
Landareen Euskal Germoplasma Bankuak, Polen Bankuei eta Ezohiko Espezieen Kontserbazioari buruzko Jardunaldietan parte hartu du

Botanika / Hazi bankua eta landare mehatxatuen kontserbazioa
Ostirala, 2025eko martxoaren 28a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Martxoaren 20an eta 21ean, polen-bankuei eta ezohiko espezieei buruzko jardunaldi aberasgarriak egin ziren Valentzian. Ekitaldi hori funtsezkoa izan zen landare kontserbazioaren arloko ezagutzak eta esperientziak trukatzeko.
Ana Garcia del Bao izan zen jardunaldietan. Bera Aranzadi Zientzia Elkarteko botanika saileko kidea da eta Landareen Euskal Germoplasma Euskal Bankuaren ordezkari joan zen. Jardunaldietan hainbat jakintza arloko profesionalak bildu ziren eta, saio teorikoak zein praktikoak egin ziren. Horri esker, partehartzaileek polena kontserbatzeko eta maneiatzeko tekniketan sakontzeko aukera izan zuten, polena biltzetik bankuan kontserbatu arte.
Polenaren laginketa egiten Valentziajo lorategi botanikoan. Polenaren prozesamendua eta garbiketarako teknikak.
Polenaren kontserbazioan aditua da Daniel Ballesteros, eta berak zuzendu zituen jardunaldiak. Bertan, dagoeneko nekazaritza eta basogintza sektoreetan erabiltzen diren teknikak balioan jarri zituzten, flora basatiaren kontserbazioan aplikatu ahal izateko. Ikastaroa espezie ezohikoetan zentratu zen, hau da, haziak biltegiratzeko metodo konbentzionalen bidez (deshidratazioa eta izoztea) epe luzera kontserbatu ezin diren espezieetan. Polenaren kontserbazioak teknika osagarria izan behar duen arren, aukera berriak eskaintzen ditu ezohiko espezieen eta aleen genetika kontserbatzeko.
Jardunaldi hauek funtsezkoak izan ziren landare biodibertsitatearen kontserbazioan, oinarrizko tresnak ematen baitituzte mehatxatuta dauden espezieak babesteko eta berreskuratzeko. Gainera, adituen arteko lankidetza sareak ezartzeko aukera ematen dute, baita esperientziak eta norberaren ezagutza trukatzeko.
Valentziako ekitaldia, zalantzarik gabe, ikasteko eta saretzerako gune bat izan da partehartzaileentzat, lan koordinatuaren garrantzia indartu du eta mehatxatutako flora basatiaren kontserbaziorako aukera berriak eskaini ditu.