Gogorak Enrique Contreras identifikatu du, Gerra Zibilean desagertu eta Amorebieta-Etxanoko hilerrian berreskuratutako gudaria
Antropologia / desobiratzeak, Gerra Zibila
Ostirala, 2024eko uztailaren 26a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak eman du identifikazio horren berri, hilerri horretan identifikatutako hirugarrena da. 11 gorpuzki berri aurkitu dira hilerrian, egunotan egiten ari den hirugarren indusketa-kanpainan.
Gogora−Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak genetikoki identifikatu du Enrique Contreras, Linaresen jaioa (Jaén) eta Aretxabaletan bizi zena, EAJ-PNVri atxikitako ‘Sarasketa’ batailoiko gudularia, 1937ko apirilaren 6an Diman hil zen. Bere gorpua non hobiratua zegoen ezezaguna zen orain arte. Haren gorpuzkiak Amorebieta-Etxanoko hilerritik berreskuratu ziren bigarren indusketa-kanpainan, aurtengo martxoan. Identifikazio genetikoa posible izan da 2018an hildako alabak DNA Bankuari emandako lehen lagin bati esker eta aurten bertan izandako bigarren lagin bati esker.
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak identifikazio berri horren berri eman du, egun hauetan Amorebieta-Etxanoko hilerrian egiten ari diren indusketa-lanetara egindako jarraipen-bisitan.
Sailburuarekin batera, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Alberto Alonso, izan da eta Ainhoa Salterain alkateak egin die harrera.
Sailburuak azaldu duenez, Enrique Contrerasen gorpuzkiak Aretxabaletako Udalean emango dizkiote bere familiari, familia-izaerako ekitaldi batean.
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren memoria-politika publikoen arduradunak bere konpromiso irmoa berretsi du: "Hainbat eta hainbat pertsonaren gorpuzkiak berreskuratzea, identifikatzea eta bere familietara itzultzea, hainbeste bizi-proiektu, hain modu bortitzean hautsitako etorkizuneko amets guztiak. Egiarekiko eta zorroztasun historikoarekiko konpromiso sendoa, baina baita gugan itxaropena jarri duten milaka familiekiko ere".
Zentzu horretan, "mezu irmoa bidali nahi diet herritarrei, demokraziaren, askatasunaren eta aniztasunaren balioak defendatzeko bizia eman zutenen justiziarekin, erreparazioarekin eta duintasunarekin dudan konpromisoarena".
Sailburuak adierazi duenez, indusketa- eta desobiratze-kanpaina berri hau "beste urrats bat da bide luze batean, eta ausardiaz ibiltzeko borondatea dugu".
Halaber, "ahalik eta identifikazio gehien lortzeko beharrezkoak diren ahaleginak" indartuko direla azpimarratu du. "Zortzi hamarkadatan zigortutako anonimatutik ahalik eta pertsona gehien ateratzeko ahalegina indartzea", eta "berriz ere atseden har dezakete etxekoen ondoan".
Amaitzeko esan duenez, "hori da Euskadiko Alderdi Sozialistak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak gobernu akordioan jasotako konpromisoa, eta hau da nire konpromiso pertsonala ere".
Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteak egiten duen indusketaren arduradunak egunotan egindako aurkikuntzak azaldu ditu bisitan. Azaldu duenez, 11 gorpuzki aurkitu dituzte, hobi bakarrean lurperatuak, eta zantzu guztien arabera, gerra garaiko ospitalean hildako pertsonen gorpuzkiak dira. Atariko emaitzak dira, hala ere, kanpaina ez baita oraindik amaitu.
Egun hauetan hilerrian egiten ari diren lanak kokapen horretan bertan egingo den hirugarren indusketa-kanpainari dagozkionak dira. Kanpaina hilaren 24an hasi zen eta 28ra arte iraungo du. Oraingo honetan, aurreko kanpainetako ondoko eremuan ari dira lanean. Aurreko kanpainetan, 2023ko abenduan eta 2024ko martxoan, 86 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera zituzten, eta hiru dira dagoeneko identifikatutako pertsonak.
Gainerakoak identifikatzeko, Gogora Institutuak berriro ere dei egiten die inguruan desagertutakoen familiei Institutuarekin harremanetan jar daitezen, balizko identifikazioa posible egiteko. Posta elektronikoz edo gogora@euskadi.eus telefonoaren bidez egin daiteke | 944032845
Enrique Contreras
Enrique Contreras, Linaresekoa (Jaen), Aretxabaletan (Gipuzkoa) bizi zen 1930etik, eta gerran hil zen 1937ko apirilaren 6an, Diman. Ezkonduta zegoen eta bikoteak bi seme-alaba izan zituen. Enriquek Aretxabaletako ‘Industrias Beroa’ lantegian egiten zuen lan. Matxinatutako tropen etorrerarekin, Gipuzkoako beste familia asko bezala, familiak herritik atera eta Bilbon babesa bilatu behar izan zuen.
Gerran zehar, Enrique Contrerasek EAJ-PNVri atxikitako ‘Sarasketa’ 2. Ingeniarien batailoiaren 5. konpainian borrokatu zuen, eta 41 urterekin hil zen Diman, 1937ko apirilaren 6an, Bizkaiko Probintziako Artxibo Historikoan gordetako Kanpainan Hildakoen Erregistroan agertzen denez.