Lehen aldiz, zantzu erromatarrak San Adrianen
Asteartea, 2016eko abuztuaren 2a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
2008az geroztik Aranzadi Zientzia Elkarteak, Gipuzkoa Foru Aldundia, Zegamako Udaletxea eta Araba eta Gipuzkoako Partzuergo Orokoarraren laguntzarekin, indusketa arkeologikoak burutu ditu bertan, eta igarobide estrategiko honen historia apurka-apurka azaleratu du. Euskal historiari buruzko datu esanguratsuak ezkutatzen baititu San Adrianek. Aurten, ezagutza guzti hori biltzeko erakusketa eta liburua aurkeztu genuen, eta jardunaldien bitartez gizarteratu.
Baina ikerketa ez da eten. Bi asteetan zehar estatu mailako unibertsitate ezberdineko ikasleak San Adrianen aritu dira lanean uda honetan ere, zehazki paleolito garaiko mailak iduskatzen eta ermita zaharraren gunean dauden Erdi Aroko eta erromatar garaiko mailak aztertzen. Aipatzekoa da duela 13.000 urte ingurutik XX. mendera arte giza presentzia eduki duen aztarnategiak gako bat zuela betetzeko: erromatar garaiko zantzurik ez zen orain arte aurkitu.
Zorionez, indusketa kanpaina honetan hutsunea betetzea lortu da: K.a. I. mendearen eta K.o. I. mendearen artean koka daitezkeen zeramika zatiak eta txanpon bat aurkitu baitituzte auzolanean dauden arkeologo gazteek. Materiala garbitu eta ikertu ostean jakingo da non ekoiztu ziren zeramikak eta txanponaren nondik-norakoak (hizkuntza, txanpon-etxea, balorea…). Erromatar aztarnez gain eta urtero legez, Madelein garaiko suharri, gezi-punta eta karraskagailuak aurkitu dituzte.