Gogora Institutuak Pedro Asua milizianoaren gorpuzkiak eman dizkio familiar

Antropologia / Auzitegiko antropologia, desobiratzeak

Astelehena, 2023eko martxoaren 20a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Eusko Jaurlaritzaren eta Galdakaoko Udalaren artean oinarri-akordio bat dago Duintasunaren Kolunbario berri bat eraikitzeko. Memoria, Giza Eskubide eta Lankidetzarako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranzek eta Galdakaoko alkate Iñigo Hernandok Pedro Asua milizianoaren gorpuzkiak familiari emateko ekitaldian parte hartu zuten.

Galdakaoko hilerritik gertu egindako ekitaldian, José Antonio Rodríguez Ranzek eskerrak eman zituen erakunde, eta elkarte guztien eta, noski, familiaren “ahaleginagatik eta konpromisoagatik”, Pedro Asua “etxera” itzultzeko.

Pedro Asua fusilatu zuten Gerra Kontseilu batek epaitu ondoren, Jakan, 1938ko otsailaren 7an, eta haren gorpuzkiak berriki berreskuratu dituzte Jakako hilerritik. Gorpuak lurpetik ateratzeko eta identifikatzeko lanak Eusko Jaurlaritzaren Desagertuak Bilatzeko Programaren barruan sartzen dira, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez egikaritzen direnak. Ekitaldia Galdakaoko Udalak antolatu zuen eta bertan parte hartu zuten: Iñigo Hernando alkateak, Javier Acín Jacako Udaleko zinegotziak, Asua familiak, Gogora Institutuko memoria teknikariak, Jacako Zirkulu Errepublikarrak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Galdakao Gogora elkarte memorialistak.

Eusko Jaurlaritzak eta Galdakaoko Udalak akordioa dute udalerrian Duintasunaren Kolunbarioa eraikitzeko. Proiektu horri buruz hitz egin zuten Memoria, Giza Eskubide eta Lankidetzarako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranzek eta Galdakaoko alkate Iñigo Hernandok Pedro Asua milizianoaren gorpuzkiak familiari emateko ekitaldian.

Ekimen honi buruz Rodriguez Ranzek esan zuen: “Elgoibarrek, Urduñak eta Galdakaok triangelu sinboliko bat osatuko dute, duintasunaren triangelua, herri baten memoria biziaren eta bere borroka inspiratu zuten printzipio eta balioekiko konpromisoaren isla: askatasuna, demokrazia eta justizia soziala”.

Sailburuordeak “Eusko Jaurlaritzak gure gudarien eta milizianoen memoriari, egiarekiko konpromisoari eta duintasunari eusteko hartutako konpromisoaren barruan” kokatu zuen.

Aurreikuspenen arabera, Galdakaoko etorkizuneko kolunbarioa Galdakaoko hilerriaren inguruan eraikiko da, Elexalde auzoan. Urduñako eta Begoñako hilerrian berriki egin diren desobiratzeen ondoren sortu da beharra; izan ere, daudenak (Elgoibar eta Urduña) ia osorik geratuko dira Urduñako hilerrian, 2022ko abenduan, lurpetik atera zituzten 57 pertsonen gorpuzkiak jaso ondoren.