Lezetxiki Euskal Herriko historiaurreko ikerkuntzaren mugarria

Arkeologia

Ostirala, 2016eko uztailaren 15a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Lortutako emaitza ezin hobeak eta indusketa gunearen etengabeko zabalkundeak, bai estratigrafikoki eta baita azalari dagokionez, landa lanak luzatu ditu 20 urteetan zehar, hasieran 3 edo 4 urteko lana suposatzen zirelarik.

Atzo koban egindako prentsaurrekoan Aranzadiko arkeologoek ondorio orokorrak aurkeztu zituzten. 55.000 ondare arkeologiko, 300 tona sedimentu, 5 kontinentetako 318 pertsona lanean, 4 doktore tesiak eta 7 lanean, 49 artikulu zientifiko (Journal of Human Evolution eta Nature aldizkarietan barne) eta 80 hitzaldi baino gehiago. Orain Lezetxikik geldialdi bat egingo du bere bidean 20 urte hauetan lortutako material eta ondorio guztiak prozesatzeko asmoz. 6 herrialde ezberdineko 40 adituez osatutako lantalde batek laborategiko datazioak egingo dituzte informazioa biribiltzeko.

Hala ere kobazulotik animalien hezur hondakinak berreskuratu dira (Jatuna, Leize-hartza, makakoa, errinozeroa, megalozeroa, leize-lehoia…) eta hezurrezko eta harrizko lanabesak. Eta ez hori bakarrik: Kobazuloa arkeologikoki bere potentziala handitu dezakeen sarrera berri bat aurkitu dute. Leizea Euskal Herri mailan erreferente bat da kronologikoki sekuentzia luzea duelarik ( 130.000tik 240.000 urte bitartean). Honez gain, kobazuloak arkeologiari bizitza eman dio eskualdean eta horri esker 6 urteetan beste kobazulo batzuk industu dira: Lezetxiki II, Oterreta I, Oterreta II, Artazu II, VII eta VIII.

Aurtengo kanpaina ekainaren 27tik uztailaren 16ra burutu da eta kobazuloaren ama-harriarekin egin dute topo. Harri honekin batera, barnea zeharkatzen zuen errekastoa eta albo batean aurkitu den 7 edo 8 metroko sarrera berria hobeki definitu dute, beraz aztarnategiaren landa lana momentuz etetea erabaki da.

Etorkizun laburrean, proiektuaren helburuak aztarna guztiak laborategian aztertu eta diziplina anitzetatik leizea deskribatzen duen monografia idaztea dira. Behin argitaratuta, ekintza plan berria planteatuko lirateke Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arrasateko Udalarekin elkarlanean.

Babesa lortzeko ibilbide luzea

1996 urtean Lezetxiki kontserbazioa arriskuan zegoen, lurraren jabetza pribatua basoaren ustiapena onartzen baitzuen eta abiadura handiko trenaren obrak abian zirelako. Hala eta guztiz ere, 2001ean, Arrasateko Udalaren babesa ezinbestekoa izan zen, lurrak erosi eta trena desbideratzeko helegitea aurrera atera baitzen. Honez gain, Aranzadik eta Gaztekutxak hiru urtez antolatutako auzolandegietan ondare arkeologikoa txukundu eta azpiegiturak bermatu ziren. Ondorioz, gaur egun eremu publiko honek ondare garrantzitsua du bere baitan eta puntu turistiko bilakatzeko osagaiak baditu.