Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien atalak Orkideazain proiektua jarri du martxan, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean
Orkidea gehienek, eta sarrien ikusi ditugunek, jatorria tropikoetan duten arren, gure lurraldean ere makina bat espezie dugu. Maiz, oharkabean pasatzen dira. Hala ere, adi egonez gero, beraien edertasunaz goza daiteke. Orchidaceae familiak 20.000 espezie eta 750 genero inguru barneratzen ditu mundu osoan eta hauetako 22 Euskal Herrian topa ditzakegu. Gehienak geofitoak dira, hau da, urteko garai luze bat igarotzen dute lur azpian eta loraketa garaian baino ezin dira ikusi.
Azken urteetan Donostiako orkideen presentzia nabaritu ahal izan dute donostiarrek eta, horregatik, hiritar guztientzako orkideen jarraipen programa jarri dugu martxan. Izan ere, hainbat herritar orkideen bueltan elkartzen hasi ziren, interes berak bultzatuta, eta Ophrys izeneko taldea osatu zuten. Talde honek urte osoan zehar orkideen jarraipena egin du hiriko hainbat txokotan eta behin-behineko Donostiako orkideen zerrenda bat lortu du. Talde honen helburua hauek babestu eta dibulgatzea da.
Zertan ari garen
Zentzu horretan, Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien atala, Aranzadi zientzia elkarteko botanika sailarekin elkarlanean, bere parke eta lorategien kudeaketa
orkideen presentziara doitzen hasi da. Horri esker, Ophrys taldeak hasitako bidea bermatu nahi da, epe luzeko jarraipen programa bat martxan jarriz.
Hainbat helburu lortu nahi dira programa honen bidez:
• Hiritarrek gertuko biodibertsitatearen kontzientzia hartzea orkideen bidez.
• Donostiako udalerrian aurkitu daitezkeen orkidea espezieak identifikatzea.
• Donostiako orkidea espezieen katalogo osoa egitea.
• Donostiako parke edo leku bakoitzerako orkidea espezieen inbentarioa egitea.
• Donostiako leku bakoitzeko espezie aberastasunaren arabera, orkideen jarraipenerako lursailak aukeratzea.
• Populazio erroldak egitea, haien presentzia zenbatzea eta populazio-dinamika ezagutzea, orkideen kontserbazio-egoera ebaluatu ahal izateko.
• Orkidea populazioen jarraipen fenologikoa egitea, haien bizi-zikloa ezagutzeko.
• Orkideen mesederako kudeaketarako irizpideak lortzea, orkidea aberastasuna eta kopurua kontuan hartuta.
Parte hartzeko aukera
Donostiako hiritar guztiek eta baita beste edonork ere jarraipen programan parte hartzeko aukera izango dute, betiere konpromiso jakin batzuk hartzen badituzte.
Parte-hartzaile bakoitzak laginketa lanean parte hartu ahal izango du, lursail zehatz bat eskatuz eta urtean gutxienez hiru bisita egiteko ardura hartuz. Bertaratutako
herritarrek ibilbide bat egin eta bertan dauden orkideak ezagutzeko aukera izango dute.
Datozen egunetarako bisita hauek antolatu ditugu:
• Bisiten lehen txanda:
- bisita: maiatzaren 5ean, 17:30ean, Santa Katalina plazan hasi eta Urdaneta kaleko Udalaren egoitzan amaituta. Gaztelaniaz izango da.
- bisita: maiatzaren 6an, 17:30ean, Zubimusu parkean hasi eta unibertsitateko aretoan amaituta. Euskaraz izango da.
• Bisiten bigarren txanda: maiatzaren 15etik 31ra (aurrerago jakinaraziko dira zehaztasunak).
• Bisiten hirugarren txanda: ekainaren 15etik 30era (aurrerago jakinaraziko dirazehaztasunak).
Bisita horietan egin beharrekoa espezieak identifikatu, ale kopurua zenbatu eta hauen egoera aztertzea izango da, bertaratuko direnen eskura utziko diren fitxak erabiliz. Parte hartu nahi duten pertsonek 943481060 zenbakira deitu beharko dute zalantzak argitu eta izena emateko.