Iberiar Penintsulan ia desagertuta dagoen landare-espezie bat lehen aldiz aurkitu dute Euskal Autonomia Erkidegoan
Botanika / Habitaten jarraipena eta kontserbazioa
Osteguna, 2026eko maiatzaren 21a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
- Ranunculus lingua L. espeziea aurkitu dute Gasteizen (Salburuan). Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko lehen aipamena bihurtu da, eta hirugarrena penintsula mailan.
- Mende erdi baino gehiagoan lokalizatu gabe egon ondoren, espeziea Espainian desagertutzat jo zen 2004an. Gaur egun, 3 populazio baino ez daude ziurtatuta: bi Katalunian eta bat EAEn.
Ranunculus lingua hezeguneetan hazten den landare urtarra da. Tamaina handiko landarea da (1 metro baino gehiagoko luzerakoa) eta bere loreak kolore hori bizikoak dira, 25-40 mm inguruko diametrodunak.
Landarea aurkitu duen Aranzadiko botanika-taldeak ezin izan du zenbatu Salburuan zenbat ale dauden, landarearen dentsitate handiagatik eta izaera errizomatosoagatik, baina 275 m² inguruko azalera hartzen duela zenbatetsi dute. Horrez gain, lore-multzo ugari aurkitu dituzte. Landarea topatu duten ikertzaileek ez dakite zein den honen jatorria, ezta noiztik dagoen ere hezegunean; izan ere, Salburuko parkea nahiko berria da, 30 urteko antzinatasuna baitu.
Parkea sortu osteko lehen hamarkadan, botanika-lan ugari egin ziren eta egindako inbentario horietako bat bera ere ez dago Ranunculus lingua espeziearen berririk. Nolanahi ere, Aranzadiko ikertzaileek adierazi dutenez, “2020ko behaketa bat aurkitu da GBIF plataforma digitalean; beraz, baliteke Ranunculus lingua azken 11 urteetan ezarri izana hezegunean, 2014 eta 2020 urteen artean, orain arte inor horretaz jabetu gabe”.
Azken aipamenak
Ranunculus lingua Europako eta Asiako laku-ertzetan eta ur-ibilguetan ohikoa den landarea da. Iberiar Penintsulan, ordea, benetan zaila edo ia ezinezkoa da aurkitzea, gutxitan igarotzen baitu Pirinioetako muga orografikoa.
Gironako probintzian ezagutzen zen 1947ra arte, baina 50 urtez topatu gabe egon ondoren, Espainian desagertutzat jo zen. Handik gutxira, beste populazio bat aurkitu zen Izako hezegunean (Nafarroan), baina 2013tik populazio hori ez da berriro aurkitu.
Katalunian 2011n eta 2019an lokalizatu zen berriro, eta horiek dira, Gasteizko populazio berriarekin batera, Iberiar Penintsulan ziurtatuta dauden hiru populazioak.
Kontserbazioaren ikuspuntutik, mundu mailan desagertzeko arriskuan ez dagoen arren, beren banaketa-eremuaren mugan dauden populazio hauek balio ekologiko handia dute. Neurri handi batean, isolamendu geografikoak ezaugarri bereziak sor ditzakeelako gertatzen da hori, eta horrek berezi bihurtzen ditu populazio hauek. Nahiz eta sarritan txikiagoak izan eta populazio zentralek baino estres handiagoa jasaten duten, espezie baten epe luzerako biziraupena bermatu dezaketen ezaugarriak izan ditzakete.