Iñaki Sanz-Azkuek zientzia-kazetaritza arloko Caf-Elhuyar saria irabazi du

Herpetologia

Osteguna, 2019eko maiatzaren 16a — CEST

Irakurketa: 5 minutu

    • Iñigo González de Arrieta Martínez, Iker González Cubiella, Maider Beitia San Vicente, Itziar Urizar Arenaza, Izaro Zubiria Ibarguren eta Iñaki Sanz-Azkue, Herpetologia saileko bazkidea, izan dira sarituak.

    • Martin Etxauri Sainz de Murietak jaso du beka, “Fossil Plastics” proiektua garatzeko; eta Jesus Mari Txurruka Argarate Biologian doktorearentzat izan da Merezimendu Saria.

Atzo izan zen CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia; zientziaren eta teknologiaren mundua gizarte osoarekin lotzeko asmoa duen ibilbide luzeko tren horren 25. edizioa, hain zuzen. Berezia izan zen ekitaldia, lehen aldiz CAFen egoitza nagusian egin baita, Beasainen. “Igo trenera!” izan da aurtengo sariketaren leloa, eta helburu du zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.

70 lan jaso dira aurten, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da. Epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Iñigo González de Arrieta Martínez bilbotarrak eta Iker González Cubiella ondarroarrak irabazi dute, “Dysonen esferen bila” izeneko artikuluarekin. Kontzeptu zail bat modu oso entretenigarrian azaltzea, eta zientziak existitu daitekeena ezagutzeko ere balio duela erakustea hartu du aintzat epaimahaiak lan hori saritzeko.

Dibulgazio-artikulu orokorren kategorian lan bakarra saritu badaiteke ere, epaimahaikideek erabaki dute beste lan batek aipamen berezia merezi duela, lan irabazlearekin lehia estu-estuan egon da eta. Oso joko interesgarria egiten du “Zelulak online daude” artikuluak, sare sozialak metafora gisa erabiliz, zelulen arteko komunikazioak nolakoak diren azaltzeko. Maider Beitia San Vicente gasteiztarra eta Itziar Urizar Arenaza bilbotarra dira lanaren egileak.

Lehen sektoreko lanak saritzea helburu duen Neiker Sari Berezia eta aurtengo saritua Izaro Zubiria Ibarguren lizartzarra izan da, “Esnea ekoizteko, bertako ala kanpoko proteina erabili?” lanarengatik. Lan hori ere dibulgazio-artikulu orokorren kategoriakoa izan da, eta, epaimahaikideen arabera, oso ondo azalduta dago, era garbi batean, nahiz eta atzean ikerketa-lan handia izan, eta abeltzaintzaren benetako arazo bati erantzun nahi izatea ere goraipatu dute.

CAF-Elhuyar sarietako dibulgazio-artikuluen kategoriako beste atala, egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, oso lan gutxi jaso baitira, eta ez zituzten gutxieneko irizpideak betetzen. Edonola ere, epaimahaikideek kategoria honen garrantzia azpimarratu dute, egileei aukera ematen baitie beren doktoretza-lana azaltzeko eta zabaltzeko publiko orokorrari eta gizarte osoari.

Bestalde, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategoriako lan irabazlea xumea bezain erakargarria da epaimahaikideen arabera, eta, aldi berean, lanketa sakona duena. Gure bazkide Iñaki Sanz-Azkue hernaniarrak idatzitako “Hegaztiak, erleak, zomorroak... Sagastien zaindari txikiak” lana izan da irabazlea, eta Argian argitaratu zuten udaberri hasieran.

Saridun guztiek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eskaintzen du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoa “Fossil Plastics” proiektuak irabazi du. Epaimahaikideen esanean, planteamendu oso interesgarria du, gaur-gaurko kezka bati erantzuten dio, eta alde pertsonala ere txertatzen du, nortasun handiz. Egilea Martin Etxauri Sainz de Murieta burlatarra da.

Sariak banatu ondoren, iaz Zientzia Gizartean sorkuntza-beka jaso zuen proiektuaren emaitza erakutsi dute egileek, Ander Gortazar Balerdik eta Jacek Markusiewiczek: Bastartak!.

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ematen du, euskararen normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu. Aurten, Jesus Mari Txurruka Argarate Biologian doktoreak jaso du aitortza hori, zientziaren dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lanarengatik.

Bertaratutakoen artean, saridunez eta haien lagun eta senideez gain, epaimahaikideak eta zenbait erakundetako ordezkariak izan dira, besteak beste, Jose M. Pitarke de La Torre, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CIC nanoGUNEko zuzendari nagusia; Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia; Gorka Zabalegi Aginaga, CAFeko Giza Baliabideetako zuzendaria; Bingen Zupiria Gorostidi, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Bittor Oroz Izagirre, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Amaia Esquisabel Alegria, Eusko Jaurlaritzako ikerketa-zuzendaria; Ander Irizar Apaolaza, Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria; Ainhoa Aizpuru Murua, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua; Garbiñe Mendizabal Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Leire Baraño Orbe, NEIKER-Tecnaliako zuzendari nagusia, eta Eva Ugarte Sagastizabal NEIKER-Tecnaliako Teknologia eta Berrikuntza zuzendaria.

Epaimahaikideak, berriz, hauek izan dira: dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituztenak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta idazlea; Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyar aldizkariko zuzendaria; eta Eva Ugarte Sagastizabal, NEIKER-Tecnaliako Teknologia eta Berrikuntza zuzendaria (NEIKER Sari Berezian bakarrik).

Azkenik, Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak, honako hauek epaitu dituzte: Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna, eta Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia.