Oiangu Natur Eskola 2022ko udaberria
Botanika / Ingurumen hezkuntza
Ostirala, 2022eko apirilaren 8a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Aurtengoa Oiangu Natur Eskolaren seigarren ikasturtea dugu. 2017an jaio zen proiektu hau ez du pandemiako urte gogorrenak ere gelditu. Ordiziako Udalak finantzatzen duen ekimen hau urtetik urtera ikasle, irakasle eta hezitzaileen bihotzean sustraitzen joan da.
Guztira, Ordiziako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 500 haur inguruk parte hartzen dute. Apirilean hasi eta ekaina hasiera arte gelaz gela Oiangura etortzen dira eta bertan egun oso bat pasatzen dute Aranzadi Zientzi Elkarteko hezitzaileekin.
Aurten gainera Oiangu Natur Eskolak Oihana Unanuerekin kolaboratuko du. Oihana, txikitatik sagarrondoen inguruko esperientzia duenak, sagarraren kulturarekiko duen pasioa elkarbanatuko du haurrekin. Era horretara, natura eta kultura uztartutzeaz gain elikadura burujabetzarako bidea jorratuko da.
Oiangu Natur Eskolakoak ez dira egun pasa soilak. Egitasmo honek baso-eskolen metodologiatik edaten du. Egun hasieratik bukaera arte komunikazioan arreta handia jartzen duen proiektua da, bai arauak transmititzeko garaian zein haurren motibazioa eta autoestimua sustatzeko garaian. Haur, irakasle eta hezitzaileok, oinez igotzen gara Oiangura. Oinezko bidea aukera paregabea da egunean zehar landuko diren gaiak aipatzen hasi eta ikasleak motibatzen hasteko; landareak, animaliak, naturako formak… Jolas libreari garrantzi handia ematen zaio, eta bestelako baliabiderik eskaini gabe (baloiak kasu) naturan eta naturarekin jolasten dute Oiangun. Hezitzaileekin egiten dituzten ekintzak talde lanean burutzeko erronka txiki modura planteatzen dira. Horietarako beharrezko materiala minimora murrizten da eta naturarekin hartu eman zuzena dago beti; behatuz, ukituz, usainduz…. Taldeak eta pertsonak anitzak dira, beraz, hezitzaileok, taldera moldatzeko eta inprobisaziorako prest gaude ezinbestean.
Egiteko modu honen oinarrian haurrak naturan esperientzia positibo bat izatea da, ondo pasatzea alegia. Eta bide batez, bizipen hau, konpetentzia eta kontzeptu kurrikularrak ikasteko baliatzen da. Izan ere, esperientzia positiboak ikasketa prozesuan laguntzen duela jakina da. Pedagogia berdeari jarraituz, metodologia honek bertako inguru naturala ezagutzen, bertan kokatzen, ingurua maitatzen eta ondorioz errespetatzen lagunduko die haurrei. Naturari bizkarra ematen bizi garen garaia hauetan, gizartearen ezinbesteko ardura den honi heltzen dio Oiangu Natur Eskolak.