"Hernaniko eta inguruetako anfibio eta narrastiak" liburuaren bigarren edizioa kaleratu du Aranzadik
Asteazkena, 2018eko urriaren 24a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Harri azpitan eta putzuetan ezkutatzen dira. Iheskorrak dira, ikusten ez errazak eta fama txarra dute. Anfibioak eta narrastiak, baina, ingurumenean gertatzen denaren inguruko pista apartak ematen dituzte.
Anfibioak eta narrastiak mundu mailan dauden ornodun talde mehatxatuenak izan arren, horien inguruko ezagutza mugatua da. Euskal Herria ez da salbuespena eta badira 20 urte (30 urte EAEaren kasuan) anfibioen eta narrastien inguruko lan orokorrik egin ez dela.
Hernani eta inguruetan bestelakoa da panorama. Iñaki Sanz-Azkue eta Egoitz Alkorta bertako herpetologoen interes pertsonaletik piztutako metxa Udalera, Ereñotzuko Auzo Udalera, Dobera Euskara Elkartera eta beste hainbat eragilerengana iritsi eta badira lauzpabost urte Ziraba proiektua martxan dela.
Ekimen horretatik atera zen gida-liburu hau eta izan duen arrakastarengatik bigarren edizioa atera du Aranzadik.
Natura, ahozko ondarea, hezkuntza eta dibulgazioa
Liburuak urteetan tokian bertan egindako ikerketei buruzko informazioa modu erraz eta grafiko batean biltzen du, publiko orokor bati zuzenduta dagoelarik. Honez gain, publiko gazte bati zuzendutako kondaira eta ipuinen inguruko kapitulu batzuk ditu.
5 eurotan eskura daiteke Aranzadi Zientzia Elkartean.