Kakalardoak, armiarmak, burruntziak eta tximeletak, biodibertsitatearen kontserbazioan giltzarri

Entomologia

Asteartea, 2020eko martxoaren 3a — CEST

Irakurketa: 4 minutu




    • - Aranzadi zientzia-elkartea da proiektuan buru, eta Basabizitzaren Nazioarteko Egunean aurkeztuko du.

    • - Xedeen artean, biodibertsitatearen kontserbazioari buruzko informazioa, kontzientziazioa eta herritarren parte-hartzea sustatzekoa dago.











Basabizitzaren Nazioarteko Egunaren aurtengo leloa «Lurreko bizitzaren iraunkortasuna bermatu» da, eta, bertan, animalia eta landare basatien espezie guztiak hartzen dira kontuan, munduko biodibertsitaterako osagai giltzarriak baitira. Horrek bat egiten du Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin.


Escaralimania

Testuinguru horretan, Aranzadi zientzia-elkarteak ESCARALIMANIA proiektua aurkeztu du. Kakalardoek, armiarmek, sorgin-orratzek eta tximeletek Lur planetan erregistratutako biodibertsitatearen osagai nagusia eratzen dute, eta planetako prozesu ekologikoetan nahitaezkoak dira. Beraz, jasangarritasunerako giltzarria da animalia horiek kontserbatzea, eta gure ongizatearekin oso lotuta daude. Hala ere, gaur gaurkoz, jendeak oro har ez daki zer gertatuko litzatekeen animaliok desagertuko balira.

ESCARALIMANIA, hortaz, intsektuen eta herritarren arteko zubia izango da, eta, besteak beste, animaliok duten garrantzia nahiz animaliok behar bezala kontserbatzeko dauden arazoak jorratuko dira bertan. Era berean, parte hartzera gonbidatuko da jendea, faunaren segimendua egiteko eta intsektuentzako habitatak hobetzeko jardueren bidez. Herritarren zientzia-proiektu honek bi urte iraungo ditu (2020-2022).

Programa, bada, ikasi, behatu, parte hartu eta ekin terminoetan oinarritzen da. Ikasi: entomozaleak trebatzea, espezieak identifikatzeko ikastaroen eta espezieak behatzeko dibulgaziozko irteeren bidez. Edonork eman dezake izena sorgin-orratzei, armiarmei, kakalardoei eta tximeletei buruzko doako ikastaroetan. Aranzadiko eta Zerynthiako entomologo profesionalek emango dituzte ikastarook.

Behatu: ikastaroan fauna behatuz eta interpretatuz ikasitakoa praktikan ipintzea. Sorgin-orratzen eta tximeleten segimendua egiteko sareen bidez egingo dira behaketak, Euskal Autonomia Erkidego osoan.

Parte hartu: mundu zientifikoarekin lankidetzan aritzea. Aurretik egindako fauna-behaketek espezie horien kontserbazio-egoerari buruzko kalitateko datuak emango dituzte, eta entomologoek haien ikerketa zientifikoak egiteko erabiliko dituzte datuok.

Ekin: Intsektuen hotelak, hazi-bolak edo tximeleten oasiak. Habitatak eraikitzeko edo hobetzeko ekintza zehatzen bidez, animalion kontserbazioari lagunduko zaio. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian egingo dira jarduera guztiak. Lurralde historiko bakoitzean, proiektua babesten duten agente ezberdinekin egingo da lan.

Gipuzkoa: Bidasoa LHko ikasleek intsektuen hotelak eraikiko dituzte. Ondoren, Oiangun (Ordizia) jarriko dira, eta, era berean, dibulgaziozko jarduerak egingo dira (hala nola, hazi-bolak).

Araba: Tximeletentzat oasi bat berreraikiko da Gorbeian, eta, horretarako, bi landare mota dauzkan lorategi bat zaharberrituko da, helduentzat eta beldarrentzat. Ekintza honetan, Zerynthia elkarteak hartuko du parte.

Bizkaia: Urdaibaiko Biosferaren Erreserban narriatuta dauden lursailak birmoldatuko dira, Lurgaia fundazioaren babesari eta horrek jabetzan edo zaintzapean dituen lursailei esker.











Kakalardoak, armiarmak, sorgin-orratzak eta tximeletak

Kakalardoak: 450.000 espezie baino gehiago daude erregistratuta, eta planetako animalia anitzenak dira, animalia batek egin ditzakeen funtzio ekologiko guztietan hartzen baitu parte. Hainbeste izanik, ESCARALIMANIA proiektuak saproxilikoei begiratuko die; hau da, bizitzeko zuhaitz zaharrak edo hilak erabiltzen dituztenei. Horien artean, egur hila txikitzen laguntzen duten espezieak daude. Bada, saproxilikoek beste izaki bizidun batzuen eskura jartzen dituzte hildako egur horien mantenugaiak, eta haien ugalkortasuna hobetzen dute (laburbilduz: mantenugaien birziklapena).

Armiarmak: lehorreko habitat mota guztietan intsektuen izurriteak mugatzen dituzten harrapakariak dira. «Izurriteen kontrol biologikoaren kontserbazioan», haien babesak zeresan handia dauka; izan ere, intsektuen izurriteei izaki bizidunen bidez egin dakieke aurre, pestizida kimiko eta kutsatzailerik erabili beharrik gabe. Gainera, armiarmak bio-inspiratzaileak dira, haien sareen inguruko ikerketek zenbait asmakizun sortzen lagundu baitute; adibidez, zubien arkitektura, jostura sendagarri biobateragarriak (ez dute errefusik eragiten), balen aurkako txalekoak eta abar. Horretaz gain, pozoiari buruzko ikerketei esker, substantzia sendagarri ugari sortu dira.

Sorgin-orratzak: ur-ekosistemei loturiko taldea osatzen dute, eta, haiei esker, ekosistema horien egoera ekologikoaren berri eduki daiteke. Osasun-intereseko intsektuen harrapakariak dira; besteak beste, eltxoenak eta eulienak. Bestalde, ikerketa aplikatuetan ere garrantzitsuak dira (adibidez, dronen diseinuan, hegaldiaren mekanikarengatik), eta naturaren argazkilaritzaren zaleek asko estimatzen dituzte.

Tximeletak: tximeletek eta, batez ere, gaueko sitsek oso eginkizun garrantzitsua daukate polinizazioan. Beldarrak, oro har, belarjaleak dira, eta landare txikien birsorkuntza bizkortzen dute, horien gainekoak «argitzen» dituztelako. Bestetik, lurzoruetan mantenugaiak birziklatzen laguntzen dute, sabelusteen bidez. Lehorreko habitatetako biodibertsitatearen adierazle garrantzitsuak dira, eta gizartean oso onartuta daude, duten balio estetikoa dela-eta.