Historia mintegia: Genero-errepresioa frankismoan

Antropologia / Oroimen historikoa

Astelehena, 2022eko urriaren 24a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Frankismoan emandako errepresioak emakumeengan zelan gorpuzten ziren ardatz gisa hartuz aurrera eraman zen bigarren urtez Euskal Herriko Unibertsitateak, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko UNESCO Katedrak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak babestutako mintegia. Urriaren 21 etan Bizkaia Aretoan (Bilbo) ikertzaile ugari elkartu ziren gai honen inguruan ikuspuntu eta ondorioak elkarbanatzeko asmoz.

Sarrera orokor baten ostean, Aranzadi Zientzia Elkarteko Javier Bucesek moderatuta aurrera eraman zen lehenengo mahia non lau ikerlarik gerraosteko genero-errepresioaren inguruan solas egin zuten. UNIZAReko Ángela Cenarrok hasiera eman zion mintegiari ikuspegi orokor bat aurkeztuz. Emakumeenganako indarkerien eta hauen funtzioen kokapena egin zuen. Azpimarratuz biolentzia hauek erregimenak beharrezkoak zituela ardazteko Gerra Zibilean eta Gerrostean. Gainera, balioan jarri zituen 1980ko hamarkadatik egindako genero ikuspegidun lanak. Ostera, Queralt Solék hartu zuen hitza, emakumezko erail eta fusilatuz mintzatuz. Bartzelonako Unibertsitateko kide honek datu kuantitatibo ugari aurkeztu zituen, indusketen inguruko apunte ugari eginez eta interdiziplinitatearen aukerak goraipatuz. Aranzadiko ikerlaria den Ione Zuloagak jarraitu zion 1936tik 1945era emakume gipuzkoarren errepresioa azalduz. Gipuzkoan jaiotako, bizitako edo errepresaliatutako emakumeak subjektu gisa hartuta emandako ikerkuntzaren nondik norakoak azaldu eta hainbat adibide zehatz eman zituen. Mahai hau EHUko Jon Penche, Aritz Onaindia eta Antón Perezek egindako Saturrarango emakume presoen azterketa prosopografikoarekin amaitu zen. Aztertutako 2.400 expedienteetan aurkitutako zifra ugari aurkeztuz emakume hauen profil osatuari buruz solas egin zuten Antón eta Aritz. Mahai honetatik ondorioztatu zen garrantzi handikoa dela egindako lan guztia, baina, hala ere, erakundeen partetik inplikazio falta bat sumatzen dela, iturri ezberdinen ikerkuntza historikoa aberasgarritzat jo zuten (testigantzak, argazkiak, gutunak...) eta besteak beste, nahiz eta lokalaren garrantzia aipatu, balantze global baten falta nabaritzat jo zuten.

Bigarren mahaiean erregimen frankista betean murgilduta eta Eider Landaberea Deustuko Unibertsitateko kideak gidatuta beste lau ponentzia aurkeztu ziren. Pilar Díazek ekin zion parte honi bigarren frankismoko jazarpenen nondik norakoak azalduz. UAMeko kideak erreprimitutako subjektuetan aldaketa aipatu zuen, gerran erreprimitutako landa eremuko profiletatik, inguru hiritar bateko emakumeetara saltoa azalduz. Besteak beste, legedian emandako aldaketak aurkeztu zituen emakume langileen zapalkuntzan murgildu aurretik. Azaldu zuen norbanako hauek erregimenarekin zein sindikatuekin izandako talka eta gorabeherak, hainbat kasu zehatz aurkeztuz. Honi Gemma Piérolak jarraitu zion errepresioa, “presoak eta hildakoak baino kontzeptu zabalago” baten modura aurkeztuz. NUPeko ikerlariak bere ikerkuntzaren nondik norakoak abiapuntutzat hartu zituen, non bigarren frankismoko jasarpenak aurreko garaiean emandakoekin alderatu dituen jarraipena ote den planteatuz. Honetaz gain, amaieran hainbat aipamen egin zituen, kritika eginez iturrien sarbidearen zailtasunei edota testigantzak hartzeko beharra azpimarratuz, kontuan izanda oraindik bizirik daudela zapalkuntzak jasotako pertsona ugari, baina, jada adintsuak direla. Aritza Sáenz del Castillo izan zen hitza hartu zuen hurrengoa garaiko emakumeen egunerokotasuna zelakoa zen kokatuz. Familiaren garrantzia, emakumeen estatus judiziala edota lan egiteko trabak azaldu zituen EHUko kideak. Goiza bukatzeko, María José Villak Emakumearen Babeserako Patronatuaren inguruan hitz egin zuen. Gerra Zibilaren ostean sortutako instituzioaren funtzio teorikoa eta aurrera eramandako praktikak azalduz. Honen inguruan, EHUko ikerlariak informazio osatu bat aurkeztu zuen emakumeenganako erakunde zapaltzaile honen inguruan.

Bazkalostean, Malagako Unibertsitateko Encaranción Barranquerok “genero-azterketaren bidez errepresio frankistari buruz ikasi duguna” mahai-ingurua moderatu zuen. Bertan adierazia izan zen agortu gabeko ikerketa bat dela, aztertu gabeko gai ugari daudelako. Espainiar estatuko artxiboen sarbide aske falta aipatu zuen esanez “2022an egonda gauza batzuetan ia 1978ko egoeran gaude”. Gai honek debatea sortu zuen mintegian bertaratutakoen artean, hainbat iritzi eta bizipen elkarbanatuz. Honetaz gain, beste hainbat galdera, eztabaida eta adierazpen eman ziren mintegiaren amaieran, emakume biktimagileen inguruko ezagutza falta edota oroimen historikoak duen balio didaktikoaren inguruko iritzi hartu-eman interesgarri batean loratuz.

Ponentzia guztiak jasoko dituen liburu bat aurkeztuko dela adierazi ostean, amaiera eman zitzaion hausnarketa ugariko jardunaldi honi.