Lehen mundubiran euskaldunen presentzian murgilduko da “Elkanoren itsasorantzea” jaialdia

Astronomia

Astelehena, 2019eko irailaren 2a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Kultura-programazio honen xedea da ikusleak lehen mundubiran euskaldunek izan zuten parte-hartze ezagunaren testuinguru historikora hurbiltzea. Programazio horrek Elkanoren itsasoratzea jaialdiko gainerako ekintza ludiko eta parte-hartzaileak osatuko du. Egitarau horrekin oroituko du Getariak duela 500 urte egindako espedizioaren itsasoratzea, ondoren munduari emandako lehen birari amaiera eman ziona. Jarduerak irailaren 8tik 17ra gauzatuko dira, eta elkarrizketa historiko eta zientifikoak egingo dira diziplina ezberdinetako adituen eskutik, baita behaketa astronomiko bat ere, Aranzadiko Zientzia Elkartearekin. Getariako zenbait gizarte- eta kultura-eragilek, Getariako Udalak eta Elkano 500 Fundazioak diseinatu eta antolatu dute ekitaldiaren egitaraua.

Elkano 500 Fundazioko irizpideei jarraituz, kultura-programazio honek historia zientziarekin lotzera joko du, eta, ikuspuntu ezberdinetatik, lehen mundubirara hurbiltzea izango du xede. Horretarako, antolatzaileek filosofia, arkeologia edo astronomia bezalako diziplinetako adituen laguntza izango dute, besteak beste. Jarduera guztiak doakoak izango dira.

Programazioa irailaren 8an hasiko da, igandean. Behaketa astronomiko batek emango dio hasiera, San Anton mendian (Getariako arratoia), 21:00etatik 23:00etara. Virginia Garcíak, Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomoak, Elkanoren garaiko GPSra hurbilduko ditu bertaratzen diren guztiak, teleskopioen laguntzaz.

Horrez gain, dibulgaziozko hiru saio egingo dira, elkarrizketa formatuan gauzatuko direnak, modu dinamiko eta parte-hartzailean, ikusleak mundubirarekin erlazionatutako gai ezberdinetara hurbiltzeko.

Irailaren 10ean (asteartea), Amaia Rojo UPV/EHUko ikerlariak eta Elkano 500 Fundazioko aholkulari Daniel Zulaikak “Euskaldunak lehen mundubiran” gaiari helduko diote. Ostegunean, hilak 12, Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik eta Aitor Leniz historialari lekeitiarrak “Euskal Herriko kostako testuingurua Elkanoren garaian” gaiari buruz hitz egingo dute. Asteartean, hilak 17, Ekai Txapartegi UPV/EHUko filosofia irakaslearen eta Iosu Etxezarraga arkeologoaren “Itsasoko teknologiaren ezagutzatik, ezagutza zientifikora” gaiaren inguruko solasaldia izango da. Hiru mahai-inguruak Getariako kofradian izango dira, 19:30etan, 10 eta 12an euskaraz izango dira eta 17an gazteleraz eta denek itzultzaile zerbitzua izango dute.

Festa, ekitaldi instituzionala eta itsasoratze sinbolikoa
Irailaren 14ko eta 15eko asteburuan, Elkanoren Itsasoratzea jaialdiak kolektibo ezberdinei zuzendutako jarduerak izango ditu, hala nola familientzako tailerrak, gaztetxoentzako yinkana bat, herri-bazkaria arroza eta espezieak protagonista izango dituen lehiaketa gastronomiko batekin –arroza oinarrizko elikagai bat izan zen nabigatzaileen dietan; espezieak, aldiz, espedizioaren ondorio-, ipuin-kontalariak, uretako jolasak eta musika-animazioak. Gainera, herriko dendetako erakusleihoen lehiaketa bat egingo dute merkatariek, establezimenduak mundubirako herrialde ezberdinen antzera apainduz (Sevilla, Tenerife, Brasil, Txile, Argentina, Filipinak edo Cabo Verde, besteak beste).

Igande eguerdian ekitaldi ofizial bat egingo da eta, bertan, abiatu ziren itsasontzi eta tripulatzaileen jatorriko euskal herri ezberdinetako ordezkari instituzionalek parte hartuko dute, baita beren historia itsasoari lotuta duten herrietako ordezkariek ere, kostakoak zein barnekoak. Magallanes-Elkano espedizioan euskal jatorriko 31 tripulatzailek parte hartu zuten, armadako bost itsasontzitik hiru eraiki ziren euskal itsasertzeko ontzioletan, eta, gainera, euskaldunek zeregin garrantzitsua izan zuten bidaiaren prestaketan.

Adierazpen bat irakurri ondoren, itsasoratze sinboliko bat egingo da egun horretan Getarian bildutako itsasontziekin. Hala, Elkano eta bere itsasoratzeaz gain, mendeetan zehar Euskal Herria itsasoarekin lotu duen eta lotzen jarraitzen duen historia omenduko dute.

Mundubiraren ubera

Elkanoren Itsasoratzea Mundubiraren ubera’ programazio zabalaren lehen jarduera baino ez da izango. Horren barruan, Getariako Udalaren eta Fundazioaren arteko lankidetzatik sortutako ekimen guztiak bilduko dira, getariarren partaidetzarekin antolatu direnak, hemendik 2022. urtera arte.