Artikulu tematikoa
Nafarroatik Karibera: Itsas - triku baten itsas bidaia
Paleontologiaz edo fosiletaz hitz egitean jendeari burura etortzen zaizkion lehen irudiak dinosaurioenak dira. Baina hainbeste zirrara eragin ez arren, badira beste animalia talde (filum) eta fosil interesgarri batzuk ere. Horietako bat ekinodermoena dugu eta azken urtean honi loturiko mundu mailako aurkikuntza bat burutu da, Habanaster itzae itsas-trikuarena, non eta Nafarroako lurretan!
Askok pentsa dezakete aurkikuntza hau paleontologo profesionalek egindako ikerketen ondorioa dela, baina gertaera hau, ustekabeko aurkikuntza batekin eta paleontologia-zale talde baten interes eta jakin-minarekin hasi zen. Esan beharra dago hau ez dela paleontologia-zaleek egiten duten lehen aurkikuntza eta ez dela azkena ere izango, izan ere, asko dira kultura eta interes zientifikoa duten zaleak, ez soilik kolekzionismo hutsarena, eta beraien aisialdiaren zati handi bat fosilen bilaketa eta ikerketari eskeintzen diotenak. Hala ere, ezinbestekoa da profesionalekin (geologo zein paleontologo) lankidetzan jardutea, izan ere, orokorrean eta salbuespenak salbuespen, paleontologia-zaleek landa ezagutza zabala izan arren, sarritan ezagutza zientifiko eta metodologikoan gabeziak izanda, laguntza behar izaten dute. Zailtasun horren aurrean ezinbestekoa da profesionalekin lankidetzan jardutea, esperientzia eta ezagutza konpartituz.
Beraz, zaletuen eta profesionalen arteko lankidetza beharrezkoa da, izan ere, hau ez delako lehiaketa bat eta elkarlan edo sinergia honi esker gizarteari eta zientziari ekarpen ugariagoak eta handiagoak egitea posible izango da.
Ekinoideo edo itsas-trikuak
Baina zer dira itsas-trikuak edo ekinoideoak? Ekinomdermoen filumeko klase bat da. Karbonatozko plaka txikiz osaturiko oskola eta globulu edo disko itxura duten ornogabeak dira eta gorputzean zehar banaturik konkor txiki batzuk dituzte agerian, non arantza edo erradiola lotzen zaion.
Hontza Museoa (Mañaria, Bizkaia)
Itsas trikuak bi taldetan banatzen dira: erregularrak eta irregularrak. Gaur egun 1000 espezie bizi baino gehiagoz osaturiko taldea da eta erregistro fosilean ezagutzen diren lehen itsas-triku fosilak Ordoviziar garaikoak dira, hots, duela 495-440 milioi urte bitartekoak. Ornogabe hauen erregistro fosila oso ugaria da, izan ere, duela 250-205 milioi urte bitartean, hau da, Triasikoan zehar, teka terminoaz ezagutzen den karbonatozko plakaz osaturiko egitura edo oskola garatu zuten. Honen onura zera da: oskol gogorra garatzea, eta ondorioz, organismoa hiltzean sedimentuekin batera oskola kontserbatzeko aukera askoz handiagoa dela, beraz, fosilizatzeko aukera gehiago ditu eta horri esker gaur egunera arte ekinoideoen 1200 genero fosil inguru identifikatu ahal izan dira.
Hontza Museoa (Mañaria, Bizkaia)
Itsas-trikuek orohar egitura antzekoa badute ere, genero edo espezie bakoitzak baditu bere egokitzapenak ekosistema desberdinetara moldatzeko eta ondorioz, sakonera txikietatik (itsas-mailatik) ingurune batialerainoko (2000 metro baino gehiagoko sakonerako) guneak kolonizatu dituzte. Orohar, itsas-triku erregularrak itsas-arrezifeetan eta kosta inguru arrokatsuetan bizi dira, itsas-triku irregularrak harea eta lohi inguruneetan bizitzea nahiago duten bitartean. Bai mota batekoak zein bestekoak, arantzei eraginez mugitzen dira ingurune horietan.
Ekinoideo fosilak eta Hanabaster itzae
Hala ere, itsas-triku ale osoak aurkitzea eta hauek egoera onean egotea ez da ohikoena izaten. Normalean hauen arantzak edo zatiak kontserbatzen dira eta osorik egon ezkero, fosilizazio prozesuaren edo prozesu geologikoen eraginez, askotan deformazioak edota zati baten galera ohikoa izaten da.
Erradiolak ezkerrean eta Phalacrocidaris itsas-triku erregularraren zati bat eskuinean.
Habanaster itzae ekinoideo edo itsas-triku espezie berri honen aleek 7 eta 15 mm arteko luzera dute, borobilduak dira eta euren ezaugarri deigarrienetariko bat, bi edo hiru gonoporo izan ditzaketela da. Esan, gonoporoak itsas-trikuen ugalketa aparatuaren parte direla.
Ezkerreko aleak hiru gonoporo ditu oskolean, eta eskuinekoak, berriz, bi gonoporo.
Habanaster generoa 1924 urtean definitu zuen J.M. Lambert zientzialariak eta Kuban bakarrik aurkitu den Habanaster sanchezi espezieak soilik osatzen zuen generoa. Iraganean esaten dugu, Habanaster generoko beste espezie bat aurkitu delako orain dela gutxi: Nafar lurretan Habanaster itzae izen zientifikoz definituriko espezie berriarena hain zuzen. Esan beharra dago generoaren izena Lambertek eman bazion ere, espezie berri onen izenak fosila aurkitu den herriari egiten diola omenaldia: Nafarroako Itza udalerria. Beraz, mundu mailan genero honek barneratzen dituen bi espezie daude eta bat, hain zuzen ere Nafarroan aurkitu eta izendatu da. Ez da gutxi!
Nafarroako Itza udalerrian aurkitutako Habanaster itzae nov. sp alea
Ekinoideo espezie honen habitata duela 64-40 milioi urte itsas sakon bat zen, gerora Nafarroako lurrak izango zirenak. Itsaspeko ezpondan eta bera bukatzen den lautada abisalean zuen bere bizilekua.
Habanaster itzae itsas-trikuaren habitataren berreraikuntzaren proposamena.
Habanaster itzae espeziaren aurkikuntzak genero honen ulermenean iraultza bat suposatu du. Nafarroako aurkikuntza hau eman arte, Habanaster generoa Karibeko espezie endemikotzat kontsideratzen zen, beste inon bizi ez zena, eta orain berriz, ia 100 urte geroago, Eozeno garaian (64-40 milioi urte) zegoen Ipar Atlantikoko adar baten itsaso tropikaletara zabaldu daiteke bere habitata, hau da, gaur egungo Nafarroako lurretaraino. Hori gutxi ez eta datazio berrien arabera Habanaster itzae erdi-Eozenokoa dela (Luteziarra; 48,6-40,4 milioi urte) eta Habanaster sanchezi espeziea goi-Eozenokoa (Priaboniarra; 37,2-33,9 milioi urte) dela argitzeak hipotesi berri bat planteatzea ekarri du: Habanaster generoa europar kostaldean sortu eta garatu zela lehenik eta ondoren Karibera hedatu zenaren hipotesia mahaigaineratzen du.
Hortaz, paleontologiak erakusten digu, izan zirela gu baino lehen Nafarroatik Kariberanzko bidaia egiten zutenak.