Naturarekin eta ingurumenarekin lotutako kalitatezko edukien dibulgazioa indartzeko helburuarekin, Gipuzkoa Naturaldiak Natura Bizia laburmetraia ekarri du Disqus 57
Asteazkena, 2019eko abenduaren 18a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Dokumentala Avis Productions Nature Films SL ekoiztetxeak egin du, eta EAEko eragile publiko eta pribatu askok parte hartu dute proiektuan, besteak beste Gipuzkoako Foru Aldundiak. Euskal Herriko mirari naturalak erakusten dizkigu; gure ingurunean aurkitzen dugun natura basati eta benetakoena.
Gipuzkoa Naturaldiaren gaurko jardunaldietan 18 minutuko laburmetraia aurkeztu da, Natura Bizia luzemetraia izango denaren aurrerapen bat. Jose Ignacio Asensio Ingurumen zuzendariak eta Jose Ignacio Espel Aquariumeko presidenteak inauguratu dituzte jardunaldiak. Aurkezpenean, foru diputatuak Gipuzkoa Naturaldiaren garrantzia azpimarratu du, herritarren artean naturaren ezagutza eta harekiko maitasuna sustatzea eta, hala, natura zain dezaten lortzea xede duten eragileen topagune baita: “Kontzientziazioa da jarrera-aldaketa ororen oinarria. Eta kontzientziatu ahal izateko, lehenengo gauza da gure ingurunea ezagutzea eta maitatzea”. Era berean, azpimarratu da formatu zinematografikoak duen balioa, publikoarengana iritsi eta gure gazteak naturarekin birlotzea lortzeko: «esperientziak erakutsi digu publikoa bereganatzen duen formatu bat dela. Datu bat ematearren, aipatu dezakegu egindako azken emanaldiak, zehazki Barbacana filmaren emanaldiak, lurraldeko ia mila lagunengana iritsi direla».
Jardunaldian parte hartu dute, baita ere, Lexeia Larrañaga eta Lex Gutierrezek, «Natura Bizia» lanaren zuzendari eta ekoizleak. Lexeia dokumentalaren zuzendari eta gidoilaria da. Zinemaren munduarekiko eta naturarekiko pasioak bultzatuta, bere ekoiztetxea sortu zuen, dokumentalak egin ahal izateko eta, hala, bere sormena eta naturaren mundua ikusteko duen modua islatzeko. Alex Gutierrez ekoizlea, naturari buruzko dokumentaletako kamera eta Avis Productions Nature Films SL ekoiztetxeko bazkide da.
Laburmetraia proiektatu ondoren, solasaldia egin da, eta bertan parte hartu dute Alberto Iñurrategi, Asier Hilario eta Maialen Arrieta gipuzkoarrek; hiruek parte hartu dute «Natura Bizia» proiektuan, eta lotura profesional estua dute naturarekin. Asier Bilbaok ere parte hartu du. «Natura Bizia» lanaren ekoizleetako bat da, eta «Gasteiz, martxoak 3» eta «Amaren Eskuak» filmak ere ekoitzi ditu, besteak beste.
Gipuzkoa Naturaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako sormen kolektiboko ekitaldi bat da, Gipuzkoako naturari buruzko kalitatearen dibulgazioa bultzatzeko, eta publiko osoari zuzendua; hain zuzen ere, naturari buruzko dibulgazio sortzaile eta erakargarria sustatzeko sortua, eta publiko osoari iristeko baliagarri izango diren kanal, diziplina eta formatu desberdinak erabiltzen dituena. Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azaldu duenez, Gipuzkoa Naturaldiaren helburua da “gure natura dibulgatzea, zeren eta, zerbait zaintzeko, maitatu egin behar baita, eta maitatzeko, berriz, ezagutu egin behar baita”