Laiak izango dira Etnografia Jardunaldietako bitxiak
Astelehena, 2023eko azaroaren 6a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
44. Etnografia Jardunaldiak
Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailak Etnografia Jardunaldiak antolatu ditu, 44. edizioan, San Telmo museoaren laguntzarekin. 2023ko ziklo hau hainbat gaiaren inguruan garatzen da: lehorreko harrizko eraikuntzak, Arabako abeltzaintzari buruzko ohiturak, Gipuzkoako mugarriak eta 60ko hamarkadako Altzako etxeak. Horrez gain, bitxi bihurtutako laien erakusketa txiki bat eta objektu etnografikoen tailer bat egongo dira. Jardunaldiak azaroaren 7tik 11ra bitartean izango dira, San Telmo Museoan.
Hitzaldi hauek Fermin Leizaola Aranzadiko etnografia saileko zuzendariak inauguratuko ditu azaroaren 7an. Hitzaldia Las construcciones de piedra en seco en Euskal Herria izango da eta, besteak beste, eraikin mota horren baldintzapenei, kupula faltsuei eta tumuluei, karoizko labeei, hitz egingo da.
Hitzaldi horietan Carlos Ortiz de Zaratek, apaiza eta etnografoa, ere parte hartuko du. Azaroaren 8an Costumbres, rituales y leyendas sobre la ganadería en Alava aurkeztuko du. Hitzaldi honetan behi, behor, txerri, ardi eta ahuntzen sinesmen herrikoi batzuei buruz hitz egingo da. Gure nagusien ohiturak ezagutuko ditugu.
Azaroaren 9an Yoseba Alonsoren txanda izango da eta Mugarriz mugarri en Gipuzkoa desde 1180 hitzaldia aurkeztuko du. Bertan, Gipuzkoako hiribilduen osaerari buruz hitz egingo da 1180tik 1383ra.
Azkenik, azaroaren 10ean hitzaldiei amaiera emateko, Altzako historia mintegiko eta etnografia saileko kideak bertan egongo dira. Aurkeztuko duten liburua: Ganbara bilduma: Altzako etxe batera bidaia 60ko hamarkadan, Aranzadi Etnografia Bildumaren laugarren alea da.
Hitzaldi guztiak San Telmo Museoan egingo dira arratsaldeko 19: 00etan. Sarrera librea eta doakoa da.
Erakusketa eta tailerra
Azaroaren 7tik 10era bitartean San Telmo Museoan Tradizioa soinean: laiekin eginiko bitxiak erakusketa ikusi ahal izango da. Bitxigintza zikloko ikasleek objektu etnografiko bat inspirazio hartuta bitxi bana sortu dute, kasu honetan laiak. Bitxiak eta laiak erakusgai egongo dira Etnografia Jardunaldiak iraun bitartean. Egitasmoa Bitxigintza Diseinuko Goi Mailako Zikloa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia sailen arteko kolaborazio bat izan da.
Eta jardunaldiei amaiera emateko, azaroaren 11n, larunbata, auzolanean tailerra izango da Aranzadiko laborategi etnografikoan, Bidebietan. Aranzadiko objektu etnografikoak landuko dituzte boluntarioek, garbiketa, piezen atonketa eta tratamendua egingo zaie. Beharrezkoa izango da etnografia@aranzadi.eus helbidean izena ematea.