beren lurraldean kumatzen diren hegaztiei buruz ahalik eta gehien jakitearen aldeko apustu argia egiten ari dira. Arizagaren arabera, “ezagutza hori oinarrizkoa da hiriaren ingurumen-kudeaketarako, batez ere berdeguneetan”.

Hegaztien garrantzia habitaten kudeaketa- eta babes-lanetan

Hegaztiak biodibertsitatearen funtsezko elementuak dira, bai eginkizun ekologikoaren aldetik, bai eta ingurumen-osasunaren adierazle gisa duten balioagatik. Izan ere, Europar Batasunak bi zuzentarauren bidez oinarritzen du natura-ondarearen babesaren zati bat, eta zuzentarau horietako bat berariaz hegaztiei buruzkoa da (Hegaztien Zuzentaraua). Zentzu horretan, hegaztiak eremu babestuak mugatzeko adierazle egokiak izan dira; hegaztien presentziak eragina du habitaten babesean eta natura-ingurunearen kudeaketan. Horregatik guztiagatik, “funtsezkoa da leku jakin batean zer hegazti-espezie dauden jakitea. Gauzak horrela, hegazti habiagileen atlasa tresna bikaina dira –eta izan dira– premia horri erantzuteko”, esan du Arizagak.

Lan metodologia

Atlas hau egiteko, udalerria sakon eta zorrotz arakatuko da. Horretarako, egina dago dagoeneko errolda-protokolo bat, espazioa 1×1 km-ko laukitan banatuta. Ondoren, lauki bakoitzaren laginketari ekingo zaio, bertan dauden hegazti-espezie guztiak identifikatzeko.

Gasteizen laginduko diren 329 laukietatik % 50 inguru herritarrek erroldatuko dituzte, eta gainerakoak profesionalek. Lehenengo bi urteetan egingo den lan hori.

Prestakuntza, dibulgazioa eta herritar-zientzia bateratuz

Proiektu honen beste helburuetako bat herritarrak inplikatzea da. “Argitalpena egiteko, prestakuntza eskainiko diegu herritar interesatu guztiei, Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroan (Ataria) hegaztien ezagutzan hasteko eskainiko diren ikastaro teoriko-praktikoen bitartez”, esan du Arizagak aurkezpen-ekitaldian.

Hegaztien bidez gure ingurumena ezagutu eta zaintzeko interesa piztu dakieke herritarrei.

Testuinguru horretan ere, hegaztiak gozamen- eta aisialdi-gai bihurtzen dira: gero eta gehiago zabaltzen ari da hegaztien behaketa, gero eta jende gehiago aritzen da horretan aisialdian.