Juan Arin Dorronsoro ikerlariaren obrak biltzen dituen liburua aurkeztuko da Ataunen

Etnografia

Astelehena, 2017eko abenduaren 11a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

2017ko abenduaren 12an Juan Arin Dorronsoro etnografoaren jaiotzaren 125. urteurrena betetzen da. Testuinguru honetan Ataungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Aranzadi Zientzia Elkartea bere ikerketa lanak biltzeko eta zabaltzeko elkartu dira, ikertzaile honek egindako lan aitzindariari behar duen errekonozimendua bultzatzeko helburuarekin.

Juan Arin Dorronsoro (1892 -1972) Ataungo Telleriazpi izeneko baserrian jaio zen; dokumentalista, etnografo eta idazle aipagarria, XX. mende hasieran ekin zion berrogeita hamar urtetik gorako ikerkuntza jardunari. Ataunen, jaioterrian, eta ingurumarian burutu zituen ikerketak. Bere lana 1926. urtetik 1970. urtera arte luzatu zen. Berak bildutako edukiak eta testigantzak (datuak, erregistroak, ezagutzak, usadioak, etab.) deskribapen etnografiko borobil bihurtu zituen. Garai bateko bizimoduaren atalak, berak ikusiak eta ezagutuak, zuzenean bildu eta galtzeko zorian zeudela jakitun zela, ahanzteko arriskutik berreskuratzen eraginkor izaten asmatu zuen.

Aurkeztuko den liburuak Arin Dorronsorok argitaratutako obra guztiak biltzen ditu eta ikerketa lan zabalago baten lehenengo atala da. Paperezko 50 aleko edizio mugatuarekin batera edizio digitalean aurkeztuko da, sarean hedatzeko erraztasuna emango duena. 2018an zehar argitaratu gabeko ikerlanak aztertu, maketatu eta argitaratzeko asmoa dago, guztiarekin Euskal Herriko liburutegi eta artxibo nagusietan zein ikerketa zentroetan behin betiko idazlan bilduma eskuragarri izatea lortu nahi baita.