Aranzadi Zientzia Elkarteak erabilitako irizpide metodologikoei buruzko zehaztapenak gertuko oroimenaren ikerketen harira
Antropologia / Egungo memoria historikoa
Osteguna, 2023eko apirilaren 13a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 5 minutu
2013an Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiak Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013) (Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekaina. Manuela Carmena, Jon Mirena Landa, Ramón Múgica, Juan Maria Uriartek sinatua) dokumentuan giza eskubideen urraketa larriei buruzko oinarrizko kategorizazioa ezartzen zuen, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen arabera. Gainera, hiru biktima-eragile posible bereizten ziren: ETA eta beste talde armatu batzuk, Estatua eta ESGI (Estatuaren Segurtasunerako Gorputz eta Indarrak), eta talde parapolizial eta eskuin muturrekoak. Era berean, txosten horren azken iradokizunetan honako hau adierazten da:
“Nazioarteko estandarren arabera, sufrimendu guztiak ez dira giza eskubideen urraketatzat hartu behar. Horrek ez du esan nahi aintzat hartu behar ez direnik gizartea onbideratzeko ikuspegitik begiratuta. Bestalde, enpatia da humanismoaren eta zibilizatu izatearen funtsezko adierazgarria. Azkenaldiko gure historian mota horretako sufrimendu asko izan dugu.
Demagun familia-eremuaz ari garela. ETAren mehatxuak, estortsioa edo irainak jasan behar izan dituen norbaiten senitarteko bakoitzak sufritu egin du. Presoen senideek ere sufritu egin dute, baita 40.000 atxilotuen senitartekoek ere (Barne Ministerioaren arabera, atxilotutako horietatik 10.000 baino gutxiagori leporatu diete ETArekin harremana izatea).
Baina, bereziki, ez ahaztu beste 277 pertsona hil direla modu askotara, indarkeriarekin loturiko gertaera edo egoeretan: nork bere buruaz beste eginda, liskarretan, armak manipulatzean, polizia-kidegoen artean ustekabeko tiroen ondorioz... Gertakari horiek ezin dira zentzu hertsian giza eskubideen urraketatzat hartu baina, hala ere, gertaturikoaren memoria osatzen dute.”. (Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiak. Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013).
Gainera, aipatutako txostena 2014an Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Zuzendaritzak eta hainbat elkartek osatutako motibazio politikoko indarkeriatik eratorritako giza eskubideen urraketen eta bestelako gertakarien sailkapenaren oinarria izan zen. Beraz, sailkapen hori ez da Aranzadi Zientzia Elkartearen alde bakarreko lanketa batetik abiatzen.
Ondoren, 2016an, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak, Oroitzapenezko ekintzak eta biktimen aitortza sustatzen laguntzeko udalei eskaintzen zaien agiri informatiboa egin zuen. Azken hau, 1960tik 2013ra bitartean gertatu ziren eta guztiz argitu edo ikertu gabe geratu ziren bizitzeko eskubidearen urraketak gertatutako EAEko udalerri bakoitzean osatu zen; edozein zela agente biktimarioa ere.
Dokumentu hauetan hurrengoa berresten zen:
“60/147 Ebazpena da nazioarteko zuzenbideak biktimei zuzendutako politikak egiteko duen bitartekorik garrantzitsuena; Nazio Batuen Batzar Nagusiek onartu zuten, 2005ean. Ebazpen horren 9. artikuluan berariaz jasota dago pertsona bat biktimatzat hartuko dela, alde batera utzita kasua judizialki erabat argitu den ala ez. Horrela izan ez balitz, terrorismoaren edo bestelako indarkerien biktimak ezin izango lirateke biktimatzat hartu, baldin eta kasu horiek epaitu edo argitu gabe baleude, eta, ildo horretatik, ezin izango litzaieke erreparaziorik egin errekonozimendu-lege batek babestutako administrazio-egintza baten bidez. Gogora Institutua. https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/udal-erretratuak/
Nolanahi ere, Udal Erretratu horiek ez dituzte gai moralak edo etikoak jorratzen, baizik eta udalerri guztietan eskema berari jarraituz, gertaera bakoitzaren deskribapen labur batera mugatzen dira. Informazio horrek “oroitzapenezko ekintzak eta biktimen aitortza” sustatzea erraztuko du.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak egindako eskema horri jarraitzen dio Aranzadi Zientzia Elkarteak, udalbatzek eskatuta. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ezartzen duen bezala “oraintsuko memoria” edo “gertuko oroimena” deritzogu kasu horiek kokatzen diren garaiari, https://www.gogora.euskadi.eus/oraintsuko-memoria-proiektuak/webgog00-cogogora/eu/
Halaber, Gogora Institutuaren txostena kontutan hartuta Giza Eskubideen eta Oraintsuko Memoriaren (1960-2018) udal txostenak egiteko oinarriak eta irizpideak Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzentzen dituen ikerketa-proiektuek bere egiten dituzte ezartzen dituen hiru irizpide nagusiak: ez baztertu, ez legitimatu, ez garrantzirik kendu. Gainera, lehen esan bezala, nazioarteko estandarrei erreparatzen zaie, parte-hartze sozial aktiboa dute eta adostasunetik abiatzen dira.
Azken puntu horri dagokionez, azpimarratu behar da Aranzadik egindako ikerketen abiapuntua udalerri bakoitzean udal-ordezkaritza duten talde politiko guztien aldez aurreko adostasun politikoa dela. Are gehiago, udal taldeak dira, kasu gehienetan duela hamarkada batetik antolatutako elkarbizitza-mahaien bidez, Aranzadirekin harremanetan jartzen direnak proiektu integral bat egin dezan, aurreko paragrafoetan adierazitako irizpideei jarraiki. Hau da:
- Giza eskubideen urraketa larrien biktimak ez ezik, motibazio politikoko indarkeriatik eratorritako beste gertakari batzuen eraginpeko pertsonak ere barnean hartzea.
- Motibazio politikoko indarkeriak eragindako biktima edo pertsona bat onartzeko edo baztertzeko irizpidea ez izatea biktimagilearen baldintza, aurretik finkatutako kategorizazioa baizik.
- Ikerketa oinarrizko dokumentu batera mugatzea, erradiografia gisa. Kasuen identifikazioan soilik zentratzen den eta herritarrentzako eskuragarri egongo den datu-base publiko baten bidez.
Irizpide horien arabera, azken hamar urteetan Aranzadin tokiko ikerketak egiteko jaso ditugun eskaerak ontzat eman dira kasu guztietan, bai lehen zehaztutako oinarrizko irizpideak bete direlako, bai tokiko indar politiko eta gizarte-eragile guztien aldez aurreko adostasunetik abiatu direlako.
Ikerketa horietan funtsezkoa den beste puntu bat, eta udalerriaren adostasun politiko eta sozialetik abiatzen den eskakizuna dena, ikerketa hauek integralak eta ez partzialak izan behar direla da. Alegia, aztergaia ez da biktima-mota jakin bat biktimagilearen arabera; biktima guztiak baizik, biktimagilea edozein dela ere.
Gainera, aldez aurreko adostasun horrek, udalerri guztietan, lan horretan dihardugunok hainbat diziplinatako profesionalak garela aintzat hartzen du (batik bat historialariak, antropologoak eta forentseak), eta metodologia zientifikoarekin lan egiten dugula, Aranzadik 75 urteko historian egin duen bezala. Aranzadik lurzoru zientifikoa eraikitzen du datu objektiboak identifikatu eta bilduz, erakundeek ahalik eta adostasun handienarekin eraiki dezaten hain beharrezkoa den lurzoru etiko hori.
Azken finean, ikerketa horiek eskatu dizkigutenean, ez digute eskatu kontakizun bat eratzeko, baizik eta tokiko erakundeei laguntzeko, tresna erabilgarri baten bidez giza eskubideen bortxaketen biktimak zein motibazio politikoko indarkeriatik eratorritako sufrimenduak izan dituzten pertsonak identifikatzeko, azken hauek ezin direlarik giza eskubideen urraketa larrien biktimatzat hartu.
Amaitzeko, azpimarratu proiektu bakoitza abian jarri aurretik, proiektua garatu bitartean eta edozein dokumentu edo web publiko egin aurretik, talde politiko eta tokiko bizikidetza-mahai guztiek eskura izan dituztela garatu diren edukiak.
Hala eta guztiz ere, azken urteotan horrelako proiektuak bultzatu dituzten eragile instituzional, politiko, akademiko eta sozialek oinarrizko irizpideetan eta metodologian egin litezkeen aldaketei edo hobekuntzei buruzko hausnarketa bateratua egiteko beharra balute, Aranzadi Zientzia Elkartea prest egongo litzateke eragile hauekin guztiekin lankidetzan aritzeko. Betiere independentzia zientifikoz jardunez, zorroztasunez eta leialtasunez, gure erakundeek memoriaren eta giza eskubideen arloan bultzatzen dituzten politika publikoak ardatz hartuta.