"Konturatu nintzen euskalkiak galtzen ari zirela eta, ez bagenuen jasotzen, betiko galduko ziren"
Igandea, 2017eko abenduaren 17a — CEST
Irakurketa: 4 minutu
Kaixo Koldo. Aspaldi ezagutzen dugu elkar. Orain dela urte asko mendian elkartu ohi ginen eta, orain berriz, biok Aranzadiko Etnografia saileko partaideak gara. Azken urteetan Nafarroako euskara ikertzaile bezala ezaguna zara. Esango didazu zein lan egiten ari zaren orain?
Etnografia Saileko Fermin Leizaola eta Miren Egaña kideek, 1975an, Marcel Cohen hizkuntzalari ospetsuak prestaturiko etnolinguistikako inkesta ezagutu eta eskuratzeko aukera izan zuten. Inkesta honek 570 galdera zituen. Parisko Unibertsitateko Etnologia Institutuak egokitua zen, eta Hizkuntzalarien Nazioarteko Batzorde Iraunkorrak argitaratua zuen. Aspalditik, Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoa (EAEL) egiteko asmoa genuenez, inkesta horretan oinarriturik lanean hasi ginen. Horretarako gure artean taldea osatu, eta orain dela 150 urte Louis-Lucien Bonapartek egin zuen euskalkien mapa kontuan hartuz, toki horiek gure artean banatu eta, 80. hamarkadan lanean hasi ginen.
Euskara oraindik bizirik edo euskara ezagutzen zuen norbait topatzeko asmoz, nik Goi-Nafarroako aldea aukeratu nuen eta lan hau egiteko ekialdetik hasi nintzen. EAEL argitaratzeko egin genituen elkarrizketa guztietatik aukeraketa bat egin behar izan genuen. Nik grabaturiko elkarrizketatik ateratako material batzuk, pixkanaka-pixkanaka, Nafarroan argitaratzen den Fontes Linguae Vasconun (FLV) aldizkarira bidaltzen hasi nintzen. Erronkariko euskarari, 4 artikulu; Zaraitzukoari buruz, 10; Artzibarkoari buruz, 9; Aurizkoari buruz, 1; eta Erroibar-Esteribarkoari buruz, 6. Olaibarkoari buruz ere, 2 eskaini nahi diot. Eta gero etorriko dira azken atalak, Gulia-Txulapain eta Arakilgo mintzoak barne hartzen dituztenak.
Lan hori egiteko zein metodologia erabiltzen duzu?
EAEL egiterakoan, lehen aipatutako inkesta pasatzen genien euskara zekiten pertsonei. Galderetan gai asko zeuden, adibidez, nola egiten zuten ikatza, ogia, gazta, … nolakoak ziren erromeriak, Gabonak, inauteriak, festak … eta baita ohiturak nolakoak ziren ere. Esandako guztia grabatzen nuen. Baita kontatzen zituzten anekdotak ere. Herrialde bakoitzak bere berezitasunak ditu eta horiek dira artikuluetan azaltzen ditudanak.
Nola bilatzen zenuen euskara zekien jendea?
Herri batera joaten nintzenean, jendeari galdezka hasten nintzen ia euskara zekien norbait ezagutzen zuten. Beraiek zuzentzen ninduten norengana joan.
Zure lan hori egiteko zein zailtasunekin topatu zinen?
Kilometro asko egin beharra, inkestatu bakoitzarekin bi edo hiru egunez hitz egin behar izaten nuen.
Zein izan da lan honek eman dizun poza?
EAEL lan hau dela eta, Pedro Irizar ezagutu nuen. Madrilen bizi zen, euskara ondo menperatzen zuen. Euskal Aditzari buruz bi liburu egin zituen. Laguntza eskaini nion, bereziki Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Behe-Nafarroako aditzak biltzen, eta hamaika herritakoak bildu nituen. Bernardo Estornes Lasa izabarra ere ezagutu nuen, aspaldi erronkarierazko hiztegia biltzen ibilitakoa, eta nire lanaren berri izan zuenean laguntza eskatu zidan hiztegia Erronkariko herri ezberdinen arteko hitzak sailkatzen. Gustura lagundu nion. Pozgarria da niretzat, hizkuntzalaritzan amateurra izanik beste batzuei lagundu ahal izatea.
Zerk eragin zizun ikerketa hori egitea?
Gure herriaren hizkuntz kontzientzia nuen eta, hori horrela, euskararen egoeraz kontziente izatera iritsi nintzen. Une horretan zenbait tokitan euskalkiak galtzen ari zirela eta, ez bagenuen jasotzen, betiko galduko ziren.
Gizarteari lan horrekin zein ekarpen egiten diozula esango zenuke?
Egindako lanari esker zenbait lurraldetako hizkera edo mintzamoldeak jasota gelditu dira eta, hortaz, zer nolakoak ziren badakigu.
Ikerketan hasi nahiko lukeenei zer aholku emango zenieke?.
Jendearengana umilki hurbildu, zer egiten ari zaren azaldu eta horretarako beharko duzun denboraz garbi hitz egin, eta errespetu handiz esandakoa entzun eta agindutakoa bete.
Esan egidazu Aranzadi Zientzia Elkarteak zein eragin izan duen zure bizitzan.
Nire bizitzako parte nahiko handian gustuko zeregina eman dit, alde batetik, eta bestetik berriz, Fermin Leizaolak iradokita, EAELen, leku ezagatik plazaratu gabe gelditu zitzaizkidan inkestak argitaratzeko aukera izan nuen, duela hiru urte Aranzadik ‘Ziordiatik Uztarrotzeraino…’ izenburuko lanaren bidez egin zuena. Aranzadik, gainera, sarean jarri zuen lana, edonoren kontsultagarri.
Elkarrizketa:Mari Carmen Oiarbide. 2017ko abendua.