Lacorzanako aintziran bizi diren anfibioen habitata egokitzeko auzolan ekintzak antolatu ditu Aranzadik

Herpetologia

Astelehena, 2015eko apirilaren 20a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Munduko beste anfibio populazioekin alderatuta, Euskal Herriko anfibioen egoera ez da desberdina, akaso, okerragoa. Euskal Herrian dauden anfibio espezieen zerrendak 17 ordezkari ditu, eta horietarik ia heren bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Zerrendan barneratuta dago.


Zer egin liteke?


Egoera larri honen aurrean eragitea besterik ez da geratzen. Arazoa sortu duen eragile berbera (gizakia) izan behar baita konponbide. Horregatik apirilaren 25ean Lacorzanako aintziran bizi diren anfibioen habitata egokitzeko auzolan ekintza antolatuko da helburu bikoitz batekin: Lehenik Lacorzanako aintzirak erakusten duen aberastasuna ezagutzea eta bestalde habitataren egokitzapen lanak burutzea inguruko anfibioen mesedetan.

Auzolan Ekintza honetan parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharko du. Bi bide daude izena emateko, 943-466142 telefonora deitu daiteke edota email bat igor liteke jarraian adierazten den helbide elektronikora: idazkaritza@aranzadi.eus. Izen emateko epea apirilaren 24a (ostirala) 13:30tan Amaituko da.

Ikusi kartela