Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Polloeko mausoleo frankistan lurperatutako gudari errepublikarrak omendu dituzte
Igandea, 2023eko martxoaren 12a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 6 minutu
Aranzadik identifikatutako 17 milizianoen izenak dituen plaka batek Polloe hilerriko mausoleo frankistan lurperatutako gudari errepublikarrak gogorarazten ditu, ‘Duintasuna’ eskulturaren erreplika baten ondoan. Biktimen hogeita hamar bat senide izan dira memoria eta omenaldi ekitaldian.
José Antonio Rodríguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, eta Eneko Goia, Donostiako alkatea, Polloe hilerriko mausoleo frankistan lurperatutako errepublikanoen senideekin batera, izan ziren Donostiako kanposantuan egindako ekitaldiaren buru.
Ekitaldia bi erakundeen eta familien arteko akordioaren emaitza da, eta helburua du tokiaren esanahia gaurkotzea eta mausoleo horretan lurperatutako borrokalari errepublikarren oroimena duintzea; mausoleo hori matxinatuen gorpuzkiak gordetzeko eta ohoratzeko eraiki baitzen. Horrela, mausoleoaren ondoan jarritako plaka batek, bertan lurperatutako 17 milizianoren izenekin, gogorarazten ditu eta Iñigo Arregi eskultorearen ‘Duintasuna’ eskulturaren erreplikak osatzen du memoriarako konposizioa.
Hogeita hamar bat senide bertaratu ziren ekitaldira eta beraiekin bateran izan ziren: Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria – Gogora; Ane Oyarbide, Donostiako Udaleko Elkartasun eta Eskubide Zibiletako zinegotzia eta Udaleko udalbatzako kideak; Julen Arzuaga eta Ion Gambra Gogoraren zuzendaritza kontseiluko kideak; Jon Hernández legebiltzarkidea.
Eneko Goia alkateak, bere hitzaldian, nabarmendu zuen“lekuaren esanahia gaurkotzerakoan zorrak kitatzen jarraitzen dugula gure askatasunen eta gure hiriaren alde borrokatu zutenekin. Horrela, memoria historikoaren ariketa bat egiten dugu toki honi dagokion duintasuna itzultzeko, eta frankismoak gure herrian egindako kaltea gogoratzeko eta konpontzeko espazioak berreskuratzen jarraitzen dugu”.
Jose Antonio Rodríguez Ranz sailburuordeak esan zuen aurrerantzean lekua ez dela mausoleo frankista bat eroritakoen omenez, baizik eta “memoria demokratikoaren sinbolo” bihurtu dela.
“Nazioarteko zuzenbidearen printzipioak berresten ditugu, giza eskubideen urraketei eta urraketa horien biktimei dagokienez. Egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa ere bada, gaurko ekitaldia”.
Halaber, “herri gisa Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimekin dugun konpromisoa berresten dugu, memoria demokratikoarekin eta printzipio etiko eta demokratikoekin dugun konpromisoa, eskubideen urraketen aurrean eta totalitarismo zahar eta berrien benetako mehatxuaren aurrean”.
Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuaren bitartez, eta Udalak, biktimen familiekin adostu ondoren, orain arte identifikatutako 17 milizianoen izenak jasotzen zituen plaka bat jartzea erabaki zuten, ‘Duintasuna’ eskulturaren ondoan. Elgoibarko eta Urduñako Duintasunaren Kolunbarioak buru dituzten eskulturen bi metroko garaierako erreplika.
Udalak eta Gogorak sustatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa historikoaren eta aztarnen egoeraren prospekzioaren ondoren hartu zen lekuari esanahiz aldatzeko erabakia. Ikerketa horietatik ondorioztatu baitzen ezinezkoa dela mausoleo horretan lurperatutako gutxienez 17 biktima errepublikarren gorpuzkiak identifikatzea eta gerora berreskuratzea. Kalkuluen arabera, mausoleo frankista horretan 200 pertsona ingururen gorpuzkiak daude ehortzita.
Ehortzitako pertsonak
Donostiako Udalak eskatuta egindako ikerketa historikoak ondorengo 17 gudari errepublikarren gorpuzkiak 1939an eraikitako mausoleoan lurperatu zirela dokumentatu ahal izan du.
1936ko uztailaren 22tik 25era hil ziren guztiak, matxinatuek Donostiako hiriburua militarki okupatu aurretik izandako borroketan.
| Izena | Jaioterria | Bizilekua | Filiazioa |
1 | Pedro Arriola San Pedro | Eibar | Eibar | Milizia |
2 | Severiano Asarta Imaz | ------- | Donostia | PCE |
3 | Narciso (de) Santos Herrero | Pinarejos (Segovia) | Donostia | CNT |
4 | Lorenzo Echarri Isasa | Donostia/ San Sebastián | Bilbo | PCE |
5 | Marcos Gallurralde (Gallaralde)Elejalde | Marañón (Nafarroa- Navarra) | Bilbo | CNT |
6 | Camilo Ibáñez Azcoaga | Vitoria-Gasteiz | Arrasate - | UGT |
7 | Manuel Inoriza Sagarminaga | Galdames | Galdames | PCE |
8 | Francisco Irazabal Sáez | Gasteiz | Bilbo | UGT |
9 | Álvaro Izurza Pascual | Iruña | Bilbo | CNT |
10 | José Lage Iza | Guitiriz (Lugo) | Donostia | Milizia |
11 | Luis Larrea López de Ipiña | Gasteiz | Bilbo | UGT |
12 | Ambrosio Narvaiza Sarasqueta | Eibar | Eibar | Milizia |
13 | Pedro Olmedo Paumero | Arrasate | Arrasate | Milizia |
14 | Clemente Queipo | A Coruña (A Coruña) | A Coruña (A Coruña) | ----- |
15 | Eusebio Serrano Álvarez | Palencia (Palencia) | Balmaseda | CNT |
16 | Benito Uranga Balanzateg(u)i | ----- | Arrasate- | Milizia |
17 | Eloy Zufiaurre García | Altsasu (Nafarroa) | Altsasu (Nafarroa) | Milizia |