'Hernani 1960-2021' motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak

Antropologia / Tokiko memoria historikoa

Osteguna, 2023eko otsailaren 9a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak dokumentatzen eta jasotzen dituen 'Hernani 1960-2021' liburua aurkeztu da Gipuzkoako udalerrian.

Ekitaldi berezia izan zen, eta horren adierazgarri izan dira parte hartuko zuten norbanako eta elkarteak; bertan izan da Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari eta ikerketa lanaren egile Javier Buces Cabello, esaterako. Zenbait biktimek ere parte hartu zuten aurkezpenean, eta Hernaniko udal talde politiko guztiak egon ziren Biterin.

Prozesu luze baten hirugarren emaitza da liburua. Hernaniko Udalak, alderdi politiko guztien babesarekin, biktima ordezkaritza batekin eta Aranzadi Zientzia Elkarteko adituekin batera egindako lanaren ondorioa. 2019ko urtarrilean argitaratu zuten ikerketa honen lehenengo txostena; bertan 416 biktimaren dokumentazioa jaso zuten, giza eskubideen urraketak jasandako 380 pertsonena eta motibazio politikoko biolentziaren ondorio izandako 36 pertsonena.

Lan guzti hori gizarteratzeko ireki zuten hernanioroimena.eus webgunea; horixe izan zen prozesuaren bigarren pausua. Webgunean aurkitu daitezke ikerketaren ondorioak, eta Gerra Zibileko eta diktadura frankistaren lehen urteetako dokumentazioa (1936-1945).

Aurkeztuko den liburua aurrez argitaratutako txostenaren eboluzio bat da. Ez dira txosteneko datu guztiak agertzen, baina orduko errealitatea islatu dute, erredakzio finagoa erabilita.