Munoaundiko harresiaren sarbide nagusia aritu da ikertzen Aranzadi Zientzia Elkartea
Ostirala, 2017eko irailaren 29a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Aranzadiko Historiaurreko Arkeologia Saileko kide Antxoka Martinezen esanetan, Burdin Arokoa den Munoaundi herri harresitura heltzeko “sarbide bakarra identifikatu” dute oraingoz, baina uste dute inguruan “gehiago” badirela. Arkeologoak dio, iraileko bigarren hamabostaldian egin dituzten lan horien helburua, hain zuzen ere, “herria nola egituratuta dagoen ikertzea” izan dela. Martinezen esanetan, harresiaren lerroan, eten batean “modu oso estrategikoan” dago eraikita bi metroko zabalera duen sarbidea. “Hain zuzen ere, sarbide horren bi alboetara herria gotortzeko altxatako babes dorre bana ikertu ditugu. Arkeologoak adierazi duenez, dorre horiek zortzi metroko garaiera dute. Era berean, gaineratu du Munoaundik sei hektareako azalera duela, eta hura inguratzen duen harresia 500 metro luze dela.
Munoaundi babesten duen harresia eraikitzeko garai hartako bizilagunek kareharria eta flisch beltza erabili zituztela azaldu du Aranzadiko kideak, eta egindako ikerketekin jabetu dira garai hartako komunitateak “ezagutza sakonak” zituela erabilitako materialari eta arkitekturari dagokionean. Munoaundiko aztarnategiari monumentu izendapena aitortu zion Eusko Jaurlaritzak, eta Martinezek jakitera eman duenez, Aranzadi Zientzia Elkartearen asmoa da lanean jarraitzeko “babesa” aurkitzea: “Aurrera begira badugu zer egina. Ikertzen ari garen harresia ondo definitu eta garbitu nahi dugu, ondoren altxatzeko eta egonkortzeko. Modu horretan, bisita gidatuak egin ahal ditugu harresiaren sarbidera, jendeak hura ezagutu dezan”.
Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatu ditu indusketak, Azpeitiko zein Azkoitiko udalen nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Sidenorren eta Caixaren babesarekin.
Udako indusketetan, helburuak beteta
Bestalde, udan ohikoa bihurtu den legez, Munoaundi aztarnategian indusketak egiten aritu dira hainbat lagun. Indusketa ekinaldian, uztailaren 10etik 29ra, 22 lagun aritu dira lanean, batez beste; batez ere, arkeologia ikasleak, Euskal Herrikoak zein Espainiakoak. Martinezen esanetan, jarritako helburuak beteta amaitu zuten uda. Orduko hartan, bzii mailetan sakondu zuten, bestelako etxebizitza bat topatu zuten eta harresiaren ingurua hobeto ezagutu ahal izan dituzte.