Giza jarduerak anfibioen gainbehera areagotu egiten du

Herpetologia

Ostirala, 2020eko abenduaren 4a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

Anfibioena, lurreko ornodun talde mehatxatuena da, espezieen heren bat baino gehiago mehatxatuta dagoelarik. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa, Europa mailan “puntu berotzat” jotzen direnak anfibio biodibertsitatearen ikuspuntutik, ez dute errealitate honetatik ihes egiten. 18 espezie bizi dira bertan, eta erdia erkidegoetako espezie mehatxatuen zerrendan barneratuta daude.

Jardunaldiak ingurumen dibulgazioa helburu duten ekintzak sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak ateratako diru-laguntzei esker burutu ahal izan ziren eta bertan izan ziren erkidego ezberdinetako 10 ikerlari aditu, Asturias, Gaztela Mantxa, Katalunia, Euskadi Nafarroa eta Madrilgoak hain zuzen ere. Zientzia bilkuran, gai nagusiak, anfibioen populazioen jarraipenak eta dituzten mehatxuak izan ziren.

Anfibioen mehatxu nagusia habitataren suntsipena edo eraldaketa da oraindik ere, horrekiko menpekotasun handia baitute ornodun hauek. Besteak beste, zuhaitz landaketa monoespezifikoak eragin zuzena dute, zabaltzen ari den eukaliptoen kasua bereziki muturrekoa delarik. Oso kezkagarriak dira, halaber, anfibioen gaixotasun emergenteak; izan ere, populazio osoak, baita espezie batzuk beraiek ere, desagerrarazi dituzte, horietako batzuk itxuraz ongi kontserbatutako lekuetan egonda. Horregatik, anfibioen desagertzearen bigarren kausaz mintzatzen da. Patogeno nagusiak onddoak (“quitridio”-ak) eta birus talde bat (“ranavirus”-a) dira. Katalunian arrabioen lehen quitridiomikosi-kasua detektatu berri denez, Euskadin eta Nafarroan prebentzio-neurriak bultzatu beharko lirateke, ahal den neurrian gaixotasun horien sarrera ekiditeko, hala nola:

  • Anfibio espezie exotikoen salmentaren kontrola.
  • Desinfekzio protokolo eraginkorrak abiaraztea, onddoa ingurumenean hedatu ez dadin.
  • Gaixotasun emergenteen problematikaren inguruko dibulgazio kanpainak egitea.
  • Patogeno horiek ingurunean duten presentzia aldian-aldian aztertzea.

Gainera, mundu osoan anfibioak talde gisa mehatxatuta daudenez, dagoeneko mehatxupean dauden espezieen jarraipenaz gain, espezie arrunten jarraipena ere egitea komeni litzake. Hauekin, espezie arraroekin, berandu izan baino lehen, epe motzera antzeman ezin diren populazio gainbeherak agerian gera daitezke eta.

Jardunaldietan nabarmendu zen beste arazo bat animalia talde honi buruz gizarteak duten ezjakintasuna. Hortaz, anfibioen eta euren gainbeheraren inguruko dibulgazio kanpainak bultzatu behar dira, egun komunikabideetan eragin handia duten bi gaiekin lotuz: biodibertsitatearen galera eta klima aldaketa. Beraz, eskolek eta komunikabideek funtsezko zeregina badute anfibioen problematikaren transmisioan, eta unea oso egokia izan daiteke gizartea krisi eko-sozialaren aurrean hartzen ari den sentsibilitatea dela eta.

ONDORIOEN LABURPENA

  • Ezagutza eta, ondorioz, zientziaren aldeko apustua egitea beharrezkoa da.
  • EAEko anfibio-populazioen egoerari buruzko ezjakintasuna nabarmena da. Ezinbestekoa da epe luzeko populazio horien jarraipena egitea eta urtero izatea, haien bilakaera ezagutu eta mehatxuak atzeman ahal izateko.
    • Arreta handiagoa jarri behar zaie mehatxu-kategoria handiena duten espezieei. Baina espezie arruntek eta ugarienek epe luzera anfibioen gainbehera globalaren edota gaitzen agerpenaren berri eman dezakete. Haiek kontuan hartu gabe nekez detektatu litezke.
    • Erne egon behar da gaixotasun emergenteen balizko agerpena eta plagizidek ingurune naturalean izan dezaketen eraginarenaurrean, jarraipen espezifikoak antolatuz.
    • Zenbait habitat, hala nola, nekazaritza-ingurune tradizionalak, habitat egokiak eta beharrezkoak izan daitezke espezie batzuk kontserbatzeko; beste batzuk, berriz, eukaliptoak bezalako espezie exotikoen monokultiboak kasu, baso itxura izan arren tranpa ekologiko gisa funtzionatzen dute.
      • Anfibio exotikoak merkaturatzeko bideen kontrol askoz zorrotzagoa egin beharko litzateke, bai zuzenean dendan zein interneten bidez saltzen direnak.
    • Herritarrak hezitzen saiatu behar da, anfibioen manipulazioa saihesteko eta horien harrapaketa eragozteko (arrautzak, zapaburuak, gazteak edo helduak izan).
    • Anfibioei eta haien gainbeherari buruzko dibulgazio-kanpainak bultzatu behar dira, mehatxu faktore nagusienen intzidentzian arreta berezia ezarriz, esaterako habitat suntsiketan eta gaixotasun emergenteetan.
      • Anfibioen garrantziari eta, oro har, biodibertsitateari buruz eskoletan heztea funtsezkoa da etorkizunerako.
      • Komunikabideek zeregin garrantzitsua izan dezakete anfibioen arazoa eta biodibertsitatearen galeraren inguruko sentsibilizazioan sozialean.

HITZALDIEN BIDEOETARA SARRERA

Jarraian adierazten diren esteken bidez Anfibioen Kontserbaziorako III. Jardunaldien: populazio mehatxatuen jarraipena ekimeneko ondorio orokorrak irakurri ahal izango dira, eta Aranzadiko youtube kanalaren bidez, Jardunaldietako hitzaldietako batzuk ikusi ahal izango dira.

OndorioakAnfibioen Kontserbaziorako III Jardunaldiak 2020