Juan Arin Dorronsoro ikerlariaren lan etnografikoak lehen aldiz biltzen dituen liburua aurkeztu da Ataunen

Etnografia

Asteazkena, 2018eko ekainaren 27a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

2018an zehar, Aranzadiko Etnografia sailak ikerlari ataundarraren etnografia lanak bildu eta argitaratzea erabaki du. Horretarako, Arin Dorronsorok egindako plegu, marrazki, lamina eta bestelako materiala hark idatzitako artikuluekin batu eta monografiko eguneratua sortu da. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ataungo Udalak eta Kutxa Fundazioak finantzatu dute, Aranzadi, Oargi Kultur Elkartea eta Lazkaoko Beneditarren kolaborazioarekin.

Juan Arin Dorronsoro (1892 -1972) Ataungo Telleriazpi izeneko baserrian jaio zen; dokumentalista, etnografo eta idazle aipagarria, XX. mende hasieran ekin zion berrogeita hamar urtetik gorako ikerkuntza jardunari. Ataunen, jaioterrian, eta ingurumarian burutu zituen ikerketak. Bere lana 1926. urtetik 1970. urtera arte luzatu zen. Berak bildutako edukiak eta testigantzak (datuak, erregistroak, ezagutzak, usadioak, etab.) deskribapen etnografiko borobil bihurtu zituen. Garai bateko bizimoduaren atalak, berak ikusiak eta ezagutuak, zuzenean bildu eta galtzeko zorian zeudela jakitun zela, ahanzteko arriskutik berreskuratzen eraginkor izaten asmatu zuen.