Mosaiko ertz txiki bat aurkitu da Artziko terma erromatarretan

Arkeologia

Osteguna, 2020eko abuztuaren 27a — CEST

Irakurketa: 3 minutu


Aurreko urteetako kanpainetan eraikinaren erdian dagoen gelako indusketak gauzatu ziren eta berokuntza sistema osatuko zuen hipocaustumaren egitura dokumentatu zen. 2019an, ondoko gela batean, termak funtzionamenduan zeuden garaiko adreilutxozko zorua topatu zen. Aurten, termagunearen sarrera inguruan oinarritu da indusketa, hau da, hegoaldeko muturrean. Bertan, beste zoru leundu baten aztarnak topatu dira, baita ertzetako harrizko paretak babestuko lituzkeen morterozko jatorrizko gainazala ere. Horretaz gain, jatorrian egon zitekeen mosaiko baten ertz txiki bat ere berreskuratzeko aukera izan da, 22 tesela (edo harrizko pieza txikiz) osatutako zoruaren zatitxo bat, hain zuzen.



Hori horrela, aurtengo aurkikuntzek termen eraikinak izango zituen ezaugarriak eta haren erabilera hobe ulertzeko informazio baliagarria eskaini dute. Egiturez gain, animalia hezur, zeramika, eraikuntza material, zepa, iltze eta dozenaka material arkeologiko ere erregistratu dira eraikinaren barnealdean. Horiek guztiak aurreko kanpainetan erregistratuko jarduerekin lotuta daude, termak erabiltzeari utzi ostean eraikineko labeak metala erreduzitzeko labe funtzioa ere bete baitzuen. Beraz, erromatar aroan zehar hainbat mendez erabilitako gunea izan zela berretsi dute aztarnek.



Lan guzti hori gauzatzeko inguruko zein Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 10 boluntario bildu dira abuztuaren 18tik 28ra antolatu den indusketa arkeologikoko kanpainan.



Kanpainan lortutako emaitzak erakusteko doako bisita gidatu bat antolatuko da abuztuaren 29an Aranzadi Zientzia Elkartea eta Artzibarko Udalaren eskutik. Koronabirusak behartutako neurrien ondorioz, bertaratu nahi dutenek ezinbestean izena eman beharko dute honako telefono honetara deituta: 617108633. Bisitak elebitan izango dira, euskarakoa goizeko 11:00etan eta gaztelaniakoa 12:30etan. Bertaratu nahi dutenentzat hitzordua 15 minutu lehenago izango da, aztarnategitik metro gutxira dagoen Artziko jauregian.