Gerra Zibilean eraildako bost milizianoen gorpuak berreskuratu dituzte Zeanurin
Antropologia / desobiratzeak, Gerra Zibila
Astelehena, 2017eko azaroaren 20a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Duela bi hilabete, Altun mendiko Zumeltza eta Barazar mendateak miatzen ari zirela, Aranzadiko prospekzio taldeak Pedro San Millán Beitia milizianoren aztarnak antzeman zituen. San Millán Elantxobekoa zen eta 27 urterekin borrokan hil zuten. Bere gorpua lubaki batean aurkitu dute, 21967 zenbakia zuen plakarekin batera, identifikazioa erraztu duena hain zuzen ere.
Behin deshobiratze lanak hasi zirenean lau gorpu gehiago azaleratu dituzte, antza denez batailoneko kideak hauek ere, 1937ko udaberrian Bilboko sarbidea eteteko helburuarekin frontera bidali zituztenak.
Oraingoz aurkitutako azken lau gorpuak ez dira identifikatuak izan, nahiz eta plaka militar gehiago atera diren. Objektu hauek aztertu eta gero izen gehiago jarri ahal izango dira. Honekin batera, bost hildakoak egunean erabiltzen zituzten tresnez inguraturik agertu dira, esaterako: altzairuzko kasko bat, aluminiozko platerak, mahai tresnak eta kartutxoak.
Pedro San Millanen deshobiratzera Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko “Gogora” zuzendaria den Aintzane Ezenarro, Eusebio Larrazabal Zeanuriko alkatea eta Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko parlamentaria eta Euskadiko Partidu Komunistako idazkari nagusia bertaratu ziren.
Aranzadiko taldeak, Paco Etxeberriaren gidaritzapean, bertan lanean jarraituko du zantzu gehiago berreskuratzeko helburuarekin.